Kontxako Bandera

Kontxako argiak badu itzala

Kontxako Banderan lehiatzeko sailkatzeagatik pozik daude Cabo da Cruz klubean. Donostian lehiatu ahal izatea, ordea, geroz eta garestiagoa da Galiziako arraun elkarteentzat. Are gehiago gizonezkoen eta emakumezkoen taldeekin lehiatzen diren taldeentzat.

Cabo da Cruzeko arraunlariak Donostiako Kaian bilduta. GOTZON ARANBURU / FOKU
Cabo da Cruzeko arraunlariak Donostiako Kaian bilduta. GOTZON ARANBURU / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko irailaren 5a
05:05
Entzun

Izarren arteko lehia da Kontxako Bandera, denboraldiko estropadarik garrantzitsuena askorentzat. Dena da distira, dena da kolorea —geroz eta gutxiago—, dena da ospea, eta dena da festa. Argiak, ordea, itzala izaten du lagun, gehienetan. Dena ez da izaten dirudien bezain polita, eta hori ederki daki Cabo da Cruz Galiziako taldeak. Kontxan egotea poz nabarmena da klubarentzat, eta zer esanik ez arraunlarientzat. Baina klubak egin behar duen gastua ez da nolanahikoa.

Cabo da Cruz, Tiran eta Chapela dira Galiziatik datozen taldeen artean gizonezkoen eta emakumezkoen traineruarekin parte hartzen duten bakarrak. Cabori dagokionez, gizonezkoen traineruak sailkapen estropada biribila egin zuen, eta Kontxako bi igandeetan lehiatuko da hogei urtean hamargarren aldiz. Emakumezkoetan, berriz, Chapela da galiziarren ordezkaria, Cabok ez baitzuen sailkatzea lortu. Poza hartu zuen Luis Piñeiro Cabo da Cruz taldeko presidenteak batzuengatik, eta tristura besteengatik. Sentimenduak erakusteko, ordea, tarte gutxi izan zuen. Lanean buru-belarri jarri behar izan du klubak beste urtebetez Kontxan ahalik eta modurik egokienean lehiatu ahal izateko.

Piñeirok argi utzi du oso gogoko dutela Kontxan aritzea: «Guri asko gustatzen zaigu Kontxa, lehiaketan dagoen mailagatik. Azken finean, zerbaitegatik deitzen diote arraunaren Txapeldunen Liga. Eta Kontxari ere interesatzen zaio Euskal Herritik kanpoko taldeak etortzea, noski. Pozik gaude gutxienez mutilekin sartu izanagatik». Hala ere, zorrotz aritu da batzuen eta besteen gastuen artean dagoen desberdintasunagatik: «Kontxan talde guztiak ez dira modu berean neurtzen. Guk askoz diru gehiago ordaintzen dugu, eta gero eta handiagoa da arazoa». 

Caboren kasuan, gainera, bikoitza da gastua, mutilekin eta neskekin joaten baitira Kontxara. «Neskak asteazkenean etorri behar dute ostegunean lehiatzeko. Baina sartu ez zirenez, ostiralean badoaz. Baina sailkatu izan balira, Donostian geratu behar dute igandera arte». Mutilekin are handiagoa da gastua, sailkatu egin baitira: «Asteartean hemen egon behar dute asteazkenean lehiatu ahal izateko, eta igandera arte hemen egon dira. Aurten ez ditugu kontuak egin, baina, iazko datuen arabera, bi taldeak Kontxarako sailkatu izan balira, gastua 30.000 eurokoa zen. Talde bakarrarekin gastua 20.000 euro ingurukoa zen. Baina hori guztia furgoneten alokairua, autobideko ordainlekuak eta abar kontuan hartu gabe, noski».

(ID_17254419613835) CABO NESKAK 2
Caboko arraunlariak artxiboko irudi batean. AITOR ARRIZABALAGA / EUSKOTREN LIGA

Izan ere, Euskotren eta Eusko Label ligetan parte hartzeko zenbait laguntza jasotzen dituzte Galiziako traineruek. Galiziako Xuntak, eta bakoitzaren diputazioak eta udalak emanak. Kontxan parte hartzeko, ordea, ez dute laguntzarik jasotzen.

Eskaera Udalari

Hori ikusita, txosten bat bidali zion Cabok Donostiako Udalari «laguntza ekonomiko posibleren bat edo egutegi aldaketa bat» proposatzeko: «Uste dut sailkatze proba ostegunean eta ostiralean egin daitekeela. Guretzat egokiena ostiralean eta larunbatean jokatzea da, baina ulertzen dut ia ezinezkoa dela. Eta gero formularen bat bilatu beharko litzateke udalak hotelen batekin akordioren bat lortu ahal izateko eta, horrela, prezioa herrikoia izateko. Bestela, beraiek mugitu beharrean, Donostiako Udalak pizgarri ekonomiko bat izan dezala eskatu dugu honaino etorri ahal izateko. Laguntza bat parte hartzen dutenentzat, eta beste bat bi asteburuetarako sailkatzen direnentzat». Oraindik, ordea, ez diete erantzun. «Azken finean, helburua uda garaian hiririk garestienetako batean hainbeste egunez egon beharrik ez izatea da», gaineratu du Piñeirok.

Gastuez gain, arraunlarien egoera ere ez da erraza. Ohituta daude jada denboraldian zehar esfortzuak egitera. Baina Kontxan egoteko egin beharreko esfortzua are handiagoa da. Hala azaldu du Galiziako gorrien presidenteak: «Donostiako egonaldia laburtzeko premia handia dugu. Ez gastuagatik bakarrik, arraunlariek egun libreak eskatu behar dituztelako baizik. Oporrak eska ditzakete, baina udan lan batzuek goia jotzen dute, eta eskaera horri erantzun behar diete. Benigno Lojok eta Nicolas Boubetak sailkatze estropadaren ondoren itzuli behar izan zuten, eta goizeko hiruretan iritsi ziren hurrengo egunean lanera joateko [Boubeta lehiarako itzuli zen igandean]. Eta denek ezin dute hori egin». Arraunlari bakoitzaren kasua, ordea, oso desberdina da. Batzuek ez daukate arazorik iristeko. Baina horretarako egin beharreko esfortzua oso handia da: «Batzuk presaka ateratzen dira lanetik, eta, holakoetan, lanetik ateratzen direnean Gijonera joaten dira. Gero beste pertsona batek Donostiatik Gijonera joan behar du haien bila, berriro Donostiara ekartzeko, noski. Eta estropada amaitzean, alderantziz. Gijonera eramaten dituzte atseden hartzera, eta hurrengo goizean zuzenean joaten dira lanera».

Horregatik, Galiziako kluben eta arraunlarien hobe beharrez, haien eskakizunak kontuan har ditzatela eskatu du Piñeirok: «Arraunari eta arraunlariei zor gatzaizkie. Klubean gastu hori aurrekontuetan onartuta dago, eta arraunlariek atseden gutxiago hartuko dutela onartzen dute. Baina gauza bat da onartzea, eta beste bat eramangarriagoa izateko erraztasunik ez ematea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.