Futbola

Isila, langilea eta kikiltzen ez dena

Denboraldi hasiera paregabea egiten ari da Jon Mikel Aramburu. 22 urte eskas izan arren, hura da Realaren defentsako eskuin hegalaren jabe. Aitor Zulaikak hura entrenatu zuen Real Unionen. Haren «kasta» nabarmendu du.

Jon Mikel Aramburu. JAVI COLMENERO / EFE
Jon Mikel Aramburu, baloiarekin, Atletico Madrilen aurkako partidan. JAVI COLMENERO / EFE
inigo lasa fresneda
2024ko urriaren 27a
05:05
Entzun

Futbolean aukerak gutxien espero direnean iristen dira. Askotan, zoritxarrez, taldekideren baten lesioak bide ematen dio azken pausoa egiteari. Ez da erraza, askok ez baitute horrelako egoera batek sortzen duen guztia kudeatzen lortzen. Egun, zarata handia dago futbolean eta haren inguruan, baina Jon Mikel Aramburu (Caracas, 2002) ahoa ireki gabe ari da ozen hitz egiten zelaian.

«Isila eta langilea». Hala deskribatu du Aramburu Aitor Zulaika Sporting B taldeko entrenatzaileak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1978). Zulaikak futbolari venezuelarra zuzendu zuen 2022-2023 denboraldian. Realarekin pare bat txapelketa jokatutakoa bazen ere, Aramburuk Euskal Herrian jokatu zuen estreinako sasoi osoa Irungo (Gipuzkoa) taldean egin zuen, azpeitiarraren aginduetara.

Venezuelarrak harrituta utzi zuen Zulaika hasieratik: «Denboraldiaurreko ezustekoa izan zen, onena. Iritsi eta titular jokatzen hasi zen, esperientzia eta ibilbide handiko jokalariak aulkian utzita». Defentsaren bi hegaletan, eta, lesioak hala behartuta, euskarri lanetan ere aritu zen. «Euskarrian ere ederki asmo moldatu zen», azaldu du entrenatzaileak.

Izaera aldetik, ia oharkabean pasatzen den horietakoa da. Jaiotzez venezuelarra da, baina izen-deiturek argi uzten dute euskal jatorria duela. Aitaren aldetik familia Euskal Herrikoa du. Jokalariaren eta familiaren jarrera goraipatu ditu Zulaikak: «Oso jatorrak eta esker onekoak dira. Jon Mikelek eta gurasoek sekulako umiltasuna dute, eta lanerako grin ikaragarria. Eredu da gaur egungo gazteentzat, askok aurreikuspen arazo handiak baitituzte».

Urteen poderioz, jokalariek gora egin ohi dute, bereziki defentsa lanetan aritzen direnak, eskarmentua tarteko. Halere, antzeko estiloa dute euren ibilbide osoan. Zulaikak hasieratik atzeman zion Arambururi «defentsarako DNA» zuela: «Orain ikusten ari garen Jon Mikel ikusten genuen guk Galen: atzelari bikaina, jokaldi defentsiboak ospatzen dituen horietakoa. Lan horietan gozatu egiten zuela antzematen zen, eta orain ere gisa horretako jokalaria da». Hegalekoak daukan «kasta» esandakoarekin bat dator: «Daukan kastak atentzioa eman zigun. Zelaian ohorea duen jokalaria da. Teknikoki ez da txarra, baina guk gehien nabarmendu genuen ezaugarria hori izan zen: kasta handia zuela».

«Jon Mikel eredu da gaur egungo gazteentzat, askok aurreikuspen arazo handiak baitituzte»

AITOR ZULAIKAJon Mikel Arambururen entrenatzaile ohia

Aramburu ez da aurkariaren aurrean kikiltzen den horietakoa. Bere ibilbide laburrean, Messiri, Mbapperi, Lamine Yamali, Viniciusi eta beste hainbat izar treberi egin behar izan die aurre. «Plazagizona da. Hazi egiten da futbol zelai barruan; egoerak ez du jaten». Venezuelako La Guaira taldean 17 urterekin egin zuen debuta, eta ordutik —Reala B-n aritu zen denbora apurra kenduta— bera baino helduagoekin ari da jokatzen. Horrek, hein batean, «hazten lagundu» diola dio teknikari azpeitiarrak. Baina argi du: «Jokalari bera da bere izaeraren eta ezaugarrien arduradun nagusia».

Teknikoki ona

Defentsako lanetan nabarmentzen bada ere, trebea da baloiarekin; «dirudien baino hobea», nabarmendu du Zulaikak: «Esfortzuak eta indarrak pisu handiago dutenez bere jokatzeko eran, badirudi teknikoki ez dela hain jokalari ona. Bi hegaletatik joka dezake, ondo menperatzen baititu bai eskuina eta bai ezkerra. Ikusteko ez da oso ikusgarria, baina ez da kamutsa». Horren erakusle da Reala bezalako puntako talde batean ari dela: «Europan ari da Reala, hau da, koska bat gorago dago orain dela urte batzuetako taldeekin alderatuz. Onenekin jokatzeko kasta bakarrik ez da nahikoa, teknikoki ere aberatsa izan beharra daukazu».

Bere zelai erdian egiten duenarengatik da ezaguna, baina aurkarienean ere zeresana emateko gai dela dio: «Gora igotzeko orduan ere oso eraginkorra da. Ez da beste batzuk bezala partidako 50 aldiz igotzen, baina oso ondo aukeratzen du noiz gora egin. Oso ondo erdiratzen du baloia, eta, horri esker, gol bat baino gehiago sartu genituen Real Unionen ari ginenean».

Baina bada oraindik ikusi ez den Arambururen alderdi bat: errematatzailea da. «Estrategiako jokaldietan, oso altua ez izan arren, oso errematatzaile ona da. Galen bizpahiru gol sartu zituen buruz, bere burua lurrera botata. Geldikako jokaldietan oso ondo moldatzen da. Badakit hori ere egiten ikusiko dugula».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.