Urdaibaiko arraunlaria

Jon Unanue: «Irabazteak ematen digun sentipenaz ez gara nekatzen»

Nagusitasunez irabazi du Urdaibaik bere palmareseko zortzigarren Kontxako Bandera. Horietako sei lortu ditu Jon Unanue arraunlariak, eta hirugarrena dauka jarraian.

(ID_14237844) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-09-08, Donostia. Arauna
Jon Unanue, pasa den igandean Donostiako portuko arrapalan, Kontxako Bandera ospatzen. JON URBE / FOKU
pettan uralde
2024ko irailaren 9a
18:20
Entzun

Kontxako Banderak ematen duen poztasunean murgilduta, bete-beteko zoriona sentitzen du Jon Unanue arraunlariak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1988). Banderak altxatzera ohituta dago, baina azkoitiarrak ez du galdu garaipenek ematen duten ilusioa; hala ere, aitortu du «zama handia» ere baduela gainean. Ezin dio gehiago eskatu arraunari, eta «oraingoaz gozatu» nahi duela berretsi du.

 
Seigarren aldiz altxatu duzu Kontxako Bandera. Zer sentitu zenuen igandean?

Zoriontasuna sentitzen dut. Beti bizitzen dut berdin bandera hau irabazten dudanean, eta sekulako poza ematen dit. Irabazteak ematen digun sentsazio honetaz ez gara nekatzen, sekulakoa da. Kontxako Bandera irabaztea beti da oso pozgarria.

Lehen igandean sekulako denbora egin zenuten, baina bigarrenean ere dena eman zenuten. Presiopean hazi egiten zarete?

Lehen igandean, Zierbena lehen txandan izan genuen, eta ez genekien zenbat estutu beharko genuen haien aurretik geratzeko. Guztiz hustu ginen lehen jardunaldian, eta, atzo ere denbora ona egin genuen arren, ez zuen zerikusirik izan lehen igandekoarekin. Bigarren igandean baten batek gu garaitzeko esperantzak bazituen, atea itxi behar genien, eta bigarren luzean puskatu genuen estropada.

Aurreko urtekoak denboraldi ezin hobea zirudien, baina dagoneko esan dezakegu denboraldi errepikagaitza osatu duzuela. Kirolari gisa, asetzen zaitu horrelako sasoi biribil bat osatzeak?

Betiko erronka da hori. Kirol munduan topikotzat daukagu estropadaz estropada joate hori, eta aurreko urtekoa hobetzea. Horri heldu diogu, baina langa oso goian jarri dugu dagoeneko. Irabazteko gose hori aseezina da; bestela, etxean geratuko ginateke.

Langa oso goian jarri duzue, eta Kontxan emandako erakustaldia ere luzaroan gogoratuko da. Hurrengo urtetik aurrera harrobiko arraunlarien harira indarrean jarriko den arau berriarekin, oraindik ere zailagoa izango da horrelako erakustaldi bat ikustea?

Erabat zailduko da hori. Arraun talde bakoitzak ahal duen hobekien moldatu beharko du araudi berrira. Guztiok ahalegin handiena egiten dugu gazteak aurrera ateratzeko, eta aurreko urteetan harrobian eginiko lana aurrerantzean ikusten hasiko gara. Gazteak zaindu eta gogortu behar dira; bestela, ez da erreleborik egongo arraunerako.

Goi mailako arraunaren kalitatea okertu egingo al da?

Gero eta denbora motelagoak ikusiko ditugu. Gazte gehienek ez dituzte egin nahi arraunak exijitzen dituen sakrifizioak, eta, gazte gutxi badauzkagu harrobietan, oso zaila izango da goi mailako traineruetan lerrokatzea.

Gogoratu behar da Kontxako Banderan ez duela indarrik izango arau horrek. Orain arte ez da harrobiko arraunlarien gutxieneko kopururik lerrokatu behar izan Kontxan, eta ez da inoiz polemikarik sortu, ez?

Gurean ez dago ia aldaketarik ligako eta Kontxako Banderako eskifaietan. Kontxan ez dago kupo minimorik, ezta ekaineko txapelketetan ere, eta hor ikusten da benetako kirol maila. Arraun taldeek, egin ditzaketen denbora onenak lortzeko, ahalik eta traineru indartsuena ateratzen dute, eta hor ikusten da bakoitzaren ahalmena. Ez zaizkio buelta gehiago eman behar.

Arrauna benetan bizi duzula igartzen da, baina dagoeneko beteranoa zara, eta hamabi urte egin dituzu goi mailan. Nondik ateratzen duzu lehiatzen jarraitzeko gosea?

Gose bukaezina daukat. Baina ez dut gezurrik esango, urte asko dira goi mailan, eta nekea hor dago. Kirol honetatik jaso dezakedan guztia jaso dut, eta orain ez dakit zer falta zaidan lortzeko. Irabazteaz ez naiz nekatzen, baina astuna egiten ari zait. Urte osoa galdera honen bueltan eman dut, eta dilema handia daukat. Benetan asko gustatzen zait arrauna, baina egunen batean utzi egin beharko dut. Gaizki pasatuko dut, ziur.

Denboraldiek sortzen dizuten higaduraz ari zara?

Halaxe da. Bi sentipen kontrajarri dauzkat. Alde batetik, sekulako poza ematen dit horrelako denboraldi bat osatzeak, baina beste alde batetik triste sentitzen naiz. Barne borroka horrek higadura handia eragin dit, sakrifizio oso handia baita erritmo honetan lehiatzea, eta bizitza erabat bideratzen baituzu arraunera. Negua oso gogorra egiten zait, eta geroz eta luzeagoa. Zama handia dut gainean.

Denboraldia ongi amaitu eta atsedena hartu beharrean zaude, ezta?

Ahalik eta hobekien bukatzen saiatuko gara, eta, diozun moduan, gero atseden hartzeko garaia izango da. Batez ere buruak hartu behar du atsedenaldia, hor sufritzen baitut gehien. Larunbat eta igande pilo bat dira jarraian, zereginean erne eta tinko, eta gorputzak baino gehiago buruak jasaten du zama.

Gutxienez baduzu arrazoi handi bat azken asteburuan dena emateko: Eusko Label ligako banderen errekorra.

Oso zaila izango da azkeneko asteburuan bi bandera irabaztea, baina zergatitik ez. Bi eremu zail dira, baina beste helburu bat da, eta horren bila goaz. Liga historikoa izan da, talde historikoa izan gara, eta oraingoaz gozatu egingo dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.