Baikoko pilotaria

Iñaki Artola: «Orain, motibazioa da jendearen babesa izatea, eta ez zama»

Profesionaletan hamarkada bat beteko du bihar Artolak, eta, atzera begira jarrita, kirolaren bi aldeak ezagutu dituela uste du. Lesioek ez diote utzi jarraitutasunik izaten, baina une politak ere bizi izan ditu: jendearen maitasun handia sentitzen du.

IÑAKI ARTOLA. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iñaki Artola. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon eskudero
2024ko ekainaren 27a
05:00
Entzun

Profesional mailako debuta egin zuela bihar beteko ditu hamar urte Iñaki Artolak (Alegia, Gipuzkoa, 1994). Hamarkada gorabeheratsua bizi izan du, momentu onak izan arren, lesioak etsai izan baititu sarritan. Hain egun seinalatua ezin izango du nahi bezala biribildu, ezker hankako soleoko lesio baten erruz, bihar ez baitu jokatuko Jon Ander Peñaren kontra Nafarroako lau eta erdikoko partida.

Lehenik eta behin, zer moduz zaude?

Pena izugarriarekin. Azken bolada oso ona neraman, eta txapelketa eder bat jokatzeko ilusioz eta konfiantzaz nengoen. Denbora luzea neraman inolako geldialdirik gabe, eta lesioa orain tokatzea zoritxar galanta da. Partida Alegian zela jakinda, gainera, min bikoitza daukat, baina ez dago atzera-bueltarik. Ziur aukera hau galdu arren beste ateren bat zabalduko dela etorkizunean eta herrian jokatuko dugula jaialdiren bat. Orain errekuperazio lanean zentratu behar dut, azkar osatu eta uda sasoira indartsu heltzeko. Mastersa jokatzeko sasoiko jarri nahi nuke, eta burua horretara bideratuta daukat.

Hamar urte profesionaletan, erraz esaten da. Debuteko oroitzapenak nolakoak dituzu?

Ez oso onak, egia esan. Ez zen izan profesionaletako egunik politena. Gogoan dut debutaren aurreko astean enpresako pilotari guztiok kontzentrazio batean bildu ginela eta gaixotu egin nintzela. Sukarrarekin ohe aldetik ibili nintzen, eta erdi gaixo heldu nintzen debutera. Baina halako partida garrantzitsua ez zegoen jokatu gabe uzterik! Jokatu nuen, baina pilotan gehiegi gozatu gabe. Hori bai, gauza handia izan zen Tolosako Beotibar hain betea ikustea eta nire ingurukoen babesa izatea.

Albisuk eta zuk 22-16 galdu zenuten Berasaluze II.aren eta Beginoren aurka. Gogoan al duzu zer egin zenuen profesional mailako lehen sakean?

Bai, bideoan grabatuta dago, eta kuadrillakoek behin baino gehiagotan gogorarazi didate. Afizionatu mailan ohitura genuen sakea lautik laura egiteko, baina inork ez zigun esan profesionaletan lau eta erdian egin behar zenik botea. Nik lautik egin nuen sakea, eta tantoa guk egin genuen gainera. Atzerako bidean Albisuk hala esan zidan: «Hi, hurrengo sakea lau eta erditik egin ezak!».

«Denbora luzea neraman inolako geldialdirik gabe, eta justu orain min hartzea zoritxar galanta da. Masterserako jarri nahi dut sasoian»

Zuk handia egin zenuen, eta epaileak, are handiagoa, sakea ontzat emanda.

Egia da, eta gerora epaile horrek esan zidan harrituta geratu zela egin nuenarekin, baina ez zuela garaiz erreakzionatu, ezin zuelako sinetsi zer egin nuen. Errukia sentiaraziko nion.

Hasiera indartsua izan zenuen, emaitzak azkar etorri baitziren. Debuta egin eta hilabete gutxira, Bigarren Mailako lau eta erdiko txapeldun izan zinen, Altuna III.a 22-8 garaituta. Espero al zenuen halakorik?

Ez, eta esango nuke egun batetik bestera gertatu zela guztia. Ikusmin handia piztu zuen final hark, eta oso egun politak izan ziren. Ia Bigarren Mailako partidak jokatu gabe iritsi ginen maila horretara Altuna eta biok, baina nik ikusten nuen onenekin konparatuta koska pare bat beherago nengoela. Horregatik, normaltasunez hartu nuen txapel hura jantzi izana, oinak lurrean izan nituen. Hasiera hartan, Lehen Mailako binakakoa ere jokatu nuen birritan, Albisurekin, eta bada zerbait. Gerora, gehiagotan tokatu izan zait Bigarren Mailan aritzea.

«Kirolaren zuloa ederki ezagutu nuen 2021eko finala jokatu gabe geratu nintzenean, baina orain erabat asetzen nau zulo horietatik atera nintzela jakiteak» 

Izan ere, lesioak etsai izan dituzu sarritan, eta kostatu egin zaizu jarraitutasuna izatea. Kirolaren alde iluna aski ongi ezagutu duzu hamar urteotan, ezta?

Une txar-txar bat azpimarratzen ez nuke jakingo, baina egia da lesioak izan direla nire kirol ibilbideko unerik kritikoenak. Jendeak askotan esan izan dit lesiorik izan ez banu txapelaren bat izango nuela, baina ez dut uste hori hala denik. Lesioek ez didate hainbesterako eragotzi, baina jarraitutasuna baldintzatu didate. Geldialdi asko izan ditut hamar urteotan. Lehenbiziko lesioa ukalondoko ebakuntza bat izan nuen, eta kostatu zitzaidan ederki berriro jokoa eta konfiantza hartzea. Gerora, lesio txiki asko izan nituen, eskuetako minak ere bai etengabe, eta sorbaldak buruhauste ugari eman zizkidan.

Besteak beste, sorbaldako minak kendu zizun 2021eko buruz buruko finala. Kolpe latza izan al zen final hura ez jokatzea?

Oso handia. Batetik, finala jokatu gabe utzi nuelako, eta, bestetik, beldurrak eta mamuak agertzen hasi zitzaizkidalako. Asko zaintzen nuen neure burua, prestatu ere fin egiten nintzen, baina lesiotik bueltan kantxan ez nuen gozatzen pilotan. Berriro ere min hartzeko arriskua sentitzen nuen, eta ez nintzen aske sentitzen. Kirolaren zuloa ederki ezagutu nuen orduan, baina orain erabat asetzen nau zulo horietatik atera nintzela jakiteak. Lanketa handia egin nuen mentalki.  

Aitortu izan duzunez, etsiak jota geratzeko arriskua izan zenuen orain dela pare bat urte, ezta?

Bigarren Mailako txapelketan ordezko lanetan ari nintzen garai horretan, eta ikusten nuen enpresak beste pilotari batzuen alde egiten zuela, naturaltasunez. Inflexio puntu bat izan nuen, eta pentsatu nuen atea neronek bota beharra neukala, inork ez zidalako aukerarik emango. Bi aukera nituen: etsi eta beste bizitza bati begira hasi, edo pilota inoiz baino seriotasun handiagoarekin hartu. Eta azken hautu hori egin nuen. Axier Arteagarekin jarri nintzen harremanetan, ustez fisikoki hobeto prestatzeko. Baina lehen egunean aitortu zidan mentalki neukala lanketa handi bat egin beharra. Txorakeriarik ez esateko eskatu nion, baina gaur da eguna eskerrak ematen dizkiodana. Gauzak beste perspektiba batekin hartzen ikasi dugu, eta aspaldian gozatzen ari naiz kantxan. Denak du lotura, eta eskuek ere asko errespetatu naute.

«Jendeak askotan esan izan dit lesiorik izan ez banu txapelaren bat izango nuela irabazia, baina ez dut uste hori hala denik»

Oraindik txapelik ez duzu Lehen Mailan. Itsutzen al zaitu horrek?

Amets txiki hori badut barruan, baina ez nago obsesionatuta. Ikasi dut bideaz gozatu behar dela, emaitzei hainbeste erreparatu gabe. Txapel bat lortzean bukatzen al da guztia, bada? Egia esan, gauza ederra litzateke hori lortzea, baina ez diot horri begiratzen. 2021ean buruz buruko finalera iritsi banintzen, badakit berriz ere gauza bera lor dezakedala. 30 urte izan arren, oraindik hobetzeko tartea dudala sentitzen dut, eta lanean jarraituko dut.

Txapelik ez, baina jendearen maitasuna sobera daukazu. Berdin sentitzen duzu zuk ere?

Bai, eta duela hiru urte final hura jokatu ez izanak areagotu egin du maitasun hori. Karismatikoa naizela sentitzen dut. Lehen, nire partidetara hainbeste jarraitzaile joatea presio iturri zen niretzat, baina orain ikasi dut ez dela hala. Motibazioa da jendearen babesa sentitzea, ez zama. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.