ARRAUNA

Lehia handitu nahi dute

Bihar hasiko da Euskotren Liga, Coruñan (Galizia). Iaz zortzi taldeko ligara egokitu ostean, patroiek euren taldeen berri eman dute. Iaz ez bezala, aurten Galiziako ontziek maila galdu dezakete.

Donostiarra eta Arraun Lagunak parez pare aurreko denboraldiko estropada batean. AITOR ARRIZABALAGA
Donostiarra eta Arraun Lagunak parez pare aurreko denboraldiko estropada batean. AITOR ARRIZABALAGA
pettan uralde
2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

INKESTA

1. Zer helburu ditu aurten zure taldeak? 

2. Nola ikusten dituzu gainerako traineruak? 

3. Nolako liga espero duzu?

 

Andrea Astudillo, Arraun Lagunak-eko patroia

«Banderak irabazteko gogoz gaude, eta horren bila joango gara estropada bakoitzean»

1. «Aurreko urtean lortutakoa berdintzea bikaina izango litzateke. Gu banderak irabazteko gogoz gaude, eta horren bila joango gara estropada bakoitzean. Pertsonalki, Zierbenako bandera irabaztea ere badaukat helburuen artean; etxeko bandera».

2. «Tolosaldea, Donostiarra eta Orio gure alboan egongo dira, ziur. Indartsu ikusten ditut. Hondarribia ere aurkari gogorra da, eta, zorte pixka batekin, ohorezko txandan egoteko lehian arituko da. Eta Hibaikak apur bat behera egin duela esango nuke».

3. «Ez dut uste gauza asko aldatuko direnik iazkoarekin alderatuta. Emakumezkoen arraunean maila goraka doa, eta geroz eta zailagoa da aurrean egotea. Emozio puntu horri eustea ona da arraunlarientzat zein ikusleentzat».

 

Maider Etxaniz, Orioko patroia

«Neguan egindako lana uretan islatu nahi dugu estropadetan»

1. «Puntan egotea da helburua, banderak irabaztea eta lehenengo postu horrengatik borrokatzea. Finean, neguan egindako lana uretan islatu nahi dugu estropadetan. Baina beste traineruek ez digute lana erraztuko».

2. «Indartsu ikusten ditut gainerakoak. Batez ere, Arraun Lagunak nabarmendu da azken hiru asteetan, eta argi dago berriro liga irabazi nahi duela. Donostiarrak agian ez du bere onena eman oraindik, baina, Tolosaldearekin batera, ezustekoak emateko gai ikusten dut».

3. «Liga lehiakorra espero dut. Ohorezko txandan arituko diren traineruek asko dute esateko, eta gainontzekoek ezustekoren bat eman dezakete. Maila desberdintasunak egongo dira zortzi taldeko liga izanda, baina guk argi dugu zein den gure egitekoa».

 

Nerea Perez, Donostiarrako patroia

«Arraun Lagunak, Orio, Tolosaldea eta gu nahiko hurbil egongo gara astebururo»

1. «Ongi ari gara entrenatzen, eta aurtengo helburua da sailkapenaren goiko postuetan egotea, noski. Ahalik eta bandera gehien irabazi nahi dugu, eta denbora aurrera joan ahala ikusiko da liga irabazteko borrokan egon gaitezkeen edo ez».

2. «Orain arte ikusi dugunarekin, Arraun Lagunak badirudi koska bat gorago dagoela besteekin alderatuta. Arraun Lagunak, Orio, Tolosaldea eta gu nahiko hurbil egongo gara estropada guztietan, eta zaila da jakitea nor izango den ontzirik azkarrena».

3. «Liga parekatua izango da. Orokorrean, zaila izango da talde guztientzat, eta erregulartasunik handiena lortzen duenak izango du gertuen arrakasta. Gure liga irabazteko aukerak uste dut erregulartasun horretatik iritsi daitezkeela».

 

Maialen Amondarain, Tolosaldeako patroia

«Lehengo urteko denboraldia hobetzea da gure taldearen helburu nagusia»

1. «Lehengo urteko denboraldia hobetzea da gure taldearen helburu nagusia. Urtero pauso bat aurrera emateko asmoarekin ekiten diogu denboraldiari, eta, noski, banderaren bat edo beste irabaztea ere helburuen barruan sartzen dugu».

2. «Traineru guztiak indartsu ikusten ditut. Denboraldiaurreko estropadak politak izan dira, eta oso lehiakorrak. Esango nuke aurreko urtean lehenengo lau postuetan egon ziren traineruen artean egongo dela lehiarik handiena. Estu joango da».

3. «Ez nuke jakingo esaten zer gertatuko den aurtengo Euskotren ligan, baina lehiatua izango dela seguru. Liga polita izatea nahiko nuke; banderak banatuta egotea. Albiste ona izango litzateke denontzat».

 

Miren Garmendia, Hondarribiako patroia

«Iruditzen zait jauzi nabarmena egingo dutela traineru gehienek aurreko denboraldiarekin alderatuta»

1. «Gure helburua da aurreko denboraldiko mailari eustea, eta hobetzen saiatzea. Horretarako aritu gara entrenatzen neguan. Lehengo urtean bezala, lehenengo txanda irabaztea izango da helburu nagusia, eta, ahal den heinean, bigarren txandakoei hortzak erakustea».

2. «Gehienek jauzi nabarmena egingo dute aurreko sasoiarekin alderatuta. Azken urteetan ikusten ari da nolako gorakada izaten ari den emakumezkoen arrauna, eta Euskotren ligan islatzen da. Oso maila altua egongo dela iruditzen zait».

3. «Arraun Lagunak nabarmendu da orain arte, baina beste traineruen artean berdintasun handia egon daitekeela uste dut. Bigarren eta lehen txanden artean egon daitezkeen desberdintasunak murrizten saiatuko gara gu».

 

Maddi Retegi, Hibaikako patroia

«Iazko postuari eustea da Hibaikaren aurtengo helburu nagusia»

1. «Badakigu iazko taldearekin alderatuta arraunlari asko galdu ditugula, eta iazko postuari eustea dela helburu nagusia. Postu hori hobetzen ere ahaleginduko gara, baina berdintzea da lehen urratsa».

2. «Aurkariak oso indartsu ikusten ditut, orokorrean. Guk aurretik dauden ontzietatik gertu egotea lortu nahi dugu. Zortzi taldeak gure onena ematen saiatuko gara, eta lehia, behintzat, ez da faltako».

3. «Ligak hobera egin duela uste dut. Oraindik ez dugu Galiziako bi ontzien ondoan arraun egin, eta ez dakigu non egon daitezkeen. Eta, egia esan, nola egon daitezkeen ez jakite horrek urduritasuna pizten du. Gogotsu gaude ikusteko non gauden, nondik hasten garen, eta zer lan egin beharko dugun».

 

Natalia Tubio, Caboko patroia

«Emakumezkoen arraunaren gorakada islatzen ari da traineruetan»

1. «Aurreko denboraldiko emaitzak hobetzea da helburu nagusia. Aurreko denboraldian zazpigarren geratuta ere Cabok ez zituen jokatu behar kanporaketak. Baina, aurten, saihestu egin beharko ditugu, eta, horretarako, estropadetako emaitzak hobetu behar dira».

2. «Lehiak jarriko gaitu bakoitza gure tokian, baina uste dut traineru guztiek jauzia egingo dutela aurten. Bi txandetan lehia handia egongo da, eta liga estua izatea espero dut».

3. «Emakumezkoen arraunaren gorakada islatzen ari da traineruetan. Geroz eta maila handiagoa dago, eta aurten lehiakortasun handia ikusten dut. Lehen eta bigarren txanda politak espero ditut, eta uste dut borroka handia egongo dela. Aurreko denboraldien aldean, maila handiagoa aurreikusten dut».

 

Irene del Rio, Tiraneko patroia

«Uste dut orokorrean aurrerapausoa eman dugula, eta aurreko urtean baino talde sendoagoa dugula»

1. «Gure helburuetako bat da aurreko urtean baino hobeto aritzen saiatzea. Uste dut orokorrean aurrerapausoa eman dugula, eta aurreko urtean baino talde sendoagoa daukagula. Aurreko urtean hasiberriak ginen, baina, orain, esperientzia puntu bat hartu dugu, eta erakutsi egin behar da».

2. «Ez daukagu erreferentzia handirik euskal traineruekin, baina txapelketetan ikusi ditugu. Agian, Hondarribia eta Hibaika zertxobait beherago egon daitezke beste lau traineruekin alderatuta. Eta, Cabori dagokionez, uste dut inoiz baino gertuago gaudela haiengandik».

3. «Liga lehiatuagoa izango da bi txandetan. Aurreko denboraldian sailkapeneko postuak finkatuta zeudela zirudien, eta aurten uste dut irekiagoa izango dela lehia».

Egutegia

  • Bihar eta etzi. Coruña eta Bueu (Galizia).
  • Uztailak 6. Donostia.
  • Uztailak 7. Zierbena.
  • Uztailak 13. 

    Bilbo.

  • Uztailak 14. 

    Sestao.

  • Uztailak 20. 

    Ribeira (Galizia).

  • Uztailak 21. Boiro (Galizia).

  • Uztailak 27. Getxo

     

  • Uztailak 28. Lekeitio.

     

  • Abuztuak 3. Castro Urdiales.

  • Abuztuak 4. Orio.

  • Abuztuak 10. Hondarribia.

     

  • Abuztuak 11. Pasaia.

     

  • Abuztuak 17. Zarautz.

     

  • Abuztuak 18. Zarautz.

  • Irailak 14. Bermeo (kanporaketa).

  • Irailak 15. Portugalete (kanporaketa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.