Reala 0-1 Real Madril

Hobea izan den arren, Realak galdu egin du Real Madrilen kontra

Talde txuri-urdinak 0-1 galdu du, Arda Gulerrek lehen zatiko ordu erdia betetzear zela sartu duen gola tarteko. Imanolen taldea saiatu da emaitza iraultzen, aukera dezente izan ditu horretarako, baina ez du asmatu.

Realeko Ander Barrenetxea, Rael Madrileko Carvajal atzean utzi nahirik. ANDONI CANELLADA / FOKU
Realeko Ander Barrenetxea, Rael Madrileko Carvajal atzean utzi nahirik. ANDONI CANELLADA / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko apirilaren 26a
23:22
Entzun

Merezi ez arren, Realak esku hutsik amaitu du Real Madrilen aurkako partida: 0-1. Hala, Anoetan daraman emaitza bolada txarra alde batera utzi ezinda segitzen du. Azken zortzi partidetatik bakarra irabazi du. Talde txuri-urdina saiatu da, partida ona jokatu du tekniko-taktikoki, jokoaren ekimena izan du, eta gol aukerak izan ditu neurketa irabazteko. Baina ez du asmatu. Real Madrilek, ordea, bai, izan duen aukera ia bakarrean. Arda Guler izan da txuri-urdinen borreroa, lehen zatiko ordu erdia betetzear zela. Futbolean horrek balio du. Realak hirugarren partida kateatu du hiru puntuak batu gabe. Igandean Betisek Sevillari irabaziz gero, Reala zazpigarren jarriko da Konferentzia Ligako postuan. Burua jaso, ondo egindakoari balioa eman, eta ekinean jarraitu beharko du Imanol Alguacilen taldeak geratzen diren bost jardunaldietan, Europako ligarako sailkatzea baita helburua.

Hamaikakoari dagokionez, Getaferen aurkako partidarekin alderatuz, Zubeldia eta Zubimendi bueltatu dira, zigorra bete ostean. Imanolek, gainera, Odriozola jarri du eskuin hegaleko atzealdean, min hartutako Traoreren ordez; Turrientesek jokatu du Zakharianen tokian zelai erdian, eta, Kubok, Beckerrenean aurrean. Real Madrilek, berriz, txandakatze asko egin ditu, kontuan hartuta datorren astean Txapeldunen Ligako finalerdietako joaneko partida jokatuko duela Bayern Munichen kontra.

Reala hasieratik izan da nagusi. Baloiaren jabetzea izan du, eta patxadaz jokatu du, buruarekin, jokaldiak ondo landuz. Horretarako, funtsezkoa izan da zelai erdian izan duen nagusitasuna. Lehen 25 minutuetako abagune argienak talde txuri-urdinentzat izan dira. Bata Kubok izan du, 15. minutuan. Japoniarrak erremate ona egin du, baina eskuin eskua ondo atera du Kepa Arrizabalagak. Bestea 28 minutuan iritsi da, Turrientesen urrutiko jaurtiketa batean. Gutxigatik joan da kanpora beasaindarrari errematea.

Baina Real Madrilek gutxi behar du gola sartzeko, eta 29 minutuan aurretik jarri da. Carvajalek erdiraketa ona egin du, Zubieldiak eta Le Normadek ez dute baloia aldentzen asmatu, eta bigarren zutoinera bakarrik iritsi da Guler gola sartzeko. Merezi ez zuen kolpea izan da txuri-urdinentzat. Realak, hala ere, ondo erantzun du, eta Oiartzabalek aukera ona izan du. Baina ez du gola sartzea lortu. Biziak izan dira minutu horiek. Realak gola sartu du 32. minutuan, Kubori esker. Hasieran, Munuera Montero epaileak ontzat eman du, baina, VARean begiratu ostean, baliorik gabe utzi du, baloia berreskuratzean Barrenetxeak Tchoaumeniri falta egin diolako.

Lehen zatiko azken minutuetan Realak ekinean jarraitu du, nahiz eta Real Madrilek apur bat gehiago izan duen baloia. Dena den, emaitza ez da aldatu, eta atzetik joan da talde txuri-urdina atsedenaldira: 0-1.

Real Madril, patxadaz

Bigarren zatia hasi eta berehala sortu du Realak berdindu ahal izateko lehen aukera. Baina Turrientesek area ertzetik egindako errematea kornerrera bidali du Kepak. Jokoa ez da horren bizi hasi. Real Madril ondo egon da jarrita berdegunean, gehiago izan du baloia hasierako minutu horietan. Patxadaz jokatu nahi izan du, aurretik zihoala baliatuz. Reala ondo egon da, hala ere. Kubori eta Barrenetxeari jokoan gehiago sartzea falta izan zaie, hegaletik min gehiago egiteko eta abiadura gehiagorekin aritzeko erasoan.

Lerro arteko jokoa bilatzeko asmoz, Imanolek Zakharian zelairatu du, Turrientesen ordez. 63. minutuan izan da aldaketa. Izan ere, ez zuen arriskurik sortzen. Irten eta berehala errusiarrak erremate on bat egin du, baina gora joan zaio. Handik hamar minutura Realak berriz gola sartu du, baina Oiartzabal jokoz kanpo zegoen errematea egin duenean. Kapitaina nekaezin aritu da beste behin aurrealdean, eta hark izan  du, hain zuzen ere, gola sartzeko aukerarik argiena bigarren zati horretan. Bi erdiko atzelarien erditik sartu da pase luze baten ostean. Ondo loratu dio baloia Kepari, baina gutxigatik joan da kanpora. 

Aukera horrek are gehiago suspertu du talde txuri-urdina, eta hiru korner atera ditu erreskadan. Becker ere ahalegindu da, baina kanpora jaurti du. Atzean sartu du Real Madril norgehiagokaren azken txanpan. Imanolek berak Le Normad kendu eta Andre Silva zelairatu du golaren bila. Ez du lortu, ordea. Nahiz eta modu guztietara saiatu den, eta gutxienez berdinketa merezi. Partidako azken jokaldian, hala ere, Camavinga gola sartzear egon da, baina Remirok ondo geratu du errematea. 0-1 amaitu da partida.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.