Arrauna

Hautagaiek usteak baieztatu dituzte

Amaitu da arraun denboraldiaren lehen erdia Euskotren eta Euskolabel ligetan. Arraun Lagunak-ek eta Urdaibaik aurreikuspenak bete dituzte, eta nagusitasunez aritu dira: hamar eta zortzi bandera irabazi dituzte, hurrenez hurren.

Arraun Lagunak-eko eskifaia, Bilboko estropadan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Arraun Lagunak-eko eskifaia, Bilboko estropadan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko abuztuaren 1a
05:05
Entzun

Joan da uztaila, eta harekin batera joan da Euskotren eta Eusko Label ligetako denboraldiaren lehen erdia. Hamar jardunaldi jokatu dituzte orain artean, eta bi izen nagusitu dira besteen gainetik: Urdaibai eta Arraun Lagunak. Bermeokoek (Bizkaia) zortzi bandera irabazi dituzte Eusko Label ligan. Donostiakoek, berriz, ez diete papurrik utzi aurkariei, eta jokatu dituzten hamar estropadak irabazi dituzte. Jaitsiera saihesteko lehian, berriz, bizia daukate Hibaikak eta Cabok Euskotren ligan. Tiran, berriz, maila galtzera kondenatuta dagoela dirudi. Gizonezkoetan, Bueu dago azken postuan, eta San Pedrok geroz eta urrutiago dauka hamargarren sailkatua. 

Bizkaitarrak nagusi

Bi oilarren arteko lehia 

Aurreikuspen guztiek zioten moduan, Urdaibai eta Zierbena gainerako ontzien gainetik aritu dira uztailean, koxkatxo bat, behintzat. Bermeotarrek euren onena eman dute, eta Galipoek soilik eutsi diete. Ez beti, hala ere. Jokatu diren lehen hamar estropadetatik zortzi irabazi ditu Iker Zabalaren taldeak. Beste bi banderak, berriz, Zierbenak astindu ditu. Errioan bata, Bilbon, eta Galiziako itsasoan bestea, Arousan.

Okerrik ezean, bi ontzi horien artean egongo da liga. Baina zertxobait gehiago egin beharko du Zierbenak Urdaibai harrapatzeko. 11 punturen aldea dago bataren eta bestearen artean, eta, Urdaibai nola ibili den ikusita, zaila da alde hori galduko duela imajinatzea.

Gipuzkoarrak, hautagai

Hiru ontzi eta bi toki

Oriok, Hondarribiak eta Donostiarrak gorabehera gehiagorekin abiatu dute uda. Batzuetan gertuago eta besteetan urrutiago, baina banderen lehian aritzeko hautagai direla erakutsi dute. Bi puntutan daude hiru ontziak, baina urruti daukate Urdaibai liderra.  

Hondarribia, Zierbena Urdaibai eta Orio estropadari ekiteko prest. AITOR ARRIZABALAGA
Hondarribia, Zierbena Urdaibai eta Orio estropadari ekiteko prest. AITOR ARRIZABALAGA

Donostiarrei egin zitzaien astunen hasiera, eta bigarren txandan aritu dira orain gutxi arte. Azken asteetan, aldiz, buelta eman diote egoerari, eta haiek dira bizkaitarrengandik gertuen aritu direnak. Orio izan da hiruretan erregularrena. Aldaketa betean murgilduta, helburua argi zeukaten: bigarren txandako lehen postua lortzea eta goikoei ezustekoren bat ematea. Hala ere, aurreikuspenen gainetik ari dira. Hondarribia, berriz, azken urteetan baino urrunago dago sailkapeneko lehen postuetatik. Mikel Orbañanosen eskifaia ohituta dago banderen lehian aritzera, baina aurten apalago ari da. Hala ere, presiopean aritzera ohituta dago, eta ezin da banderen lehiatik baztertu.

Aztarrika bigarrenean

Denak du garrantzia

Lehia bizia erakutsi dute Eusko Label ligako bigarren txandako ontziek uztailean. Estropada eremuak, zozketak erabakitzen duen kaleak eta eguneko gorputzaldiak erabakigarriak izaten dira jardunaldi bakoitzean. Lehia estua dago, eta segundo bakoitza irabaztea kosta egiten da. Aldaketa handiak daude egun batetik bestera, eta gaur seigarren izan dena hamargarren izan daiteke bihar. 

Getaria nabarmendu da gehien bigarren txanda horretan. Esperantza aritu da oilarrengandik gertuen, baina, hala ere, urruti du ohorezko txanda. Ondarroa ere uda erregularra egiten ari da, eta inoizko emaitzarik onenak eskuratzen. Isuntza, Cabo eta Kaiku gorabehera gehiagorekin dabiltza. Sestaokoak, batez ere. Denek izan dute egun oso on bat eta beste oso txar bat, baina jaitsiera postuak urruti utzi dituzte hirurek. Igo berriak dira orain arte zailtasun gehien izan dituzten ontziak. Egokitzapena ez da erraza izaten, eta San Pedro eta Bueu azken bi postuetan daude. Hamaikagarrenak kanporaketak jokatuko ditu.

Arraun Lagunak, aseezin

Nahi duen neurrian eta doinuan

Euskotren ligan Arraun Lagunak-en kolore zuri-urdina da nagusi. Lehen hamar estropadak irabazi ditu Arraun Lagunak-ek, eta Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak ere bai, liga hasi aurretik. Gainera, garaipen guztiak nagusitasun nabarmena erakutsiz lortu ditu, eta gainerako taldeek ezer gutxi egiteko aukera izan dute. Marka guztiak hausteko gogoz dago Lugañene trainerua, eta arraunaren historian sartzeko bidean dago. 

Haien atzetik, baina koska bat edo bi beherago, hiru talde daude elkarri mokoka. Orioren, Tolosaldearen eta Donostiarraren artean bai, lehia estua dago. Bakoitzaren gaitasuna soilik ez, txanda, kalea eta denboralea garrantzitsuak dira jardunaldi bakoitzean abantaila lortzeko. Banderen lehian ari dira, baina Arraun Lagunak-en huts egite bat behar dute horretarako.

Lehen txandako lehia nabarmena Hibaikak eta Cabok daukate. Zazpigarren postua saihestu nahi dute, eta errenteriarrek hiru punturen aldea daukate. Haiekin batera ari dira Hondarribia eta Tiran. Ama Guadalupekoa txandakideak baino koska bat gorago dago, baina ez daukate ohorezko txandan aritzeko adina erregulartasun. Tiran, aldiz, azkena da, iaz gertatu bezala, eta etorkizun beltza du Euskotren ligan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.