TXIRRINDULARITZA

Groenewegen izan da azkarrena Dijonen, gutxigatik

Herbehereetako txapeldunak zentimetro gutxi batzuengatik garaitu du Jasper Philipsen, Frantziako Tourreko seigarren etapan. Azkenean, belgikarra deskalifikatu egin dute, aurrez Van Aerti bidea ixteagatik.

Dylan Groenewen, Herbehereetako txapeldunaren elastikoarekin gaurko podiumean. KIM LUDBROOK / EFE
Dylan Groenewen, Herbehereetako txapeldunaren elastikoa jantzita, gaurko podiumean. KIM LUDBROOK / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko uztailaren 4a
18:37
Entzun

Mathieu van der Poel taldekideak bideratu badu ere, Jasper Philipsenek (Alpecin) ez du lortu Dylan Groenewegeni (Jayco) aurrea hartzea Dijongo helmuga lerroan. Amaiera estua izan da, baina helmugako argazkiak argi eta garbi erakutsi du indartsuena Herbehereetako txapelduna izan dela. Horrela, Groenewegenek bere seigarren garaipena lortu du Frantziako Tourrean.

UnoX taldeak sekulako lana egin du Alexander Kristoffentzat azken kilometroetan. Seiehun metroren faltan, Norvegiako taldeko hiru kide ziren tropelaren buruan; eskuinaldetik, ordea, Alpecinekoak agertu dira. Munduko txapeldunaren elastikoarekin, Van der Poelek esku-eskuan utzi dio garaipena Philipseni. Haren aurkariek, baina, bazekiten zeinen gurpilari jarraitu. Alpecinekoaren atzean zeuden Groenewegen bera, Wout van Aert (Visma), Biniam Girmay (Intermarche) eta Arnaud de Lie (Lotto).  Philipsen eskuinaldetik pasatu nahian hasi da Van Aert, baina Alpecinekoak esprinta abiatu du orduantxe. Vismakoak hanka altxatu behar izan du hesien aurka ez joateko. Mugimendu horrengatik, etapa amaitu ostean, deskalifikatu egin dute Philipsen. Bitartean, esprint garbi-garbia egin du Groenewegenek errepidearen ezkerraldetik, eta, gutxigatik izan bada ere, bera nagusitu da.

Philipsen iazko Tourreko gizon azkarrena izan zen, lau etapa irabazita; aurten, ordea, kostatzen ari zaio errematea jartzea. Atzo bigarren postuan amaitu zuen, Mark Cavendishen (Astana) atzetik, eta garaipenaren atarian geratu da gaur ere. Baliogabetzearen ondoren, Girmay asteleheneko garaileari eman diote bigarren postua, eta Fernando Gaviria (Movistar) izan da hirugarren.

Biak pare-parean helmugaratu dira: Philipsen —irudian, ezkerrean— eta Groenewen —eskuinean—. KIM LUDBROOK/EFE
Pare-parean helmugaratu dira Philipsen —irudian, ezkerrean— eta Groenewen —eskuinean—. KIM LUDBROOK/EFE

Asteleheneko etapan bezalaxe, gaur ere ez da eguneko ihesaldirik egon. Talde gonbidatuek baliatu ohi dituzte horrelako egunak euren izena aditzera emateko. Aurtengo Tourrean, ordea, indarrak gorde nahian dabiltzala dirudi. Jonas Abrahamsen (UnoX) mendiko liderrak jada bitan errepikatu du jokaldi berbera: erasoa jo eta ihesaldiak biderik egingo ez duela ikusitakoan, pelotoiari itxaron. Gaur, Axel Zinglerekin (Cofidis) batera tartetxoa ireki du, baina, eguneko igoera bakarrean mendiko sailkapenerako puntu bat eskuratu ostean, hanka altxa dute.

Haizeak astindu du gaurko etapa. Maçon eta Dijon arteko 163 kilometroetan, hautagai nagusien taldeak pelotoiaren buruan ibili dira haizea albotik sartzeko arriskua zegoen guneetan. Helmugarako 80 kilometroren faltan zegoen horietako bat. Bertan, Visma taldea haize babesa egiten saiatu da, eta atzean harrapatu ditu maillot horiaren taldekideak. Ez, ordea, liderra bera. Tadej Pogacar (UAE) buru-buruan agertu da Vismakoak mugitu bezain laster. Hortik aurrera tentsioa egon da, baina behin ere ez da tropela hautsi.

Beste azterketa bat

Bihar, aurtengo Tourreko lehenengo erlojupekoa egingo dute. Nuits-Saint-Georges eta Gevrey-Chambertin herrien arteko 25 kilometroak bakarka osatu beharko dituzte txirrindulariek. Ibilbideko lehen kilometroek goranzko joera izango dute, eta hamargarren kilometrotik hamabosgarrenera, Curley muinoa gaindituko dute. Batez besteko pendiza %3,3koa badu ere, lehen kilometro eta erdian, %7tik gorakoa da. Behin igoera pasatuta, beherako joera hartuko du ibilbideak helmugaraino.

Tourreko egun erabakigarrienetako bat izango da biharkoa. Galibierreko etapan Pogacarrek lehen astindua eman zion sailkapen nagusiari, eta jada 45 segundo ateratzen dizkio Remco Evenepoeli (Soudal), eta 50 segundo Jonas Vingegaardi (Visma). Erlojupekoan ikusteko dago tarte hori zabalduko duen edota haren lehiakideek aldea murrizteko baliatuko duten.

Tourra, 7. etapa

Pogacar eta Vingegaard iazko Tourrean lehiatu ziren azkenekoz elkarrekin, eta, orduko erlojuaren aurkakoan, Vingegaard nagusitu zen. Egoera, ordea, bestelakoa da orain. Vingegaardek biharkoa izango du lehenengo erlojupekoa Euskal Herriko Itzulian erori zenetik. Evenepoel, berriz, Dauphine kriteriumean aritu zen, eta hango erlojupeko etapa irabazi zuen.

SAILKAPENAK

SEIGARREN ETAPA

1. Dylan Groenewegen (Jayco) 3.31.55

2. Biniam Girmay (Intermarche) d.b.

3. Fernando Gaviria (Movistar) d.b.

4. Phil Bauhaus (Bahrein) d.b.

5. Arnaud de Lie (Lotto) d.b.

6. Wout van Aert (Visma) d.b.

7. Arnaud Demare (Arkea) d.b.

8. Alexander Kristoff (UnoX) d.b.

38. Oier Lazkano (Movistar) d.b.

64. Pello Bilbao (Bahrein) d.b.

68. Mikel Landa (Soudal) d.b.

NAGUSIA

1. Tadej Pogacar (UAE) 26.47.19

2. Remco Evenepoel (Soudal) 45ra

3. Jonas Vingegaard (Visma) 50ra

4. Juan Ayuso (UAE) 1.10era

5. Primoz Roglic (Bora) 1.14ra

6. Carlos Rodriguez (Ineos) 1.16ra

7. Mikel Landa (Soudal) 1.32ra

8. Joao Almeida (UAE) d.b.

9. Giulio Ciccone (Lidl) 3.20ra

17. Pello Bilbao (Bahrein) 4.40ra

66. Alex Aranburu (Movistar) 41.12ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.