Gorago begiratzeko derbia

Realak eta Athleticek derbia jokatuko dute gaur Anoetan (18:00, DAZN). Bi taldeek bosgarren edo seigarren postua dute helburu, eta gaur irabazteak horretarako gertura ditzake. Sanni Franssi ete Irene Ogiza «gogoz eta ilusioz» daude partidari begira.

Sanni Franssi eta Irene Ogiza. REALA ETA ATHLETIC
Sanni Franssi eta Irene Ogiza. REALA ETA ATHLETIC
ainara arratibel gascon
2024ko martxoaren 23a
05:05
Entzun

 

Sanni Fransi: «Kontraerasoan ondo ari gara, eta min egin diezaiekegu»

Laugarren sasoia du Realean Sanni Franssik  (Vaasa, Finlandia, 1995). Sartutako golei —bederatzi sasoi honetan—eta, batez ere, egiten duen lan nekaezinari esker, zaleen kuttun bihurtu da. 

Bigarrenez jokatuko duzue Anoetan hamar egunen buruan. Berezia izango da, ezta?

Bai. Derbia beti da berezia, are gehiago Reale Arenan jokatuta. Ea Atletico Madrilen aurkako partidara bezainbeste zale etortzen diren, asko lagundu baitziguten. Eta, noski, ea emaitza berdina den. Gola sartzeko aukera izan nuen, eta izugarria izan zen. Uste dut orain arte Realean sartu dudan golik ederrena eta garrantzitsuena izan zela. 

Nolako partida espero duzu? Izan ere, bi taldeak emaitza bolada oso onean zaudete.

Uste dut partida parekatua eta lehiatua izango dela, eta detaile txikiek erabakiko dutela. Defentsan argi ibili behar dugu, eta ez diegu joko zuzena egiten utzi behar. Erasoan, berriz, eraginkorrak izan behar dugu, derbietan gol aukera gutxi izaten baitira. Baina horrekin batera, gure indargunean baliatu behar ditugu. Adibidez, aurreko sasoietan baino gehiago ari gara asmatzen kontraerasoetan, eta defentsan ere, ohi baino pauso bat atzerago defendatzen dugunean hobeto ari gara. 

Haiek zuek baino lau puntu gehiago dituzte. Behar handiagoa duzue zuek irabazteko?

Guretzat oso partida garrantzitsuak dira hurrengo biak, bai larunbatekoa [gaurkoa], baita hurrengoa ere Sevillaren kontrakoa, aurkari zuzenak baitira biak. Ligan gure helburua bosgarren postu inguruan amaitzea da. Galduz gero, aldendu egingo zaizkigu postu horiek, eta ez dugu hori nahi. Baikor naiz, taldea bai fisikoki eta bai mentalki ondo ikusten dut. Azken partidetan ahalegin handia egin behar izan dugu fisikoki, baina sufritzen ere ikasten ari gara.

Nola jarri arreta ligan, jakinda maiatzaren 18an Espainiako Kopako final bat duzuela?

Profesionalak izanda, eta argi izanda final horretara ondo iristeko modurik onena ordu arte geratzen diren partidetan ondo lehiatzea dela. 

Denboraldi bikaina egiten ari zara. Realean zaudenetik onena dela uste duzu?

Baietz uste dut. Neure burua ondo ikusten dut, eta pozik nago. Udan izan nuen atsedena ondo etorri zitzaidan, eta, horri esker, denboraldiaurre on bat egin ahal izan nuen. Fisikoki eta mentalki fresko egoteak asko lagundu dit. Finlandian nuen entrenatzaile batek beti esaten zidan, fisikoki ondo dagoen jokalari bat beti lehiatzen dela hobeto. 

Bederatzi gol sartuak dituzu. Jarri diozu helbururik zeure buruari?

Bi zifra dituen kopuru batera iritsi nahi dut. Baina nik beti esaten dut nire helburua, golak sartzetik harago, taldeari gauzak ondo egiten laguntzea dela. Adibidez, baloiak lapurtuz, pase onak emanez...  Dena den, egia da, golak sartzen dituenean aurrelari bat beti dago aldarte hobeagoan.

Ekainean amaitzen zaizu kontratua. Zer esango zenieke Z7an asteburuero jarraitzeko esaten dizuten horiei?

Pozik nago hemen. Baina, oraingoz, ez dago berririk. Arreta aurretik ditugun partidetan daukat, gauza oso garrantzitsuenak ditugulako jokoan.

 

 

Irene Ogiza: «Sasoi hau mugarri izan daiteke Athletic goian ikusteko»

Otsailean itzuli zen taldera Irene Ogiza (Durango, Bizkaia, 2000), zortzi hilabetez min hartuta egon eta gero. Athleticeko erdilariak berretsi du «gogoz eta ilusioz» helduko diotela gaurko derbiari.

Ligan azken lau partidak irabazi dituzue. Zeintzuk dira bolada hain onean egoteko gakoak?

Eguneroko lana. Taldea bikain ari da entrenatzen, eta hori partidetan islatzen ari gara. Azken sasoietan baloia izatearen aldeko apustua egin dugu, eta gero eta gusturago eta aiseago ari gara jokatzeko era horrekin. Gainera, defentsako lanean ere sendo ari gara.  

Eta erregularrago ere ari zarete, emaitzak ikusita. 

Bai. Lehen itzulian gorabehera gehiago izan genituen; batez ere, Lezamatik urrun eta sailkapenaren behealdean zeuden taldeen kontra. Baina, orain, asteburuero ari gara erakusten lehiakor garela edozein talderen kontra. 

Reala ere emaitzak onak lortzen ari da, Bartzelonaren aurka izan ezik, azarotik ez du galdu. Nola irudikatzen duzu gaurko partida?

Lehiatua eta ikusteko polita. Haiek ere ondo moldatzen dira baloiarekin, eta Jensen eta Franssi aurrelariak oso sasoi onean daude. Gertutik zaindu beharko ditugu, eta ahalegindu beharko dugu haiek egoera egokian baloia jaso ez dezaten, abiadura handia baitute. Bestalde, baloia izaten ahalegindu behar dugu, eta, kontraerasoan ateratzeko aukeraren bat edukiz gero, baliatu. 

Irabaziz gero, zazpi puntuko errenta aterako diezue sailkapenean, eta zazpigarren postuan sendotuko zarete. Non ikusten duzu taldea sasoi bukaeran?

Sasoi hasieran aipatu genuen, helburua seigarren postu inguruan egotea zela, eta horri eusten diogu. Baina, horrekin batera, nik garrantzi handia ematen diot aipatutako lehiakortasun horri eusteari. Uste dut denboraldi hau mugarri izan daitekeela Athletic berriz goiko postuetan egoteko. Gazteenek kalitatea sobera dute, eta egonkortuz doaz lehen taldean. Fitxaketek ere asko eman digute. Klubak apustu bat egin du, eta ikusi da.

Zortzi hilabete min hartuta egon eta gero, otsailean itzuli zinen taldera. Nola zaude?

Itzulera ahaztezina izan nuen, Granadillaren aurkako kanporaketan penalti erabakigarria sartuta. Asko hunkitu nintzen. Batez ere hilabete horietan ondoan izan nituenak: etxekoak, lagunak, fisioterapeutak, teknikariak... Orain, pixkanaka erritmoa hartzen, eta disfrutatzen. Gustura nago.

Kapitainaren besokoa ere eramateko aukera izan duzu. Berezia izango zen, ezta?

Multzoak besokoa eramateko aukeratzen zaituenean beti egiten du ilusioa, eta aldi berean ardura bat ere bada.  Baina eredurik onenak izan ditut ikasteko. haiek dira nire ispilua. Adibidez, Iraia Iturregi. Kapitain handia izan zen, eta hark eman zidan lehen taldean aritzeko aukera. Beti izan dut gertu, eta asko erakutsi dit.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.