Lau eta erdiko pilota txapelketak badu finalerdietako faseko lehen protagonista: Peio Etxeberria. Zenozko (Nafarroa) pilotaria Unai Lasoren aurka aritu da gaur Iruñean, ligaxkako bigarren jardunaldian. Lehen partida irabazita iritsi dira biak Labritera, eta taldeko bi pilotari onenek ez dute huts egin, partida gogorra eta parekatua jokatu baitute, baina garaipena Peio Etxeberriarena izan da, Laso 22-19 garaituta. Horrez gain, finalerdietarako aukera ere ziurtatu du zenoztarrak. Lasok, berriz, hirugarren jardunaldira arte itxaron beharko du jakiteko hurrengo fasean egongo den ala ez.
Peio Etxebarriak hasieratik jarri du partida bere alde, Laso atzean zokoratuz tanto dezente egin baititu. 7-1eraino eraman du, baina gero Laso ezker eskuaz gantxo eder eta indartsuak egiten hasi da, tantoak eskuratuz. Lasoren sakeak eramaten ere komeriak izan ditu Etxebarriak, eta 7-4ra gerturatu da Bizkarretako (Nafarroa) pilotaria. Une horretan tentsio handia zegoen partidan, eta, tantogileen lanagatik baino gehiago, besteen hutsengatik egin dira tanto asko. Etxeberriak berriro igo du aldea, eta 9-4koa lortu, baina hortik aurrera Lasok bolada bikaina hartu du, une batean markagailua iraultzeraino.
Sake indartsuak egin ditu, eta oso ezberdinak. Batzuetan bosteko marratik gertu utzita, hirukotik beste batzuetan, txokora eta zabalera... Etxeberriak ez zekien ondo zein izango zen Lasoren intentzioa. Hurrena, 9-9ra berdindu du Lasok, baina Etxeberriak, indar gutxirekin zegoela bazirudien ere, 10-9koa egin du. Hala ere, tanto horrek ez du fase horren ildoa geratu, Lasok tartea irekitzen jarraitu baitu. Ezker gantxo bikainekin 14-10era igo du markagailua bizkarretarrak. Etxeberria partidatik deskonektatuta zegoela zirudienean, partida hasierako bertsiora itzuli da zenoztarra, eta 16-16 berdindu du tanto kontagailua. Hortik aurrera tantoak tartekatuz joan dira, berdintasun handiz, baina markagailua 19-19 zela, Etxeberriak ez dio tanto gehiago egiten utzi Lasori, eta 22-19 irabazi du.
Peña, txapelketatik kanpo
Talde bereko beste partida ordu berean jokatu dute, Bilbon, eta Aitor Elordik Jon Ander Peña garaitzea lortu du, 22-21. Biek ala biek partida irabazteko beharra zuten, eta hori bera irudikatu dute kantxan, tanto batengatik irabazi baitu Peña II.ak. Gauzak hala, Peña II.a txapelketatik kanpo geratu da lehen bi partidak galduta, eta finalerdietarako sailkatzeko saioa Elordiren eta Lasoren artean jokatuko dute. Partida bana irabazi dute biek, eta elkarren aurka erabakiko dute zein sailkatzen den, datorren igandean.
Lehen taldean, atzo Iraitz Zubizarretak 22-18 garaitu zuen Iñaki Artola, eta bigarren jardunaldiko beste partida, Altuna III.a-Jaka, bihar jokatuko da, Gasteizen 17:00etan hasiko den jaialdian. Lehen partida irabazi zuten biek, eta bihar irabazten duena finalerdietan egongo da.