Futbola

Ezin hobeki hasi du liga Eibarrek: 2-0 garaitu du Betis

Andaluziako taldeak ez dio arazo handirik sortu Maria Miralles atezainari, eta, minutu gutxian bi gol sartuta, hiru puntuak Ipuruan gelditu dira. Realak 3-2 galdu du Sevillan.

Eibarko jokalariak eta entrenatzailea, joan den denboraldiko partida batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Eibarko jokalariak eta entrenatzailea, joan den denboraldiko partida batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
inaut matauko rada
2024ko irailaren 7a
20:20
Entzun

Iaz tarte eroso batez Lehen Mailan geratu ostean, ezin hobeto hasi du liga Eibarrek. Joan den denboraldian parez pare aritu zen aurkari bat jaso du gaur Ipuruan, 18:00etan: Betis. Baina, etxeko atea hutsean utzita, eta minutu gutxian bi gol sartuta, hiru puntuak poltsikoratu ditu talde armaginak. Datorren astean Valentziaren aurka jokatuko dute, Ipuruan berriro ere, eta partida hori irabaziz gero, taldeak garbi utziko luke bere buruari jarriak dizkion helburuak aise gainditzeko hautagai izango dela. Betis bezala, Valentzia ere Eibarrengandik oso gertu ibili zen iaz sailkapenean.

Betisek ez du arrisku handiko erasorik egin partida osoan, baina baloia gehiago eduki du, eta gehiago jokatu ere bai. Etxeko taldeak, baina, ez dio utzi eroso jokatzen, eta eraso zuzen eta azkarrekin erantzun dio Andaluziako taldeari. 40. minutuan sartu du partidako lehen gola Ane Camposek. Armaginak markagailuan aurrea hartuta iritsi dira atsedenera; partidari berriro ekin, eta Eibarrek berehala jarri du bi eta hutsekoa markagailuan; Esperanza Pizarro uruguaitarrak sartu du bigarren gola.

Hortik aurrera, erraz defenditu du bere atea Eibarrek, eta markagailuak berdin eutsi dio partida amaierara arte. Maria Miralles Eibarreko atezainak aste honetan azaldu duen moduan, Eibarrengandik espero den hori erakutsi dute Ipuruan, joko zuzena, eta aurrerantzean ere hala jokatzeko intentzioa du taldeak, senari jarraikiz. Talde armaginaren helburua Lehen Mailan geratzea den arren, iazko postua hobetzeko asmoa ere badute —hamargarren izan ziren—, eta gaur erakutsi dute horretarako kapaz direla.

Realaren porrota

Bere aldetik, Realak galdu egin du estreinakoan, Sevillaren zelaian (3-2). Lehen minutuetan zenbait gol aukera huts eginda, atsedenaldira 1-0 galtzen heldu dira txuri-urdinak. Bigarren zatian, Nerea Eizagirrek berdindu du markagailua, baina lau minututan bi gol egin ditu etxekoen Kanteh jokalariak eta erabakita utzi du lehia. Lavogezek azken minutuetan sartutako golak emaitza txukuntzeko soilik balio izan du, Realak beste pare bat abagune izan dituen arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.