Zesta-punta

«Ez dut sekula ahaztuko»

Eñaut Urreisti lehen aldiz ari da jokatzen Winter Series zesta-punta txapelketa. Gazteena da. Bikain ekin dio, hark eta Gorka Sorozabalek aurreneko partida irabazi baitute. «Sekulako oparia da txapelketa hau jokatzea», esan du.

Eñaut Urreisti. GORKA RUBIO / FOKU
Eñaut Urreisti, haren jaioterrian, Mutrikun, atzo. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko urriaren 31
05:05
Entzun

Eñaut Urreistiri (Mutriku, Gipuzkoa, 2004) jo eta jo aritu zaio sakelakoa azken egunetan. «Jokatu aurretik, animo mezu asko jaso nituen, eta jokatu eta gero, zorion mezu asko». «Ametsetako estreinakoa» izan du Winter Seriesen, zesta-puntako txapelketarik garrantzitsuenean: hark eta Gorka Sorozabalek Alex Goitiari eta Julen del Riori irabazi zieten astelehenean, Gernikako (Bizkaia) Jai Alai frontoian. «Lehen partida Winter Seriesen, urriko azken astelehena Gernikan, frontoia beteta, etxekoak eta lagunak harmailan, eta garaipena. Oso polita izan zen».   

Ez du sekula ahaztuko aurkezpena: frontoiko argiak itzali, foku guztiak puntistengana zuzendu, eta ikusleen artean, haien animoak jasota, harmailatik kantxara oinez jaitsi zirenekoa. «Brutala izan zen. Inoiz ez nuen halakorik bizi izan. Ez dut sekula ahaztuko. Orduan konturatu nintzen aurretik egin dudan lan guztiak merezi izan duela, eta hor egotea sekulako oparia dela».

Emozioa eta poza nabari zaio. Egunak daramatza horrela, txapelketa jokatuko zuela esan ziotenetik. «Ez nuen sinetsi esan zidatenean. Urteak daramatzate txapelketa hau jokatzen, eta orain gutxi arte, nik etxean ikusten nituen partidak, telebistan. Baina ondo aritu naiz udan, eta enpresak [Eraman Jai Alaik] lehen aldiz jokatzeko aukera eman dit. Oso pozik nago». Besteak beste, Paueko (Okzitania) Kopa irabazi zuen udan —Gorkarekin aritu zen—, finala jokatu zuen Zumaian (Gipuzkoa), eta finalerdiak Gernikako Grand Slamean.

Ez da harritzekoa lehen partida jokatzeko «irrikaz» egon izana. «Jokatzeko sekulako gogoa nuen, eta halaxe iritsi nintzen frontoira: oso gogotsu». «Lasai» zegoen, harik eta kantxa zapaldu zuen arte. «Gogoa antsietate bilakatu zitzaidan, eta urduri jokatu nuen». «Nahi baino okerrago» aritu zen. «Tanto dezente egin nituen, baina baita dezente huts egin ere. Ez nintzen ondo aritu errebesez eta errematatzen; tantoa landu beharrean, nahiko presaka ibili nintzen. Baina normala da lehen aldia izanik. Hutsetatik ikasi behar dut, hurrengo partidetan hobeto aritzeko».

«Brutala izan zen aurkezpena. Orduan konturatu nintzen aurretik egin dudan lan guztiak merezi izan duela»

EÑAUT URREISTIEraman Jai Alaiko puntista

Hurrengoa dute begiz joa, azaroaren 11n Xabi Barandikaren eta Imanol Lopezen kontra jokatuko dutena. «Gure multzoko faboritoak dira, baita txapelketa irabaztekoak ere, Erkiagarekin eta Ibarluzearekin batera». Badute egitekoa: «Gorkak eta biok ondo aztertu behar ditugu lehen partidan egin genituen hutsak. Ezin ditugu berriro egin, hauek ez baitute barkatuko». «Indartuta» ariko dira. «Ez dugu ezer galtzeko. Ea sustoa eman diezaiekegun. Galduko bagenu, beste aukera bat izango genuke. Ea finalerdietan muturra sar dezakegun. Sekulakoa litzateke».

Inoiz baino gazte gehiago ari dira Winter Seriesen laugarren ekitaldian: hamasei puntistetatik hamarrek dituzte 30 urte baino gutxiago, eta horietatik seik, 25 baino gutxiago. Hain zuzen, gazteena da Urreisti: 20 urte ditu. 23 eskas ditu haren bikotekideak, Gorkak. Hau da, bikoterik gazteena dira. «Gazteak energia askorekin ari gara, eta hori ona da, bai guretzat, baita harrobiko gaztetxoentzat ere, gu indartsu gabiltzan bezala, haiek ere azpitik indartsu bultza dezaten».  

Gora egin du Danian

Finalerdietako ligaxkarako sailkatuko balitz, «zorioneko saltsa» izango luke. «Lehen ligaxkako azken partida jokatu eta bi egunera, AEBetara joango naiz, Daniara. Hiru hilabetez ariko naiz hango frontoian. Beraz, finalerdietarako sailkatuko bagina, etxera itzuli beharko nuke urtarrilean, gutxienez beste hiru partida gehiago jokatu beharko genituzkeelako. Gustura aldatuko dut plana horren arrazoia finalerdiak jokatuko ditugula baldin bada».

Hirugarren denboraldia egingo du Danian. «Gorakada handia» sumatu du han ari denetik. «Egunero jokatzen ikasten da zesta-puntan, eta guk han astean bost egunetan jokatzen dugu; zazpi funtzio dira astean. Entseatu, berriz, egunero entseatzen dugu, eta hori igarri egiten da hona etortzen garenean. Hemen, astean bizpahiru alditan entrenatzen gara, eta partida bat jokatzen dugu. Alde handia da hori. Nik asko hobetu dut Danian ari naizenetik».

Hiru arlotan egin du gora. Hobeto sakatzen du: «Lehen, traketsa nintzen sakearekin, baina, orain, aurrerapausoa eman dut, eta hobeto moldatzen naiz». Hobeto lantzen du tantoa: «Lehen, segituan bukatu nahi nuen; orain, ordea, gehiago lantzen dut. AEBetan kinielen lehiaketa sisteman aritzen gara, eta horretan garrantzi handia du tanto bakoitzak; ez baduzu tanto egiten, kalera zoaz. Hori dela eta, bete-betean borrokatzen gara tanto guztietan. Tantoari balioa ematen ikasi dut. Oso aktiboa eta urduria naiz kantxan, baina, pixkanaka, patxada handiagoz jokatzen ari naiz». Azkenik, indartsuagoa da. «Gora egin dut arlo fisikoan». Hobekuntza horren erakusle da txapeldunorde izan zela azken denboraldian Danian, banakako kinieletan eta binaka. Hark irabazi zituen partida gehien binaka.

«Oso aktiboa eta urduria naiz kantxan, baina pixkanaka, patxada gehiagorekin jokatzen ari naiz»

EÑAUT URREISTIEraman Jai Alaiko puntista

«Zoriontsu» da Danian, bai frontoian, bai frontoitik kanpo. «25 puntistako familia bat gara. Asko egoten gara elkarrekin frontoian, baina baita hortik kanpo ere. Oso gustura bizi gara, eta eguraldia aproposa da. Bizimodu ederra dugu». Puntista ororen ametsa betetzen ari da. «Nik txikitatik joan nahi nuen AEBetara. Hori dela eta, sekulako pena hartu nuen duela hiru urte Daniako frontoia itxi zutenean. Zorionez, gerora, ireki egin dute, eta hiru hilabeteko egonaldiak egin ditzakegu han. Oso pozik joaten gara hara, eta han aritzea da gure ilusioa».

Oraina bizi du, baina etorkizuna ahaztu gabe. Ikasi egiten du, eta horretan ere oso presente dago kirola: mendiko gidari izateko modulu bat ikasi du, eta, orain, pilota eskoletan entrenatzaile izateko titulua atera nahian dabil. «Asko gustatzen zait kirola, eta zer esanik ez zesta-punta. Nire pasioa da. Horregatik da sekulako oparia Winter Seriesetan jokatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.