Arrauna

Estua eta gogorra izango da

Bihar abiatuko da KAE1 liga, Pasai Donibanen. Hamabi talde ariko dira lehian, eta, faboritoren bat nabarmentzen den arren, oso txapelketa parekatua aurreikusten da.

Santurtziko arraunlariak leher eginda aurreko denboraldiko kanporaketan. AITOR ARRIZABALAGA
Santurtziko arraunlariak leher eginda aurreko denboraldiko kanporaketan. AITOR ARRIZABALAGA
pettan uralde
2024ko ekainaren 22a
05:00
Entzun

Igandean hasi, eta abuztu amaieran bukatuko da aurtengo KAE1 liga. Aldez aurretik, liga osatzen duten hamabi klubek beren kartak erakusteko aukera izan dute denboraldi hasierako beste txapelketetan. San Juan, esate baterako, gainontzeko traineruetatik nabarmendu da Espainiako Txapelketan, laugarren postua lortuta. Baina, itxura guztien arabera, aurtengo KAE1 liga estua izango da.

Eusko Label ligatik jaitsitako Santurtzi, eta KAE2 ligatik igotako Portugalete eta Orio B ontziak dira berritasunak aurten. Horiek osatzen, aurreko denboraldian izan ziren Arkote, Deustu, Hondarribia B, Zumaia, Pedreña, Camargo, Lapurdi, Zarautz eta San Juan izango dira. Azken bi traineru horietan arituko dira Aitor Elizondo (Zarautz, Gipuzkoa, 1996) eta Oier Mugarza (Oiartzun, Gipuzkoa, 1999), hurrenez hurren. Biak «gogoz» daude ligari ekiteko.

Elizondok aurreko urtean baino kezka gutxiagorekin igaro du negua, eta baikor da etxeko traineruan orain arte ikusi duenarekin. «Aurreko urtean arraunlari askok utzi zuten taldea, eta aurten ez da hainbesterako izan. Jarraitutasuna eman diogu aurreko urtekoari. Ez gara hutsetik hasten den traineru bat; beraz, koska bat gorago bagaude aurreko urtearekin alderatuta».

«Egindakoarekin oso pozik gaude, baina bihar ikusiko da benetan beste traineruak baino koska bat gorago gauden edo haien maila nolakoa den gurearen aldean».

OIER MUGARZASan Juaneko arraunlaria

Mugarza are baikorragoa da, haren traineruak neguan emandakoa ikusita. Oiartzungo arraunlariarentzat «oso negu polita» izan da alde askotatik. «Luzea izan da; izan ere, Joseba Fernandez entrenatzaile berria etorri da, eta denboraldiaurrea lehenago hasi nahi zuen, taldea ezagutzeko. Aldaketak izan ditugu taldean, ez dugu lortu oinarriari osotasun batean eustea, baina gehiengoa bai, eta, gainera, etxekoak gara».

Erreka-k beldurra sartu die ligako gainontzeko traineruei neguan, eta maila goreneko traineruen artean nabarmendu da txapelketa batzuetan. Mugarza pozik dago herrian berriro ilusioa piztu delako, baina adierazi du orain arte lortutakoa «kontuz» hartu behar dela. «Egindakoarekin oso pozik gaude, baina bihar ikusiko da benetan beste traineruak baino koska bat gorago gauden edo haien maila nolakoa den gurearen aldean. Ez naiz fidatzen ez Lapurdirekin, ez Arkoterekin, ez Santurtzirekin, baina, ezta agian beherago egongo zirela uste genuen Zumaiarekin eta Zarautzekin ere».

Hain zuzen ere, Zarautzek goraka egin du aurreko neguarekin alderatuta. Asier Puertasek zuzendutako taldeak Lekeitioko bandera irabazi du denboraldiaurrean, eta horrek konfiantza eman die, Elizondoren hitzetan. «Denboraldiaurreko sentipenak nahiko onak izan dira, eta Lekeition bandera irabazi izanak konfiantza handia eman digu. Estropada ederra egin genuen, batez ere lehen bi luzeetan. Ligako lehen asteburura iristeko erarik onena izan da».

«Ikusita ondo aritu garela orain arte, uste dut badugula presio puntu hori goiko postuetatik hurbil aritzeko». 

AITOR ELIZONDOZarauzko arraunlaria

Baina Elizondok badaki txapelketa oso estua izango dela, eta dena eman beharko dutela onenen artean aritzeko. «Deigarriena San Juanena da; badirudi besteak baino koska bat gorago dagoela. Egia da aurreko denboraldian data hauetan San Juan eta Lapurdi askoz ere aurrerago zeudela, eta gero ez zen hainbesterako izan. Gainontzekoak nahiko gertu ikusten ditut, eta, orokorrean, liga parekatua aurreikusten dut». Negu baikorraren ondorioz, agian, gora begiratzen hasi beharko da Zarauzko trainerua. «Guri entrenatzaileak ez digu inoiz esaten ohorezko txandan aritu behar dugunik, baina ahalik eta zuku gehien ateratzea da gakoa. Ikusita ondo aritu garela orain arte, uste dut badugula presio puntu hori goiko postuetatik hurbil aritzeko».

San Juanek inork baino presio handiagoa izan dezake orain, baina Mugarza lasai dago liga hasieraren atarian. «Gure helburua da ahalik eta emaitzarik onenak lortzea. Baina, noski, kanporaketak buruan ditugu, eta horren bila joango gara igandetik aurrera». Ondo hasteak ere garrantzia dauka, Mugarzaren hitzetan. «Nahiz eta emaitza onak lortu ditugun orain arte, ez dugu punturik, beste taldeek bezala. Igandetik aurrera horrela jarraitu behar dugu». 

Prest ligari ekiteko

Zarautz txapelketako erritmoan sartuta dago bete-betean, eta, Elizondoren ustez, liga hasteak ez du inola ere hori aldatuko. «Duela bi urte irabazi genuen azkenekoz bandera bat KAE1 mailan, eta urte zeharo gorabeheratsua izan zen. Aurreko urtean apalago aritu ginen, baina gozatuz amaitu genuen. Orain, gose eta ilusio puntu horrekin gaude, bandera bat ekarri dugu etxera, eta ziur nago beste baten bila arituko garela».

San Juanek ezin hobeto hasi du denboraldia, baina oinak lurrean dituztela azpimarratu du Mugarzak. «Denboraldi hasieran esango baligute Espainiako Txapelketan laugarren izango ginela, ez genuke sinetsiko. Josebak guregan gehiago sinesten lagundu digu. Baina oinak lurrean ditugu denok».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.