ARRAUNA. KONTXAKO BANDERA

Urdaibaik erakustaldia eman du Kontxako Banderaren lehen jardunaldian

Zierbena izan da bigarren, hamalau segundora; lehen txandan aritu da. Hirugarren Donostiarra izan da, eta laugarren, Orio.

Urdaibaiko arraunlariak lanean, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Urdaibaiko arraunlariak lanean, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
pettan uralde
2024ko irailaren 1a
13:03
Entzun

Bandera sorta handia eskuratu du Urdaibaik denboraldi osoan zehar, eta oraindik beste batzuk lortuko dituela ere esan daiteke. Kontxako Bandera, esate baterako. Bermeoko taldeak bandera erdia lortu du lehen jardunaldian, hamalau segundo sartu baitizkio Zierbenari, eta hamabost Donostiarrari. Oriok osatuko du ohorezko txanda datorren igandean.

Zierbena zen lehen txanda irabazteko hautagai nagusia. Dani Perezek zuzentzen duen taldeak oso lan ona egiten du joaneko luzeetan, eta hasieratik izan da nagusi txandakideen aurka. Hondarribia ere indartsu hasi da, baina galipoek nahiko laster zabaldu dute ontzi baten aldea. Cabo hasieratik aritu da atzetik, eta Kaikuk, zeinak lehen kaletik erabat istriborrera jo baitu, denbora gutxi galdu du estropada buruarekin.

Bost segundoren aldea lortu orduko, Borja Gomez Zierbenako patroiak bere ontziaren norabidea aldatu du. Hondarribiaren kalean sartu da aukera ikusi orduko, denbora tartea segundo pare batean handitzeko. Kaikuren eta Caboren arteko lehian, Bizkaitarrak gogor eutsi dio hasieran jarritako palakada erritmoari, eta lan erdietan Galiziako taldeari bost segundo baino gehiagoren aldea ateratzea lortu du.

Zierbenako arraunlariak izan dira lehenak ziaboga ematen, denborarik galdu gabe, maniobra dotore eginda. Hondarribiak zazpi segundora egin du hori, baina, bertatik atera orduko, Zierbena oraindik ere urrutiago zuten. Kaiku bost segundo geroago heldu da Ama Guadalupekoa-ren aldean, eta Cabo, hogei segundo geroago.

Bigarren luzean lau ontziek ababorrera egingo zutela zirudien, baina bakoitzak bere kaleari eutsi dio. Zierbena nagusitu da luze horretan ere, oraindik lanak bukatzeko bost minutu falta zirela erasoa emanda. Gomezek zaldiak askatu ditu, eta, minutuko 42 palakada emanda, ziztu bizian egin ditu eremuko azken metroak. 19:19ko denbora ezarri du helmugan, eta, bigarren txanda oraindik jokatzeko zegoen arren, Zierbenaren denboraldiko lanik onena izan zitekeen. Borja Gomez patroia gustura geratu da bere eskifaiak egindakoarekin: «Bagenekien dena alde jartzen bazitzaigun erlojupeko lana izango zela, eta estropada bikaina osatu dugu. Gure lana ondo egin dugu».

Hondarribiak ere lan ona egin du, ez baita inongo momentutan estropadatik erori, eta hamahiru segundora besterik ez da geratu. Kaikuren denbora ere harrigarria izan da, 26 segundora iritsi baita helmugara. Cabo nahiko apal aritu da, eta Zierbenak baino 43 segundo gehiago behar izan ditu. 

Dena erabakitzeko zuten bigarren txandako ontziek. Urdaibai, faborito nagusia, laugarren kaletik irten da, eta hirugarrenean, gertu, Donostiarra izan du, lehiakide nagusia. Orio ere azkar atera ohi da, eta lehen kaletik sekulako irteera egin du. Getaria ez da abiada handian ateratzen, eta sei segundoko atzerapena pilatu du segituan. 

Urdaibai eta Orio egurrean aritu dira, eta denbora bera markatu muturreko kaleetan; Donostiarrak gertutik jarraitu die. Zierbenak lehen txandan markatutako denborak bigarren txandako oilarren artean jarraitzen zuen, baina Urdaibaik eta Oriok gainditu egiten zuten batzuetan. Ziaboga bikain hartzea ezinbestekoa zuten txandako lehen hiru ontziek.

Ziaboga bost segundo azkarrago egin du Bermeoko traineruak Zierbenarekin alderatuta, eta Orio galipoen denbora beretan zegoen. Donostiarra zortzi segundora zegoen, eta Getaria, hogeita bira. Baina, maniobraren ondoren, Donostiarrak gogotik estutu du, eta Orioren pare jarri da, biak Zierbenaren denboren atzetik. Urdaibaik estropada txikitu egin du, eta luze ikusgarria osatu du hirugarren eta laugarren kaleen artean nabigatuz. 

Ez dute indarrik gorde

Mila metroren faltan markatu du lehen aldiz Urdaibaik hamar segundoren tartea lehen txandako Zierbenaren aldean, eta Gorka Aranberri patroiak oraindik ere gehiago estutzen jarraitzen zuen bere kuadrilla. Donostiarra Zierbenaren denboretatik hurbil zebilen, eta Oriok, berriz, gehiago estutu behar izan du Hondarribiaren denbora ez kaskartzeko.

Bermeotarrak ohituta daude erakustaldiak ematera, baina gaurkoa zaila izango dute errepikatzeko. Nabarmen nagusitu da, eta azken metroetan, hurrengo igandean salbatzeko oso zailak izango diren denbora tarteak lortu ditu. Bou Bizkaiak 19:05eko denbora markatuta, Zierbena sailkatu da bigarren, hamalau segundora, eta haren atzetik helmugaratu da Donostiarra, hirugarren, Zierbena baino segundo bat geroago. Oriok lan itzela egin du brankaz, baina poparean luze samar egin zaio; hala ere, ohorezko txandan ariko da hurrengo astean, hogeita bost segundora sartu baita. Getariak sufritu du gehien, eta 46 segundora sartu da.

Gorka Aranberri, Urdaibaiko patroia, oso harro geratu da bere arraunlariek egindako lanarekin: «Asmoa estropada txikitzea zen, eta denboraldi osoko estropada onena egin dugu». Ezin hobeto aritu da Iker Zabalaren eskifaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.