Bizikleta gainera itzulita, badoa

Ia guztiz osatu da Mikel Iturria, apirilean eroriko larria izan ostean. Halere, txirrindularitza profesionala uztea erabaki du. Naturaltasunez hartu du erabakia. «Ez dut haserre bukatu ziklismoarekin». Are gehiago, bizikletan «gozatzen» ari da berriro.

Mikel  Iturria, erretiroa hartu berritan, bizkleta gainean. JON URBE / FOKU
Mikel Iturria, erretiroa hartu berritan, bizkleta gainean. JON URBE / FOKU
enaut agirrebengoa
2024ko urriaren 31
05:05
Entzun

Nahi baino lehenago iritsi da helmugara Mikel Iturria (Urnieta, Gipuzkoa, 1992). Istripua izan zuen Romagnako Itzulian (Italia), eta behin sendatuta, txirrindulari profesional izateari utzi dio. Esprint betean erori zen, tokiz kanpo zegoen motor batekin tupust eginda, eta hausturak izan zituen tibian, peronean eta ornoetan, garezurreko traumatismoaz gain. Errehabilitazioa ekainean hasi zuen, eta ordurako bazekien zail izango zuela tropelera itzultzea. «Ez nuke erretiratu nahiko eroriko honen ondorioz, baina gerta daiteke». Eta gertatu da. Lesioek luzaroan geldi egotera behartu dute, eta «buelta asko» eman dizkio buruari. Bada, erretiroa hartzea erabaki du azkenean. Txirrindulari profesional gisa 11 urteko ibilbidea utziko du atzean. 

«Pozik» dago hartutako erabakiarekin, «momentu txarrak» ere eduki dituen arren. «Bizitza guztia pasatu dut bizikletan lehiatzen, eta oso triste sentitu nintzen erabakia hartu nuen egunean. Ordea, neure burua ez nuen jada tropel profesionalean ikusten». Erorikoak guztiz aldarazi dio ikusmoldea. «Beste pare bat urtez jarraitzeko gogoa nuen istripuaren aurretik; orain, ordea, zentzurik ez diot ikusten jarraitzeari, kontuan izanik zer maila dudan erorketaren ostean, eta zer norabide ari den hartzen txirrindularitza, puntuak erdigunean jarrita». Ez zeukan eskaintzarik datorren urteari begira –Euskaltelen aritu da 2020az geroztik–, ezta ate joka aritzeko gogorik ere. 

Lesioak behar bezala osatzea zen Iturriaren kezka nagusia. Bada, eta alde horretatik, garaipen zaporea dauka, berriki sendagiria jaso baitu. «Urtea bizikleta gainean bukatuko dut, eta gozatzen, gainera. Sekulakoa da». Larriak izan ziren erorikoaren ondorioak, baina prozesua «nahiko azkarra» izan dela azaldu du Iturriak. Erori eta bi hilabetera kendu zioten hanka babesteko bota, eta hortik gutxira, lepokoa ere erantzi zuen. «Lepoan aurrenekoz izan dut lesioa, eta beste hausturekin alderatuz, bestelako sentsazioa eduki dut. Oso gogortuta izan dut lepoa, eta oraindik minberatuta esnatzen naiz batzuetan. Baina pixkanaka, erabateko normaltasuna berreskuratzen ari naiz». 

Gorputzean ez ezik, buruan ere arrastoa uzten dute halako ezbeharrek. Iturriari zaila egin zitzaion berriz ere errepidera ateratzea. «Lehen bi hilabeteak ez ziren batere samurrak izan. Ez nintzen batere seguru sentitzen. Behintzat, anaia eta lagun asko ere bizikletan ibiltzen dira, eta horrek asko lagundu dit. Lana daukat oraindik fisikoki lehen bezala egoteko, baina azken asteetan berriz ere txirrindularitzaz gozatzen ari naiz». 

«Ahaztezina izan zen Vueltako garaipena. Ez irabazita ere, azken 25 kilometroetan bizi izandakoa ez zidan inork kenduko»

MIKEL ITURRIAEuskaltel Euskadiko txirrindularia

Umetan osabarekin pasatzen zituen udarak, eta haren baserri inguruan eman zituen lehen pedalkadak. «Osabarekin inguruko aldapa guztiak igotzen nituen. Halaxe hasi nintzen. Esku pilotan ere aritzen nintzen, baina dohain hobeak nituen bizikletan ibiltzeko». Euskalteleko txirrindulariak ere miresten zituen. Besteak beste, Haimar Zubeldia, Iban Mayo eta David Etxeberria izan zituen ispilu. «Sekulako urteak izan ziren euskal ziklismoarentzat, eta txikitatik izan nuen profesional mailara iritsi eta Euskaltelen aritzeko ametsa. Bete egin dut azkenean, eta oso harro nago horrekin». 

Bidean, ordea, hainbat oztopo topatu du Iturriak. Horregatik, «borrokalari» gisa definitu du bere burua. Gorabeheratsuak izan ziren lehen urteak. 2013an bihurtu zen profesional, Euskadi fundazioan. «Urte hartan Euskaltelek beste bide bat hartu zuen, eta banaketa horrek erdian harrapatu ninduen. Gero Euskaltel desagertu egin zen, eta 2015ean Euskadi fundazioak bertan behera utzi zuen Kontinental mailako taldea. Hori horrela, urtebetez amateur mailan jardun behar izan nuen». 

Urdazubin jo zuen goia

Muriasen eskutik itzuli zen elitera, 2016an. Talde horretan lortu zituen emaitzarik onenak. «2017an femurra hautsi nuen, baina hurrengo bi denboraldietan oso erregular aritu nintzen». Erregular, eta distiratsu, etapa bat irabazi baitzuen 2019ko Vueltan. Ez zen edozein etapa izan, gainera, helmuga Urdazubin (Nafarroa) egonik. «Egun ahaztezina izan zen. Ez irabazita ere, azken 25 kilometroetan bizi izandakoa ez zidan inork kenduko, ezagun asko bainituen bide bazterrean, lasterketa zuzenean ikusten». Euskaltelen, ordea, «jarraitutasuna» falta izan zaio. «Bi Vuelta egin ditut Euskaltelekin, eta ez dut nire maila eman ahal izan. Arantza hori gelditu zait». 

Taldea ziklo aldaketa betean da, UCIren puntu sistemara egokitu ahal izateko. «Ez nago ados sistema honekin. World Tourra liga itxi bat egitea du helburu, eta kalte handia egiten die talde apalagoei. Euskaltel kanpoko ziklistak ekartzen hasi da orain, eta denborak esango du erabaki ona den edo ez». Iturriak, oraingoz, distantzia hartuko du ziklismoaren munduarekin. «Agian beste zeregin batekin itzul ninteke, baina hausnartzeko tarte bat hartu nahi dut lehenik, eta etxeko ofizioa ikasi; amak taberna dauka». Txirrindularitza jarriko ote du tabernako telebistan? «Ni lanean banago, behintzat, bai. Ez dut haserre bukatu ziklismoarekin, eta zale gisa biziko dut aurrerantzean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.