Nerea Zusberro Alberro.
Futbol entrenatzailea eta kazetaria

Bitxikeria taktikoak

2024ko uztailaren 5a
05:15
Entzun

Eslovakiak eta Esloveniak ez zuten ondo egindako lanaren saria lortu. Eurokopa honi kolorea eta emozioa eman dioten selekzio txiki gutxi geratzen da jada. Ausartuko nintzateke esatera talde kirola den futbola duindu dutela. Txapelketak ondorio argia uzten jarraitzen du: faboritoak ez dira haiengandik espero zen maila ematen ari. Oraingoz, banakako kalitatea lantaldeari gailentzen ari zaio.

Bertute eta akats berberak

Frantzia eta Portugal txanpon beraren bi aldeak dira. Bi entrenatzaileak funtzionatzen ez duten erasoko formulei jarraipena ematen ari dira. Didier Deschampsek Griezmann hegalean zigortzen du zelai erdian hiruko defentsiboari eusteko. Zigortuta dagoen Rabiot gabe, ikusiko dugu ea Griezmannek bere lekua hartzen duen; hura da talde bat bihurtzeko gaitasuna duen jokalari bakarra. Roberto Martinezek, ordea, Portugalek barrutik sortzen duen karratuan kokatu du Cancelo, eta, hor, bizitasuna eta aurkariei min egiteko gaitasun guztia galtzen du.

Hala ere, kalitaterik handieneko atzelariak dituzten bi selekzioak dira: Upamecano-Saliba eta Pepe-Dias bikoteak etengabeko faktore zuzentzaileak dira defentsako trantsizioan. Gainera, bi taldeek arrisku eremu bera partekatzen dute: Theo Hernandezen bizkarra Frantziaren kasuan, eta Cancelorena, Portugalenean. Biak bat datoz sektore berean. Ea nor ateratzen den bizirik.

Lehia berritua

Estiloa hobekien berritu duten selekzioak dira posizio futbolean ondoen aritu direnak. Espainiak desordenan aurkitu du bere aliaturik onena. Luis de la Fuentek onartu du merezi duela arriskuak hartzea Nico Williams eta Lamine Yamal indartzeko. Barruko erdilariak areatik gertu kokatzeaz gain, hegalak barrutik finkatzen ditu. Beraz, ez dago inolako euste-hormarik aurkariaren kontraerasorako. Julian Nagelsmannek, Havertz ez ezik, Laporte eta Le Normandekin bi biren aurka lan egingo duen beste jokalari bat ere bilatu beharko luke Espainiari min egiteko.

Aurkia eta ifrentzua

Bere baliabideak hobekien estutzen dituen selekzioak eta talentu gehien galtzen duenak topo egingo dute final-laurdenetan. Ingalaterrak ez du jakingo zer egin baloiarekin. Suitza oso fidagarria da 1-5-4-1ean kokatuta, eta Gareth Southgateren jokalariak ez dira gai izan ondo antolatutako bloke baxuei aurre egiteko. Baina Murat Yakinen taldeari baloia ematea arriskutsua da. Suitza ikusgarri dabil posizio aldaketetan eta mugikortasunean, lerro guztietan. Eurokopa honetako harribitxi taktikoa da.

Bolada onean

Herbehereek eta Turkiak euren onena erakutsi dute final-zortzirenetan. Ronald Koemanek eta Vincenzo Montellak hiru erdiko atzelari eta bi euskarri peto ipinita lortu dute Xavi Simons-Gakpo bikotea eta Gueler lerroartean eroso aurkitzea. Kanporaketa dibertigarria izango dela ematen du, eta hau ere gazteek gobernatuta egongo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.