Kontxako Bandera

Beste erakustaldi bat emanda irabazi du Urdaibaik Kontxako Bandera

Poparean hegan egin du 'Bou Bizkaiak', eta, hala, estropada eta bandera Bermeora eraman. Gorka Aranberrik Aita Manuelen marka berdintzea lortu du Kontxako Bandera bederatzigarrenez irabazita.

Urdaibaiko arraunlariak eta zaleak Donostiako kaian, gaur. JUAN HERRERO / FOKU
Urdaibaiko arraunlariak eta zaleak Donostiako kaian, gaur. JUAN HERRERO / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko irailaren 8a
12:00
Entzun

Bigarren igandean, lehenengoan bezala, erakustaldia eman du Urdaibaik, eta Kontxako Bandera irabazi. Kosta egin zaie brankaz tartea zabaltzea, baina poparean, haizea kontra izan arren, hegan egin dute. 26 segundoren aldearekin irabazi dute, azkenean. Horrela, Aita Manuelek adina Kontxako bandera irabaziak ditu jada Gorka Aranberri patroiak: bederatzi. Iker Zabala entrenatzaileak, berriz, hamargarrena lortu du; laugarrena teknikari moduan. Hondarribia izan da hirugarren estropadan, eta sailkapen nagusian, berriz, Donostiarra.

Lau ontziek parean egin dute lehen minutua, oso bizkor hasita. Baina bigarren minutua bete gabe zenean, Urdaibaik hartu du estropadaren burua. Bi segundoko aldea zeukan txandakideekin lehen luzearen lehen erdian. Eta Hondarribia, lehen txandako garailea, sei segundora zegoen ordurako. Pixkanaka-pixkanaka, Oriok aurrera egin du. Nahi zuten arraunketa lortu dute brankaz, eta mirotzak Urdaibairen ondoan jarri dira ziabogan. Haiengandik lau segundora iritsi da Donostiarra, eta bostera Zierbena.

Poparean, ordea, erakustaldia eman du Urdaibaik. Hegan egin du Iker Zabalaren taldeak, eta berehala utzi du Orio zazpi segundora. Minutu erdian bost segundo handitu du aldea, eta, hortik aurrera, txandakideek ikusi ere ez dute egin . Bandera irabazi dute, eta bi igandeetan erakustaldia emanda, gainera. 19 minutu eta lau segundoan amaitu ditu lanak, eta aurreko igandean egindako denbora berdindu.

Sailkapen nagusiko bigarren posturako lehia estua izan dute beste hiru taldeek. Oriok behera egin, eta Zierbenak aurrea hartu dio. Galipoek lehen kaletik laugarrenera egin dute, eta brankaz baino gehiago estutu dute poparean. Hala, bigarren izan dira estropadan, eta baita sailkapen nagusian ere. Orio izan da txandako hirugarrena, 16 segundora, eta Donostiarra laugarrena, 21era. Hala ere, Hondarribiak —lehen txandan aritu dira— aurre hartu dio Oriori. Donostiarra seigarren izan da, Getaria sartu baita Orioren eta haien artean.

Hondarribia, bikain

Lehen txandan hortzak estututa abiatu da Hondarribia. Ohorezko txandatik kanpo gelditzea kolpea izan da haientzat, eta herriko festak diren honetan lan bikaina egin du lehen txandan. Zulo handia zabaldu dute hasieratik, eta hiru segundo baino gehiagoren aldea zeukaten hirugarren minutua bete gabe zenean. Getariak ahal bezala eutsi dio. Esperantza-k berehala galdu ditu hiru segundo, bi minutuan. Baina Ama Guadalupekoa-rengandik sei segundora iritsi dira ziabogara. Cabok eta Kaikuk segundo andana galdu dute. Beste biak baino apalago aritu dira ligan, eta nabarmen ikusi da hori: txandakideengandik urruti gelditu dira. Hondarribiarengandik hamabi eta hemeretzi segundora iritsi dira ziabogan, hurrenez hurren.

Getariak tinko eutsi dio Hondarribiaren enbidoari. Lau segundora hurbildu dira ziabogatik atera berritan, eta lehia estua izan dute bi gipuzkoarrek poparean. Hondarribiak nahi bezala mugitzeko aukera zeukan, eta laugarren kalera jo du, Getariari kalea irabazita. Esperantza, orduan, bosgarrenera joan da. Baina mugimendu horretan bizpahiru segundo galdu ditu Unax Eizagirrek. Amaieran, zazpi segundoren aldearekin irabazi du txanda Hondarribiak. 19.18ko denbora markatu du, Zierbenak, hau da, aurreko astean bigarren izan zenak lortu zuena baino segundo bat gutxiagokoa. Cabo eta Kaiku Hogeita hamar eta berrogei segundora iritsi dira, hurrenez hurren. 

Kontxako Bandera. Sailkapen nagusia:

1- Urdaibai. 38.10.08

2- Zierbena. 38.36.78

3-Donostiarra. 38.46.70

4-Orio. 38.51.64

5-Hondarribia. 38.51.66

6-Getaria. 39.17.72

7-Kaiku. 39.44.90

8-Cabo da Cruz. 39.51.22

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.