BERA BERA 35-23 ATLETICO GUARDES

Bera Bera Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatu da

Donostiako taldeak nagusitasunez irabazi dio Atletico Guardesi final-laurdenetan, Illunben. Malagaren aurka jokatuko du bihar finalerako sailkatzeko partida.

Laura Hernandez Bera Berako jokalaria, jaurtitzeko prest. ANDONI CANELLADA / FOKU
Laura Hernandez Bera Berako jokalaria, jaurtitzeko prest. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko maiatzaren 10a
22:11
Entzun

Atletico Guardesek mutu utzi zuen Donostiako Illunbeko pabiloia duela bi urte: Bera Bera kanporatu zuen Espainiako Kopa finalerdietan. Gaur, ordea, poza izan da Illunbeko harmailetan partidaren amaieran. Oraingoan, etxeko taldeak ez du huts egin Galiziakoaren aurka, eta nagusitasunez irabazi dio final-laurdenetako azkeneko neurketan: 35-23.

Finalerdietarako sailkatuta, lehen urratsa egin du Imanol Alvarezek entrenatutako taldeak bigarren urtez jarraian Kopa irabazteko. Bihar eman nahi du hurrengo pausoa. Malagaren aurka jokatuko du bigarren finalerdia, 19:45ean (Teledeporte). Espainiako taldeak Elx kanporatu du gaur penalti jaurtiketetan: 33-34. Malaga, beraz, etxekoak baino nekatuago egongo da.   

Bera Berak eta Malagak joan den igandean jokatu zuten elkarren aurka Espainiako Ohorezko Mailako finalerdietako joaneko partidan, eta etxeko taldea nagusitu zen Gaska kiroldegian: 22-21. Beste horrenbeste egin nahi du bihar. Finala jokatzea litzateke saria. Granollers eta Aula Valladolid arituko dira beste finalerdian, 16:30ean (Teledeporte). Katalanek Elda Prestigio kanporatu dute gaur: 31-27. Espainiarrek, berriz, Porriño: 24-26.

Bera Berak oso gogotsu ekingo die finalerdiei. Aurreneko etxeko lana oso ondo egin izanak are eta indar handiagoa emango dio. Taldeko kide guztiek behin eta berriro esan dute azkeneko egunetan denboraldiko sasoirik onenean daudela, eta gaur erakutsi dute hori, nagusitasunez aritu baitira, defentsan eta erasoan.  

Guardesek ez du inoiz aukerarik izan etxeko taldea ezustean hartzeko; partida hasieran besterik ez: 2-2. Etxekoek hiru gol sartu dituzte jarraian, eta hortik aurrera aurretik izan dira beti, eta, pixkanaka-pixkanaka, aldea handituz joan dira. Guardesek garesti ordaindu du baloi mordoa galdu izanak. Inork zigortu badu, Emma Boadak zigortu du. Zazpi golen aldea izan du Bera Berak lehen zatian (15-8), eta seirena atsedenaldian (16-10).

Bigarren zatiaren hasieran Guardesek ahalegina egin du, eta lau golera jarri da (16-12). Baina Bera Berak jarraian lau gol sartuta erantzun du. Horri esker, alderik handiena lortu du, zortzi golena: 20-12. Minutu asko falta ziren, baina erabakita zegoen partida. Horri esker, Alvarezek aukera izan du txandakatzeak egiteko, biharko finalerdiari begira indarrak kudeatzeko asmoz. Hala ere, aldeak gora egin du. Azkenean, garaipen argia lortu dute etxekoek, eta festa izan da Illunben. Bihar, ustez, oso bestelako partida izango da.     

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.