FUTBOLA

Batzuk, txukun; besteak, juxtu

Lehen lau partiden ostean, Alaves seigarren doa, eta Osasuna, zazpigarren, Espainiako ligako lehen mailan. Reala eta Athletic, ostera, hamabigarren eta hamahirugarren doaz, hurrenez hurren.

Alaveseko jokalariak Las Palmasen aurkako garaipena ospatzen, igandean Mendizorrotzan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Alaveseko jokalariak Las Palmasen aurkako garaipena ospatzen, igandean Mendizorrotzan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko irailaren 4a
05:00
Entzun

Emakumezkoen denboraldia hasiko den astean, atsedenaldia izango du gizonezkoen Espainiako futbol ligak. Lau jardunaldi osatu dituzte jada, eta, horien ostean, Bartzelona doa lehen postuan. Jokatutako lau partidak irabazi ditu Kataluniako taldeak. Haien atzetik doaz Real Madril, Atletico Madril eta Vila-real; hirurek bina partida irabazi, eta bina berdindu dituzte. Euskal taldeei dagokienez, Alavesek eta Osasunak txukun ekin diote ligari; ez, ordea, Realak eta Athleticek.

ALAVES

Toni Martinez izan da txinparta

Hasiera kaskarra egin bazuten ere, bolada onean sartu da Alaves. Celtaren zelaian galdu eta, etxean, Betisen aurka berdindu ostean, bi garaipen lortu dituzte erreskadan. Toni Martinez izan da sua piztu duen txinparta. Joan den astean fitxatu zuten Portotik, eta, iritsi berritan, garaipenaren gola sartu zuen Anoetan. Reala 1-2 hartu zuen mendean Alavesek. Eta igandean ere ez zen esku hutsik joan aurrelari espainiarra; 2-0koa egin zuen Las Palmasen aurkako neurketan —horrela amaitu zen partida—.

Ligan seigarren postuan doaz, zazpi punturekin. Luis Garcia Plazaren jokalariak sendo ari dira defentsan eta fin erasoan. Fitxaketak ongi moldatu dira taldearen jokora, eta erabakigarriak izan dira azken partidetan. Toni Martinezez gainera, Eibarretik iritsitako Stoichkov ere funtsezkoa izan da azken partidetan. Eta joan den neguan fitxatu zuten Carlos Vicente ere garrantzitsua ari da izaten. Horrez gain, atean sendo aritu da lehen partidetan Sivera. Hurrengo neurketa hilaren 14an jokatuko dute, Espanyolen zelaian.

OSASUNA

Ondo hasi da Vicente Moreno

Jagoba Arrasateren aldia amaitu da aurten. Sei denboraldiren ostean, Berriatukoak Osasuna utzi du, eta Vicente Moreno da orain taldearen gidaria. Ez zuen amestutako debuta izan, berdindu egin baitzuten lehen partida Leganesen aurka. Hurrengo partidan, baina, lehen garaipena lortu zuten; Sadarren, Arrasateren talde berria, Mallorca, garaitu zuten.

Ez zuten punturik eskuratu Gironaren zelaian. Iazko ligan hirugarren amaitu zuen Gironak, eta ez zien aukerarik eman gorritxoei: 4-0 galdu zuten. Halere, igandean erakutsi zuten Gironakoa salbuespena izan zela. Etxean, nagusitasunez gailendu zitzaizkion Celtari; nahiz eta, zenbait huts direla medio, Galiziako taldeak behar baino estuago hartu zuen Osasuna; 3-2 amaitu zuten. Partida horretan, azken fitxaketak sartu zuen gola: Enzo Boyomok. Eta, egun berean, Aimar Orozen berritzea iragarri zuten; 2029ra arte arituko da Osasunan. Nafarroako taldea zazpigarren doa; Alaves bezalaxe, zazpi punturekin. Rayo Vallecanoren aurka jokatuko du hurrengo partida.

REALA

Ea azken fitxaketekin...

Gabezia nabarmenak sumatu ditu Imanol Aguacilen taldeak denboraldi hasiera honetan. Azken urteetan taldearen jokoan funtsezkoak izan diren bi jokalari galdu dituzte txuri-urdinek: Arsenalera joan da Mikel Merino, eta Atletico Madrilera Robin Le Normand. Imanolen taldea ez da bete-betean aritu lehen partidetan. Lau puntu bildu dituzte, eta hamabigarren doaz ligan.

Halere, aldaketak etor daitezke. Joan den ostiralean amaitu zen fitxaketak egiteko aldia, eta, azken orduan, bi fitxaketa iragarri zituen Realak: Orri Oskarsson eta Najef Aguerd. Donostiako taldeak bolada txarra eten nahi du haiekin. Real Madril hartuko du etxean hurrengo partidan, eta hilaren amaieran Europa ligako partidei ere ekingo diete.

ATHLETIC

Aurkari gogorrak izan ditu

Realak bezala, lau partidetan lau puntu eskuratu ditu Ernesto Valverderen taldeak. Valentziaren aurkako partida irabazi zuten, eta Getaferen aurkakoa, berdindu. Beste bi neurketetan, ordea, ez dute punturik bildu. Halere, itxura ona eman zuten Bartzelonaren etxean; eta Atletico Madrilek luzapenean sartu zuen garaipenaren gola San Mamesen.

Partiden emaitzak alde batera utzita, zuri-gorriek garaipen garrantzitsu bat lortu dute: Nico Williamsek taldean jarraituko du. Zurrumurruek zioten taldea utziko zuela, baina, azkenean, bertan geratuko da. Leganesen etxean jokatuko dute hurrengo neurketa; eta, Realaren moduan, Europa ligari ekingo diote hilaren amaieran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.