ERREMONTEA

Azken txotxa Galarretan

Ezkurra II.a eta Azpiroz eta Urriza eta Martirena elkartuko dira Sagardoaren Txapelketako finalean, txapelketako lehen partidan bezala. Orduan, Ezkurrak eta Azpirozek irabazi zuten, baina finala oso parekatua izatea espero dute bi bikoteek.

GALARRETA
Urriza, Martirena, Ezkurra II.a eta Azpiroz herenegun, Galarretan. MAIALEN ANDRES
inaut matauko rada
2024ko ekainaren 23a
05:00
Entzun

Aurtengo Sagardoaren Txapelketa azken txotxera iristen ari da, eta txapela etxera eramateko hautagaiak Ezkurra II.a eta Azpiroz (Alorrenea sagardotegia) eta Urriza eta Martirena (Aburuza sagardotegia) dira. Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta frontoian jokatuko da finala, astelehenean, 20:00 aldera, eta ETB1en 22:15ean emango dute. Finalistek txapelketako lehen jardunaldian ere jokatu zuten elkarren aurka, eta partida lehia bizikoa izan zen. Lehen seta Urriza eta Martirenarentzat izan zen, 15-10 gailendu baitziren, baina bigarren seta 3-15 galdu zuten. Hala, berdinketa hausteko setean Ezkurra II.a eta Azpiroz izan ziren garaile, 8-5.

Bi bikoteek oso parekatua ikusten dute asteleheneko norgehiagoka. Txapelketako bikote onenak direlakoan daude, eta datuek ere hala diote: ligaxkan norgehiagoka oso estua izan zuten bien artean, lehen eta bigarren amaitu zuten fase hori, eta biak iritsi dira finalera.

«Bikote oso indartsuak gara, eta biak sasoi oso onean gaude: partida parekatua da».

EZKURRA II.aErremontista

Ezkurra II.ak azaldu du txapelketa aurkeztu zenean garbi zuela Urriza eta Martirena zirela onenak: «Txapelketa hasieran galdetu ziguten guztiei ea zer bikote zen faboritoa, eta nik haiek aipatu nituen, argi eta garbi, iruditzen baitzait oso bikote indartsua direla». Lehen partida, baina, Ezkurra II.ak eta Azpirozek irabazi zuten; hala ere, emaitza horretaz ez da fio Ezkurra II.a: «Badakigu Urrizari kosta egiten zaiola txapelketan sartzea, baina aurrera joan ahala gora egiten duela, eta hori demostratu zuten. Galdu egin zuten gure kontra, baina, gero, partida guztiak irabazi dituzte».

Uste du finala «guztiz ezberdina» izango dela: «Bikote oso indartsuak gara, eta sasoi oso onean gaude: partida parekatua da».

Urrizak ere hitz onak baino ez ditu aurkarientzat. Hark ere pentsatzen du beste bikotea zela faborito torneoaren hasieran: «Ez nik bakarrik, uste dut lehiakideen gehiengoak ikusten genituela txapela hau irabazteko faborito gisa». Hori dela eta, uste du aurkariek dituztela aukera gehien finala irabazteko, nahiz eta, Ezkurra II.ak bezala, finala oso parekatua ikusten duen: «Uste dut aukerak izan ditzakegula. Baina, orain, uste dut haiek direla faborito. Ligaxkan irabaztear egon ginen, eta gauzak oso ondo egiten baditugu, aukerak izango ditugu». Tentsio handiko partidak eta egunak direla azaldu du, baina iruditzen zaio detaileak haien aldekoak badira posible dela txapela etxeratzea.

«Ligaxkan irabaztear egon ginen, eta, gauzak oso ondo egiten baditugu, aukerak izango ditugu».

URRIZAErremontista

Urrizak azaldu duenez, nahiz eta ligaxkako lehen partida galdu, txapelketa ona egin dute: porrot horren ostean, partida guztiak irabazi zituzten, baina finalerdia gogorra izan zuten. Beste bikoteak hobe hasi zuen ligaxka, eta  Ezkurra II.ak onartu du sailkatuta zeudela ikustean lasaitu egin zirela; partida bat galdu zuten, eta hurrengoa hirugarren setean irabazi. Hala ere, finalerdirako berriro piztu ziren, eta «nahiko erraz» irabaztea lortu.

Bikotekideez fio dira

Biek ala biek laudorioak baino ez dituzte bikotekideentzat. Ezkurra II.ak azaldu du bera nahiko erasokorra dela, eta partida puskatzen saiatzen dela, baina Azpirozek, berriz, jokaldia ziurtatzeko joera duela gehiago. Aurkariekin, aldiz, kontrakoa pasatzen dela uste du: «Urrizak defentsa gehiago lantzen du, baina Martirenak, bere indarrarekin, partida puskatzen edo min egiten saiatzen da». Azpirozekin lehenagotik «kristoren harremana» duela onartu du: «Esan zidatenean Azpirozekin jokatu behar nuela, banekien txapelketa ona egin behar genuela: batetik, ondo konpontzen garelako, baina, bestetik, oso bikote polita egiten dugulako».

Urrizak ere «estimu» handia dio Martirenari: «Bidaia asko egiten ditugu elkarrekin Galarretara, eta pertsona zoragarria da. Horrez gain, potentzial handia du pilotaria gisa. Uste dut txapelketak aurrera egin ahala hobera egin dugula, eta sinisten badu eta partida ona egiten badu, aukera asko izango ditugu. Oso polita izango litzateke harekin txapela irabaztea, ilusio handia piztuko lidake».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.