Txirrindularitza

Ibai Azurmendi: «Arritmiak ikusita, erabakia ez zen hartu beharrik izan»

Txirrindularitza utzi ostean, doluaren prozesuan murgilduta dago, baina ez du irribarrea galdu. Esker oneko hitzak besterik ez ditu «ametsa betetzen» lagundu diotenentzat.

 Ibai Azurmendi, Leitzako plazan. JAGOBA MANTEROLA/FOKU
Ibai Azurmendi, Leitzako plazan. JAGOBA MANTEROLA/FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko apirilaren 23a
05:05
Entzun

Nahi baino lehenago esan behar izan dio agur goi mailako txirrindularitzari Ibai Azurmendik (Leitza, Nafarroa, 1996). Euskaltel-Euskadi fundazioko txirrindularia ondoezik sentitu zen otsailean lehiatu zuen O Gran Camiñon, eta, probak egin ostean, bihotzean asalduak zituela ikusi zuten. Berehala ohartu zen ezingo zuela bere ametsarekin jarraitu. 

Astebete igaro da sare sozialetan albistearen berri eman zenuenetik. Lehenik eta behin, zer moduz zaude?

Ondo nago. Dena gainditzen ari naiz oraindik, eta buelta ematen. Lehentasuna osasunari eman diot, eta pozik nago ondo nagoelako. Penaz, noski, etapa hau hemen utzi behar dudalako, baina bideak honaino eraman nau.

Noiz iritsi ziren albiste txarrak?

Galiziako Itzuliko azkeneko etapan izan zen. Ihesaldian sartu nahi nuen, eta horretan ahalegindu nintzen. Baina aurreneko mendatean ezohiko sintoma batzuk sentitu nituen. Presioa bularrean, zorabio garrantzitsua... berehala ikusi nuen zerbait ez zegoela behar bezala. Arritmiak ere izan nituen, eta ikusi genuen asaldu batzuk zeudela, txirrindularitzarekin bateragarriak ez zirenak. Hori ikusita, erabakia ez zen hartu beharrik izan, argi baitzegoen ordurako.

Ez da erraza izango hori dena barneratzea...

Zalantzarik gabe. Eta oraindik ere prozesu horretan nago. Ikusarazi nahi duzu asimilatua daukazula, baina, gero, egunerokoan ikusten dituzun xehetasun batzuekin, ohartzen zara oraindik bere prozesua eta denbora behar duela. Oraindik kostatzen ari zait pertsona normal baten ohiturak hartzea, txirrindularien ohiturak baititut.

Zer izan da gogorrena, barneratzea bera, edo gainerakoei kontatu behar izatea?

Biak izan dira gogorrak. Zuk barneratzea da, akaso, zailena, zuk bakarrik dakizulako zenbat lan egin duzun eta zenbat kostatu zaizun horraino heltzea. Une txarrak, une onak... denak etortzen zaizkizu gogora. Bizi estilo honi agur esatea oso gogorra egiten zait. Zorionez, jendearen maitasuna nabaritu dut. Oso babestua sentitu naiz.

Jendearen berotasunak lagunduko du dolu prozesu horretan, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Gertuko jendeak ez dit hutsik egin. Ikaragarrizko elkartasuna sentitu dut. Familia, taldea, zaleak... ez naute bakarrik utzi. Inoiz ez zait ezer falta izan, eta orain ere ez zait ezer faltatu.

«Ikusarazi nahi duzu asimilatua daukazula, baina, gero, egunerokoan ikusten dituzun xehetasun batzuekin, ohartzen zara oraindik bere prozesua eta denbora behar duela»

Horrelakoetan batzuek ez dute telebista aurrean jarri nahi izaten txirrindularitza ikusteko, gaizki pasatzen dutelako. Zu gai izan zara?

Niri ez zait hori pasatu. Utzi dudan arren, ez naiz damu horrekin gelditzen, baizik eta lortu dudan guztiarekin. Nire ametsa egia bihurtu dut. Txirrindularitzarengatik naiz gaur naizen pertsona, eman dizkidan balio eta diziplinarengatik. Harro nago gertatu zaizkidan zoritxar horietan eman dudan erantzunarekin. Horregatik, ez daukat arazorik txirrindularitza ikusteko. Osasun arazo batzuengatik utzi behar izan dut, ez sufritzen ari nintzelako.

Euskaltelen hasi eta amaitu duzu ibilbidea.

Txikikeria bat dirudi, baina nik ikaragarrizko garrantzia ematen diot horri. Pribilegiatua sentitu naiz talde honek daukan historia urte luzez ordezkatzeko aukera izan dudalako. Fundazioan familian bezala sentitu izan naiz beti, eta konfiantza sentitu dut une oro.

Hortaz, txirrindularitza ez da kirol bakartia?

Une batzuetan bakarka lan egin behar da, diziplina eta bakarkako lan hori zeure buruarekin egin behar duzulako. Bestela ez zara inoiz helburuetara iritsiko. Baina Euskaltel bereizten duen zerbait da ez zarela inoiz bakarrik sentitzen. Kanpoko talde batean izan liteke akaso, kanpotar asko dagoelako. Baina fundazioa familia bat da, txirrindulari, zuzendari zein langile guztiak. Erlazioa oso estua da, eta, zure hezkuntza profesionalaz gain, hezkuntza pertsonalean ere zentratzen dira.

Mikel Landa, Jorge Azanza eta Mikel Uzin izendatu dituzu agur mezuan. Denak Fundazioaren ingurukoak. Argi dago oso eskertuta sentitu zarela.

Haien postuetan zentratu beharrean, zuretzat onena izan daitekeen horretan zentratzen dira. Niri, pertsonalki, hiru pertsona horiek ametsa betetzen lagundu didate. Haiek gabe ez litzateke posible izango. Garrantzitsua da horrelako momentuetan horretaz kontziente izatea, eta hortik dator nire esker ona erakusteko nahia.

Luis Astrain psikologoari ere adierazi nahi izan diozu zure esker ona agurreko mezuan. Oraindik ere ez da guztiz ohikoa, eta lagungarria izan zaizu?

Psikologoak asko lagundu dit, eta bizikletaren gainean eman dudan errendimenduaren erdia baino gehiago hari eskerrak izan da. Nik normaltasun osoz ikusten dut psikologoaren beharra, baina gabezia asko dago oraindik kontu horrekin. Lan asko dago egiteko. Txirrindulariek anbizio handia daukagu, gehiegi zentratzen gara entrenatzean, eta gurpil zoro arriskutsu batean sartzen gara. Niri asko lagundu dit neure burua ezagutzen, non nengoen baloratzekoan, txirrindularitzarekin gozatzea gehien kostatzen zitzaidanean buelta ematen. Ekarpen handia egin dit.

2021ean miokarditisa, 2022an istripua animalia batekin, eta orain hau. Ez duzu ibilbide erraza izan.

Bai, ibilbide oso gogorra izan dut. Eta horrek baldintzatu egin dit kirol honekin nahi beste disfrutatzeko aukera. Baina hori da bizitza; kolpe gogorrak hartu eta aurrera egiten jakitea. Jakitun naiz une horiek bizitzeak beste modu batera hezteko aukera eman didatela, eta ziur nago etorkizunean beste gauza batzuk gehiago baloratuko ditudala.

Zein izan dira zure ibilbideko momenturik ederrenak?

Itzulian eta Vueltan, zalantzarik gabe. Munduko Txapelketarekin batera, akaso. Itzuliko etapako ihesaldia etxeko atetik hartu nuen kasik, eta oso hunkigarria izan zen. Espainiako Itzulian parte hartzea beti izan da ametsa niretzako, eta Bilboko etapan marea laranja bat ihesaldian ordezkatzea betirako gordeko dudan oroitzapen bat izango da.

Etorkizunean errepideari lotuta jarraitu nahi duzu?

Ez dut etorkizuna oso ongi planteatu oraindik. Gauza asko itxi behar ditut oraindik, eta neure buruari tarte bat eman behar diot ikusteko hilabete hauek nora naramaten. Baina txirrindularitza nire bizitza izan da, eta etorkizunean txirrindularitzara itzul banaiteke, nahiz eta beste modu batean izan, oso gustura egingo dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.