Arrauna

Arraun Lagunak-ek ez du aurkaririk

Donostiarrek nagusitasunez irabazi dute Euskotren Ligako bigarren estropada ere, Bueun, Tolosaldeari zortzi segundo aterata.

Arraun Lagunaken ontzia, artxiboko irudi batean. JAVI COLMENERO / EFE
Arraun Lagunaken ontzia, artxiboko irudi batean. JAVI COLMENERO / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko ekainaren 30a
13:45
Entzun

Lugañenek ezin hobeto hasi du denboraldia. Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako txapelketak irabazita, Arraun Lagunak sasoi betean heldu da denboraldi hasierara eta hala erakutsi du Euskotren Ligako lehen bi estropadetan, Galizian, atzo Coruñan eta gaur Bueun.

Bigarren jardunaldian, hasieratik amaierara arte izan dira buruan donostiarrak. Ohorezko txandan, Juan Mari Etxabek prestatutako neskek Tolosaldeak baino zortzi segundo gutxiagoan amaitu dituzte lanak; bederatzi atera dizkiote atzo bigarren izan zen Oriori, eta hamasei Donostiarrari. Hiru traineru horiek gogotik egin beharko dute lan banderak astintzeko.

Baldintzak arraunerako egokiak ziren gaur. Lehen txanpan parean ibili ostean, ziabogara heltzerako bost segundoko tartea zuen Lugañenek, eta areagotu egin du bigarren luzean. Tolosaldearen eta Orioren arteko lehia izan da estropadako zirraragarriena: segundo bakarrean helmugaratu dira bi ontziak. Atzetik aurrerakoa egin dute tolosarrek. 

Lehen txanda Hibaikak irabazi du, Hondarribiarekin lehia estua izan ostean. Tiran eta Cabo galiziarrak sailkatu dira azken postuetan.

    Iruzkinak
    Ez dago iruzkinik

    Ordenatu
    0/500
    Interesgarria izango zaizu
    Nabarmenduak
    Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.