Eskubaloi jokalari ohia

Nerea Pena: «Argi nuen ez nuela nire osasuna sakrifikatuko berriro jokatzeagatik»

Erretiroa hartu zuen duela hilabete, ezker belauneko lesio batengatik bi urte eta erdiz jokatu ezinik egon eta gero. Ez du saiatu ez izanaren damua: «Den-dena eman dut».

Nerea Pena. NEMZETI SPORT
Nerea Pena. NEMZETI SPORT
Julen Etxeberria.
2024ko maiatzaren 3a
05:00
Entzun

Budapesten dago Nerea Pena (Iruñea, 1989). Aspaldi bizi da Hungariako hiriburuan. «Nire bigarren etxea da. Hemen sortu dut nire familia». Hamar hilabeteko semea lokartu denerako jarri du hitzordua. Hura esnatu ez dadin, ez du ozen hitz egin nahi. Ez du horren beharrik argi hitz egiteko. Barru-barrutik mintzatu da.

Nola bizi izan dituzu erretiroa hartu ondorengo asteak?

Ederra izan da. Hilabeterik txarrenak agerraldiaren aurrekoak izan ziren. Eguberrien bueltan, entrenatzen hasi nintzen, eta ikusi nuen belaunak ez zuela hobera egiten. Urtarrilean erabaki nuen uztea, eta martxora arte aritu nintzen barneratzen. Hori egitean erabaki nuen agerraldiarena. Egin edo ez ibili nintzen, baina etapa bat ixteko modua zela pentsatu nuen. Hilabete geroago, esan dezaket erabat asmatu nuela. Dei eta mezu pila bat jaso ditut, eta harremana galdua nuen jendearekin berriro kontaktua izan dut.

Nolakoak izan ziren agerraldia egin aurreko hilabeteak?

Nahiko zailak izan ziren. Nik berriro jokatu nahi nuen, baina muturrez jo nuen errealitatearen kontra: neure buruan nituen plan guztiak aldatuko ziren; nire bizitza ezagutzen dudan bezala amaiaraziko nuen. 15 urterekin hasi nintzen Itxakorekin entrenatzen, eta, ordutik, kirolari eman diot bizitza. Gogorra izan zen onartzea, banekielako inoiz amaituko zela nire kirol ibilbidea, baina ez horrela. Pistan amaitu nahi nuen, jokatzen. Azkenerako, onartu egin nuen; argi nuen nire osasuna lehenetsiko nuela.

Jokatu gabe egon zaren bi urte eta erdian inoiz egon zara itzultzekotan?

Bai, askotan. Hiruzpalau aldiz entrenatu naiz pistan taldearekin, baina salto egiteak min izugarria eragiten zidan. Orain, eskubaloian joka nezakeen: korri egin dezaket, eta aurkariari izkin egin. Horrek ez dit minik egiten, baina jauzi egiteak bai, izugarri. Hau izan da okerrena: joka nezakeen, baina mina jasanezina zen.

Zer izan da okerrena: min fisikoa ala psikologikoa?

Fisikoa. Mina dut nik. Errehabilitazio baten aldi guztiak egin ditut, baina ez naiz gai izan itzultzeko. Garai batean pentsatu nuen minarena buruan sartuta nuen zerbait zela. Eskertu egiten nuen medikuek esatea lesioa nuela, eta ez zela nire asmakeria bat. Baina, bi ebakuntza egin eta gero, minak hor jarraitzen zuen. Erretiroa hartu dut, denbora luzez ez dut ezer egin, eta, hala ere, min dut; begira zenbateraino den min fisikoa.

«Orain, joka nezakeen: korri egin dezaket, eta aurkariari izkin egin; horrek ez dit minik egiten. Baina saltatzeak, izugarri»

Ohitu daiteke min izatera?

Ez. Nik kontrola dezaket, toki jakin batean dudalako; zenbait mugimenduk egiten didate min. Ez dut imajinatu nahi nola bizi den egunero eta une oro min duen jendea. Nik lesio asko izan ditut, baina hau bezalakorik ez; eta, berez, ez da izan larriagoa. Baina lesio honek eragiten didan minak entrenatzea eragozten zidan. Ez dago min izatea baino ezer okerragorik. Egunero minez lan egiten dutenek meritu itzela dute.

Agurrean esan zenuen zure kasuan ez dela bete Nahi baduzu, lor dezakezu esamoldea. 

Ez. Nire ustez, esamolde hori ez da batere hezitzailea. Oso ondo dago zuk ilusio eta amets bat izatea, eta hori lortzeko borrokatzea, baina bizitzan mugak daude, eta muga horiek jakin behar dituzu, eta argi izan noiz lor daitekeen zerbait eta noiz ez. Oso argi izan behar dituzu lehentasunak: nik argi nuen ez nuela nire osasuna sakrifikatuko berriro jokatzeagatik.

Beldur zinen minagatik ezingo zenuela seme jaioberriarekin jolastu. Horrek azkartu egin du erabakia?

Ez, baina errealistagoa egin du. Ez da gauza bera esatea 25 urterekin etorkizunean nire seme-alabekin jolastu nahi dut, edo jada etxean seme bat izatea eta ezinean aritzea. Ez da gauza bera ezin jokatzea eskubaloian edo ezin jaistea eskailerak; egunero egin behar dut hori. Nik berriro jokatu nahi nuen, baina ez edonola; ez nuen arrastaka ibili nahi pistan. Ondo jokatu nahi nuen, eta ondo bukatu, batez ere, niregatik, banekielako itzuli eta ondo nengoela ikusten ez banuen askoz okerragoa izango zelako. Nahiago nuen oroitzapen onarekin uztea, itsu-itsuan aurrera egitea baino.

Gainera, agurrean esan zenuen «oso zoriontsua» izan zarela, eskubaloiak «oparitu» dizkizulako zure bizitzako pertsonarik garrantzitsuenak.

Nire bizitza eskubaloia izan da. Hala ere, nik oso argi nuen hau behin-behinekoa zela, eta inoiz bukatuko zela. Horregatik erreparatzen diot onari: aldi honek hori guztia eman baitit, guztia izugarri ona izan baita. Ni ez nago triste eskubaloia uzteagatik. Nik ez nuen jokatu nahi beste hiruzpalau urtez; nire asmoa zen itzultzea, urte erdiz jokatzea, eta nik nahi nuen moduan agurtzea: pistan, jokatzen. Triste nago, bi urte eta erdiz osatzeko borrokatzen aritu eta gero ez dudalako lortu. Baina den-dena eman eta bete-betean saiatu izanaren harrotasunarekin noa. Ahal izan dudan guztia egin dut, baina nire gorputzak ezetz esan du. Batzuetan, gorputzari egin behar diogu kasu, eta kito esan. Zoriontsu naiz hori egin izanagatik.

«Nik ez nuen jokatu nahi beste hiruzpalau urtez; nire asmoa zen itzultzea, urte erdiz jokatzea, eta pistan agurtzea»

Inoiz pentsatu zenuen halako kirol ibilbide oparoa osatuko zenuenik?

Inoiz ez. Nire ametsa sekula ez zen izan eskubaloi jokalari izatea. Iruñekoa naiz, eta nik Portlandi jarraitzen nion, baina zale baten moduan. Horregatik, ezustekoa hartu nuen 15 urterekin Itxakok entrenatzeko deitu zidanean. Ez nuen uste eskubaloian aritzea izan zitekeela nire etorkizuna. Urte asko neramatzan eskubaloian jokatzen, gustatzen zitzaidan, eta ondo aritzeko dohainak izan nitzakeen. Baina inoiz ez nuen pentsatu profesionala izan nintekeenik. Hori da gehien gustatzen zaidana atzera begiratzen dudanean: bilatu gabeko prozesu bat izan da, eta pixkanaka etorri da. Gainera, zortea izan dut eskubaloi jokalarien belaunaldi onenetako batekin bat egiteaz. Haiei esker izan naiz ondorengo jokalaria. Nahi izatea, ahal izatea eta zortea edukitzea: denak bat egin behar du.

Zer asmo duzu orain?

Atseden hartu ez, behintzat; nahikoa hartu dut. Txarrenari onena aterata, amatasun lasaia izan dut, eta izugarri gozatu dut semearekin. Baina sekulako gogoa dut zerbaitetan buru-belarri lan egiteko; behar dut, eta prest nago. Curriculumak-eta eguneratzen ari naiz. Zerbait topatu nahi dut. Ahal baldin bada, kirolari lotutako zerbaitetan egin nahiko nuke lan. Ezin bada, irakaslea ere banaiz. Kudeaketa lanak ere gustatzen zaizkit. Neure burua hortik saltzen badidazu, eskertuko nizuke [barrez]. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.