mikel reina
Hirukotik

Partidak

2024ko apirilaren 23a
05:05
Entzun

Partidak eta partidak daude. Ez bakarrik kirolean, baita beste arlo batzuetan ere. Denak bakarrak eta bereziak direla pentsatzen da sarri. Baina oraindik badaude partidak benetan bakarrak direnak. Horietako bat jokatu zuen Baskoniak joan den ostiralean Euroligan, Virtus Bolognaren aurka, Buesa Arenan.

Liderrak

Era berean, norgehiagoka bakoitzean erreferenteak daude: liderrak. Baskonian, zalantza barik, Markus Howard da erreferente hori. Markak ezartzen dituen jokalaria da. Giltzarria da, eta izan beharko du. Gasteiztarrek gaur hasiko dute Real Madrilen aurkako kanporaketa, Wizink Centerren (21:00). Hain zuzen ere, duela aste gutxi batzuk gai izan ziren bertan irabazteko. Madrildarrak faborito argiak dira, liga erregularra lehen postuan amaitu baitzuten. Baina arabarrak zerbait badira, arriskutsuak dira, gorabeheratsuak, onenerako eta txarrenerako.

Hain zuzen ere, kanporaketen aurreko lehietan ez da ezusterik izan, ez Euroligan, ez NBAn. Fase erregularreko zazpigarrenak eta zortzigarrenak sailkatu dira kanporaketetarako, kasu guztietan. Gehiago edo gutxiago sufrituta, baina denek egin dute aurrera. Azken batean hilabete luzez lortutako emaitzak berretsi dituzte. NBAn kanporaketa abian dira, eta guztietan etxeko taldeak, faboritoak, irabazi du lehen partida. Dinamika aldatu nahiko dute Euroligan.

Izarrak

Berdintasun handiagoa espero daiteke Europan. Bartzelonak, adibidez, erakutsi du onena eta txarrena egiteko gai dela. Ricky Rubio sasoiko izango dute. Haren esperientzia erabakigarria izan daiteke; batez ere, Olympiakos ez delako aurreko sasoiko talde bera. Hori bai, azken hamar partidetatik bederatzi irabazi dituzte greziarrek, eta balantze positiboa dute etxetik kanpo. Panathinaikosen eta Maccabiren artekoa ikusgarria izan daiteke. Biek joko estilo nahikoa sinplea dute, baina baita kalitate handia duten jokalariak ere. Hori, normalean, ikuskizunaren sinonimo izaten da. Izar handiek distira handiagoa egin ohi dute halakoetan. Hori bai, israeldarrek ezingo dute beren zaleen berotasuna eduki.

Saras Jasikevicius entrenatzaile beroa da. Bere taldea, Fenerbahce, aldiz, xehetasun gehiago dituen taldea da. Horiek ere aldea ezartzen dute kanporaketetan, baina gutxi batzuk eta garrantzitsuak izan behar dute. Bestela, kolapsorako aukera ere egon daiteke. Lituaniako entrenatzaileak ondo hasi zuen bere ibilbidea Turkian, baina azken hamar partidetatik bost galdu ditu. Gainera, ez dute partidak alda ditzakeen jokalaririk, Mike Jamesen parekorik. Talentu handiko taldea da Monako, eta ez bakarrik teknikoa, baita fisikoa ere. Horregatik da hain arriskutsua.

Bakarra

Gizonezkoetan bakarrik ez, emakumezkoetan ere kanporaketak izango dira. Europakoak dagoeneko jokatu dituzte. Bigarren urtez jarraian Fenerbahcek irabazi zuen, eta Emma Messemanek bere seigarren Euroliga lortu zuen, Diana Taurasiren edota Alba Torrensen emaitza berdinduta. Oraindik marka hori gainditzeko gai izan daiteke. Eurokopan, berriz, Londresko London Lionsek Erresuma Batuari lehendabiziko garaikurra eman zion.

Datorren sasoian ostera ere Europan jokatzeko aukera izan dezake IDK Euskotrenek. Kanporaketetarako sailkatu den euskal talde bakarra izan da. Lointek Gernika lehen aldiz geratu da kanpoan, 2016tik. Aurretik lehen lau sailkatuek bakarrik jokatzen zituzten. 2014an igo zenetik, lehen aldia da Gernikako taldea zortzi onenetatik at geratu dela. Kutxabank Araskik, berriz, bederatzigarren urtez jarraian jarraituko du Ohorezko Mailan.

Perfumerias Avenidak amaitu du lehen postuan liga erregularra, eta, horri esker, datorren denboraldian Euroliga jokatuko du. Orain, Valentziak, Gironak eta Zaragozak dute presioa. Gipuzkoarrek lehiatzeko gai direla erakutsi zuten Kopan, baina bi partidatara jokatuta zailago izango dute. Etzi, Josean Gaskan lortzen duten emaitzak eman diezaieke aukeraren bat. Girona-Jairis eta Zaragoza-Estudiantes izango dira kanporaketarik interesgarrienak. Finala bakarrik jokatuko da ohiko formatuarekin: hiru partidatara. Besteak joan-etorriko kanporaketak izango dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.