mikel reina
HIRUKOTIK

Hitzak urtaro batetik bestera

2024ko irailaren 12a
05:10
Entzun

Bueltan da Hirukotik. Oraindik ez dago partida ofizialik Europan, baina saskibaloia beti dago nonahi; bilatu besterik ez dago. Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, WNBA jokatzen ari da. Gainera, saskibaloia ez da bakarrik kantxan jokatzen, toki askotan jokatzen da: kalean, bulegoetan... Ostera ere, nonahi.

Nonahi

Uda zurrumurruen garaia izaten da. Horiek ere nonahi daude. Gaur egun, edozein tokitatik ateratzen dira, sare sozialetatik batez ere. Berriro diot: saskibaloia edozein lekutan jokatzen da, eta jokatzeko modu asko daude. Eta ez dute jokalariek bakarrik jokatzen, baita entrenatzaile, agente edota kirol zuzendariek ere. Udan, jokalari bakarra talde askorekin lot dezakete; are gehiago, talde bat baino askoz gehiago sortu daiteke bakarrik klub batekin lotu dituzten jokalarien izen kopuruarekin. Baina horiek, gehiago edo gutxiago, alde batera utzita daude.

«Iraila izango zen, hitzak urtaro batetik bestera, bidaltzen genituen, izen gabeko txorien antzera». Txoria edo txioa desagerrarazi badute ere, oraindik bizirik jarraitzen du. Hor daude urterik urtera hitzak jartzen dituzten izenik gabeko asko. Orain, alegia, espektatibak sortzeko garaia baita. Bi lagunarteko ikusita denboraldiaren aurreikuspen argiak egiten dituztenak. Etorkizuna mugiezina izango balitz bezala, aldaketak tokirik izango ez balu bezala. Oraindik badaude pronostikoak egitera ausartzen direnak. Horiek bai ausartak.

Hain zuzen ere, izenei erreparatzen diete talde baten etorkizuna zehazteko. Erraza da, errazegia agian. Baina edozeinek nahi lituzkeen baino aldagai gehiago daude. Bai, nonahi daude. Izenek ez dutelako talde bat egiten. Edo agian bai, baina horretarako denbora behar da, eta bi lagunarteko ez dira nahiko. Denboraldiaurrea zerbaitetarako balio badu, aldaketak egiteko balio du, piezak mugitzeko; azken finean, taldea eratzeko. Hori izan ohi da entrenatzaile batentzako erronkarik handiena.

Izenez izen

Erokeria izan daiteke Euroliga denboraldi honetan. Oraindik, edo dagoeneko, hilabetea baino gutxiago falta da hasteko: urriaren 5ean jaurtiko dute baloia airera. Beti diogu inoizko Euroligarik onena dela, hurrengo denboraldia heldu arte. Izenez izen, bikaina izan daiteke. Inoizko onena? Ez naiz ni izango aurreikuspenak egingo dituena. Egiari zor, heldu diren izenak handiak dira, eta beste urte batzuetan ez bezala, ez da izarren abenturarik egon. Are gehiago, Ameriketako Estatu Batuetako abenturaz aspertu direnak itzuli dira.

Badirudi beste paradigma aldaketa bat gertatzen ari dela. Gero eta gazteago doaz Europako jokalariak NBAra, baina gero eta arinago itzultzen dira. Ameriketako ametsa aukeretan oinarritzen dela badiote ere, oraindik zail izaten dute askok. Eta hori, munduko ligarik onena inoiz baino globalizatuagoadela.

Ozeanoaren beste aldean ezer egiten ez dutenak oraindik ere onenetarikoak izaten dira Europan: Evan Fournierren, Usman Garubaren, Sasha Vezenkoven eta Cedi Osmanen jarduna ikusita, oraindik ere sumatzen aldea. Eta ezin daitezke oso atzean utzi agian ezezagunagoak izan daitezkeen Chimezie Metu, Omer Yurtseven, Aleksej Pokusevski eta Furkan Korkmaz. Horietako asko, gainera, lehiatzeko adin ezin hobean itzultzen dira. Atzean geratu dira NBA bidea egin ostean Europara beren azken kontratuaren bila itzuli zirenak.

Sasoi aldaketa

Edozelan ere, aldaketa horri esker, Euroliga asko hazi daiteke. Hala, hain gazte Ameriketako Estatu Batuetako unibertsitateetara joaten diren gazteak gero askotan itzuliko dira. Arazoa denbora izan daiteke, ez bakarrik noiz, zelan ere. Gainera, harrobian ere indarra galtzen da. Berebiziko garrantzia hartzen dute, ACBn batez ere, eskubideak mantentzeko akordioak.

Argi dago jokalari multzo ikaragarriak sortu dituztela; talde deitzea oraindik gehiegi da. Grezia, adibidez, duela ez hainbeste zuen indarra berreskuratu nahian dabil, urte ezegonkor batzuen ostean inoiz baino indartsuago itzuliko direlako. Denborak esango du hautagai nagusiak diren, baina kinieletan egon badaude. Azken hitzak udaberrian, mesedez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.