mikel reina

Goitik behera

2024ko martxoaren 26a
05:05
Entzun

Gizonezkoena bezainbeste espero zen emakumezkoen Espainiako Kopa. Ezusteko gutxi izan dira: gidoia goitik behera bete da Huelvan, eta emozioa falta izan da, bai kantxan, bai eta harmailetan ere. Batez beste hamasei punturen aldeagatik irabazi dituzte partidak kanporaketetan aurrera egin dutenek. Hain zuzen ere, emaitzarik estuenak bi euskal taldeek lortu zituzten, zortzi puntuz galdu zuen IDK Euskotrenek Valentzia Basket txapeldunaren aurka, eta hamar puntuz Lointek Gernikak Perfumerias Avenidaren aurka. Ondo lehiatu dira.

Errelebo naturala

Final-laurden bakarrean izan zen ezuste bat; txikia, ordea: Estudiantes gaur egun Gironaren aurretik dago ligako sailkapenean; horrenbestez, zerrendaburu izango litzateke orain. Argi dagoena da goitik beherako aldaketan dela emakumezkoen liga. Atzean geratu dira Avenidaren eta Gironaren proiektuak, eta indarra hartu dute Valentzia Basketenak eta Zaragozarenak. Biak izan dira finalista, eta biek dituzte ACB ligako talde baten baliabideak. Valentziak lehen aldiz irabazi du Kopa, iaz Zaragozak egin zuen bezala. Diruak ez ezik, instalazioek eta gaitasunak ere asko egiten dute. Inoiz baino porrot gehiagorekin heldu dira zerrendaburuak Huelvara, baina emaitza betikoa izan da. Oraindik ere alde handia kentzen diete talde lurtarrei. Berdin dio partida bakarreko kanporaketak badira ere.

Benetan zaila da horrelako taldeei aurre egitea, eta egutegiak ere ez du askorik laguntzen. Bost jardunaldi bakarrik falta dira liga erregularra amaitzeko, talde guztiak daude Europako txapelketetatik kanporatuta, eta udan Olinpiar Jokoak izango dituzte jokalari batzuek. Ez da harritzekoa lesioak izatea. Lehen bi partidetan bi lesio, eta behintzat ez dira gehiago izan. Raquel Carrerak lotailu gurutzatua hautsi zuen, eta Irati Etxarri nafarrak ere min hartu zuen. Baina batez ere hauskortasun sentsazioa etengabea izan zen. Zaragozak, adibidez, hiru partida jokatu zituen 42 ordu eskasean. Ordutegiak eta kokapenak ere ez du lagundu giroa sortzen. Ez da bete pabiloia, eta zaleen presentzia ohi baino baxuagoa izan da. Adibide soil bat: igandean ordu berean jokatu ziren Espainiako Kopako finala eta Huelvako Recreativoren partida, eta 3.800 zale inguru egon ziren lehendabizikoan, eta 8.500 bigarrenean.

Kolpeka

Baskoniak ere ez du lagun izan egutegia. Hiru partida, eta hiru galdu joan den astean. Euroligako jardunaldi bikoitzeko asteak garesti ordaintzen dituzte arabarrek. Partizanen eta Zalgirisen aurkako porrotak mingarriak izan ziren; fisikoki baino gehiago, psikologikoki. Asko nabaritu zuten gasteiztarrek Markus Howarden hutsunea; normala da azken asteetan emandako erakustaldiak eman eta gero. Talde baten estrategiak goitik behera aldatzen dituen jokalari bat da estatubatuarra. Egutegiak ere ez du atseden hartzeko denborarik uzten, eta Euroligan beste final bat dute etzi Anadolu Efesen aurka, Buesa Arenan. Data hauetan partida bakoitza final bilakatzen da: denek dute zerbait jokoan, gero eta denbora gutxiago falta da liga erregularra amaierarako.

Bilbo Basketek, berriz, benetako final bat jokatu nahi du. Horretarako, Alemaniako Niners Chemnitz gainditu beharko du finalaurrekoetan. Alde horretatik, erabakigarria izango da Miribillako biharko emaitza. Alemaniarrak dira ezusteetarako esperantza mantentzen duten talde horietako bat. Alemaniako ligako liderrak dira, eta bost partida besterik ez dute galdu denboraldi osoan.

Baina zerbait badu orain Bilboko taldeak, esperantza du. Varsovian behea jo eta gero, suspertu egin dira. Hiru garaipen daramatzate jarraian, meritu handikoak, gainera. Adibidez, euskal derbian eta Joventuten aurka lortutakoak. Batzuetan beharrezkoa da kolpe handi bat hartzea erreakzio bat izateko. Ez da komenigarriena, baina batzuetan ez dago beste aukerarik. Euskal derbiko kolpeak, positiboa kasu honetan, indarra emango dio Jaume Ponsarnauren taldeari. Zaleek Legiaren aurka erantzun zuten, eta orain beste hainbeste egin nahiko dute, asko oporretan joatekoak badira ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.