Eusko Label liga

Amaitu da proba garaia

Gaur hasiko da Eusko Label liga. Asteburuan Galizian lehiatuko dira hamabi arraun taldeak; gaur, Coruñan, eta bihar, Bueun. San Pedrok eta Bueuk hartu dute iaz Meirak eta Santurtzik utzitako tokia.

Zierbena eta Urdaibai, iaz, nor baino nor gehiago. AITOR ARRIZABALAGA
Zierbena eta Urdaibai, iaz, nor baino nor gehiago. AITOR ARRIZABALAGA
Beñat Mujika Telleria.
2024ko ekainaren 29a
05:05
Entzun

inkesta

  1. Zein dira zure taldearen helburuak, aurten?
     
  2. Nolako liga espero duzu?

 

IKER ZABALA
Urdaibaiko entrenatzailea
«Hutsik egiten ez badugu, puntaren puntan egotea espero dut aurten ere»

1. Estropada bakoitzean gure onena ematera ateratzea da gure helburua. Badakit hori eginez gero edozeini irabazteko gai garela. Denon ahotan gaude, ez zaielako presioa gustatzen. Baina guk beti jasotzen dugu ondo presio hori. Ondo kudeatuta, pizgarri bat izan daiteke.

2. Hondarribia hor egongo da, beti bezala. Denboraldi hasiera honetan makal dabilela dirudi, baina hurreratuko dira, ziur. Zierbena ere urtetik urtera gora doa, eta Donostiarra ere kontuan hartzeko moduko taldea da. Orio ere, beti da Orio, nahiz eta zertxobait galdu. Hala ere, hutsik egiten ez badugu, puntaren puntan egotea espero dut aurten ere.

 

MIKEL ORBAÑANOS
Hondarribiako entrenatzailea
«Urdaibai besteen gainetik jarriko nuke, koskatxo bat behintzat»

1. Hasieran, aurreko urteko maila berean aritzea da Hondarribiak aurten daukan helburua. Mila ona erakutsi genuela iruditzen zait, eta, hori berdintzeko, ohorezko txandan egon beharko genuke. Badakigu aurkari gogorrak izango ditugula aldamenean, baina hori jarri beharko genuke helburutzat.

2. Iazko emaitzak eta orain arte jokatu diren txapelketak ikusita, Urdaibai besteen gainetik jarriko nuke, koskatxo bat behintzat. Baina haiek ere lanak ondo egin beharko dituzte, aurkari gogorrak izango dituelako aldamenean. Zierbenak, adibidez, saltotxo bat egin zuen iaz, eta goian arituko den talde bat izango da. 


DANI PEREZ
Zierbenako entrenatzailea
«Ohorezko txandan egotea da helburua, eta estropada bakoitzak lehiatzea»

1. Ohorezko txandan egotea da helburua. Horretan ahaleginduko gara. Behin hor egonda, estropada bakoitza lehiatzera joango gara. Hor, aurkariek jarriko gaituzte gure tokian. Astero ikasi nahi dugu, eta jardunaldi bakoitzean hobera egin.

2. Liga desberdina ikusiko dugu, orain arte jokatu diren Txapelketekin alderatuta, behintzat. Donostiarrak zorte txarra izan zuen, eta Hondarribia lehen kalean aritu zen bi jardunaldietan. Orio desagertuta egon da, baina Hondarribian ere lehen kalean aritu zen. Haiek sortzen didate, akaso, zalantza gehien. Baina denak ikusten ditut lehiarako prest.


IGOR MAKAZAGA
Donostiarrako entrenatzailea
«Onenekin batera egon nahi dugu astebururo, estropaden lehian»

1. Gure helburua argia da: Onenekin batera egon nahi dugu, estropadak irabazteko lehian.

2. Esango nuke hasierako argazkia lehengo urteko bera izan daitekeela, ohorezko txandan behintzat. Iaz aurrean ibili ginenak ere aurrean hasiko garela iruditzen zait. Gero, ikusi beharko da nola doan uda. Urdaibai jo behar da faboritotzat, egungo txapeldunak direlako. Besteak alternatiba dira, eta gu, alternatiba horietako bat. Bestela, hemen neguan eta udaberrian elkarrekin lehiatzen gara, eta badakigu bakoitzak zertarako erabiltzen dituen estropada horiek. Ezjakintasuna galiziarrekin izaten da. 


MIKEL AROSTEGI
Orioko entrenatzailea
«Urtea gorabeheratsua izan da, dena berria zelako, baina hasi gara nahi genuena lortzen»

1. Aldaketa asko eduki ditugu. Zuzendaritza eta entrenatzailea berriak gara. Datak ere gainera etorri zitzaizkigun denboraldia hasterako. Urtea gorabeheratsua izan da, dena berria zelako, baina hasi gara nahi genuena lortzen. Baina, oraingoz, gure helburua bigarren txandako lehen postuetan egotea da. 

2. Aurreneko laurak lehengo urteko tankerakoak izango dira. Hori argi daukat. Bigarren eta hirugarren txandetan, berriz, mugimendu handia izango dela aurreikusten dut. Ikusi beharko da bakoitza zein txandatan egongo den, eta zein kaletatik arituko den. Hor gorabehera gehiago ikusten ditut.


DIEGO SUAREZ
Caboko entrenatzailea
«Aldaketa asko izan ditugu, eta oraindik ez gara gai izan ontziaren %100 emateko»

1. Gu umiltasunez abiatzen gara, eta lehen helburua mailari eustea da. Baina anbiziotsuak izan nahi dugu, eta sailkapenaren erdialdean egotea gustatuko litzaiguke. Egokitzen zaigun tokian, baina erdialdean. Aldaketa asko izan ditugu aurten. Zenbakiek ematen digute, oraindik, baina oraindik ez gara gai izan ontziaren %100 emateko.

2. Urdaibai eta Zierbena bikain ikusten ditut, ez dute aurkariekin gupidarik izango. Haien inguruan arituko dira Hondarribia eta Donostiarra, ez dut uste hutsik egingo dutenik, baina Getaria haiengandik gertu ikusten dut aurten. Gainerakoak beste lehia batean arituko gara.

 

ION LARRAÑAGA
Getariako entrenatzailea
«Mailari eustea da helburua, baina aurrera begiratzea ere gustatzen zaigu»

1. Gu irrikan gaude, garai honetan egon daitezkeen zalantzekin, noski, baina hasteko desiratzen. Baina helburua argi daukagu. Getariako kluba txikia da, eta mailari eustea da helburua. Orain, aurrera begiratzea ere gustatzen zaigu. Lehen bi postuak atzean uztean, gora egin nahiko dugu.

2. Zaila da jakiten liga nola joango den. Lehen laurak argi dauzkak, Urdaibai, Zierbena, Hondarribia eta Donostiarra egongo dira aurrean. Gero, betiko saltsa izango da. Talde handi xamarra izango da, eta segundo gutxian txalupa asko egongo gara. Estropada bakoitzean kaleek eta txandek asko baldintzatuko dute.


OSERTZ ALDAI
Isuntzako entrenatzailea
«Huts handia litzateke iaz lortutakoa erreferentziatzat hartzea»

1. Iazko sasoia espero genuen baino hobea izan zen, eta huts handia litzateke iaz lortutakoa erreferentziatzat hartuta espektatiba berriak sortzea. Helburua ligan jarraitzea da, eta azken bi postuak ekiditea. Hortik aurrera datorren guztia, ongietorria izango da.

2. Talde asko gaude inguruan, eta sailkapenaren lehen postuetan baino berdintasun handiagoa ikusiko da lehen bi txandetan. Iazko talde berdinak ikusten ditut garaipenaren lehian, eta beste pare bat erdi-mailan ikusten ditut, baina beste guztiek azken postuak libratzeko helburu argia izango dugu. Eta, hor, segundo bakoitza irabaztea kosta egingo da.

 

JON ELORTEGI
Kaikuko entrenatzailea
«Traineru asko arituko gara hamar segundoren bueltan, antzeko mailarekin»

1. Sailkapeneko azken bi postuei ihes egitea da helburua. Lauzpabost alde arituko gara helburu berarekin, eta ez da erraza izango. Helburu hori betetzen badugu, ikusiko da noraino eramango gaituen itsasoak. 

2. Traineru asko arituko gara, astebururo, hamar segundoren bueltan, denak antzeko mailarekin». Udan postu aldaketa ugari ikusiko ditugula uste dut. Orioren maila zein den ikusi beharko da, baina tarteko talde horretan egongo dira Getaria, Cabo, Isuntza... Ondarroak eta guk lehia horretan egon nahiko dugu. Baina baita igo berriek ere. Ez dut alde handirik espero, lehia horretan behintzat.

 

IÑAKI ERRASTI
Ondarroako entrenatzailea
«Aurten anbizio handiagoarekin joango gara, eta ea erdiko txandan sartzea daukagun»

1. Beti bezala, helburua ahal den azkarrena atzean bi traineru uztea izango da. Baina, aurten, anbiziotsuagoak gara, eta ea erdiko txandan sartzea daukagun. Lehia handia egongo da bertan, baina taldea horretarako gai ikusten dut.. 

2. Hasieran, iazko laurak besteen gainetik daude, eta besteak ikusi beharko da nola gauden. Badirudi Getaria indartsu dagoela, eta Orio nola dagoen ikusteko dago oraindik. Dirudienez, San Pedro eta Bueu dira lehen txandan egoteko hautagai nagusiak, baina denok parean jarri arte ez dago jakiterik. Xehetasun txikiek jarriko gaituzte seigarren edo hamabigarren.

 

ASIER CARBALLEDA
San Pedroko entrenatzailea

«Igoberriak izanda, maila mantentzea da San Pedroren helburu bakarra»

1. Igoberriak izanda, mailari eustea da helburu bakarra; bi traineru atzean uztea. Hori lortuz gero, mutilek udaz gozatzeko aukera izango dutela uste dut. Albiste bikaina litzateke datorren urtean ere Eusko Label ligan egotea.

2. Bueu gurekin batera egongo da lehia horretan, beste igoberria. Baina, gero, badaude beste sei bat ontzi, edozein deskuidu garesti ordaindu dezaketenak, eta gurekin lehian egon daitezkeenak. Isuntza, Kaiku edo Ondarroa ontziak guregandik gertu ikusten ditut. Cabok ere apur bat behera egin duela dirudi. Goitik, berriz, Urdaibai oso nagusi ikusten dut.

 

JOSE FERRAL
Bueuko entrenatzailea

«Maila mantendu nahiko genuke, kanporaketetan bada ere»

1. Lehen aldiz arituko gara Eusko Label ligan, eta, hori ikusita, maila mantentzea da gure helburua. Hamabigarren postua libratu nahi dugu lehendabizi, eta, gero, itsasoak non jartzen gaituen ikusi. Maila mantendu nahiko genuke, kanporaketetan bada ere.

2. Oso zaila da Euskal Herriko lehiakideen erreferentziak izatea, ez baikara haiekin lehiatzen liga hasten den arte. Badakigu Chapela haiekin lehiatu dela neguan, eta haiekin jaitsieretako erreferentziak hartu ditzakegu. Baina zaila da datu errealak lortzen. Caborekin ere neguan lehiatu gara, eta gure aurretik gelditu dira jaitsiera guztietan. Hortaz, ikusteko dago dena.

EGUTEGIA

  • Gaur eta bihar. Coruña eta Bueu (Galizia)
  • Uztailak 6. Donostia.
  • Uztailak 7. Zierbena.
  • Uztailak 13. Bilbo.
  • Uztailak 14. Sestao.
  • Uztailak 20. Ribeira (Galizia).
  • Uztailak 21. Boiro (Galizia).
  • Uztailak 27. Getxo.
  • Uztailak 28. Lekeitio.
  • Abuztuak 3. Castro Urdiales (Kantabria).
  • Abuztuak 4. Orio.
  • Abuztuak 10. Hondarribia.
  • Abuztuak 11. Pasaia.
  • Abuztuak 17. Zarautz.
  • Abuztuak 18. Zarautz.
  • Abuztuak 24. Hondarribia.
  • Abuztuak 25. Getaria.
  • Irailak 14. Bermeo (Kanporaketak).
  • Irailak 15. Portugalete (Kanporaketak).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.