Alaves 2-0 Atletico Madril

Alavesek balio handiko garaipena lortu du Atletico Madrilen aurka

2-0 hartu du mendean Espainiako taldea, Benavidesek eta Luis Riojak sartutako gol ikusgarriei esker. Hala, sei jardunaldiren faltan, eskura du datorren denboraldian lehen mailan jarraitzea. Arabarrak sendo ibili dira atzean, eta ausart atera dira erasora.

Alaveseko jokalariak Atletico Madrili sartutako goletako bat ospatzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Alaveseko jokalariak Atletico Madrili sartutako goletako bat ospatzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko apirilaren 21a
21:30
Entzun

Alavesek astebete aurreratu ditu San Prudentzio festak, Gasteizen. Luis Garcia Plazaren taldeak 2-0 irabazi dio Atletico Madrili, Benavidesek eta Luis Riojak sartutako bi gol ikusgarriri esker. Hala, ia ziurtatuta dauka datorren denboraldian Lehen Mailan jarraituko duela. Partida ona jokatu dute arabarrek. Ondo jarri dira zelaian, defentsan ondo eusten jakin dute, eta erasoan ere ausart irten dira aukera izan duten aldi bakoitzean, Atletico Madrilek atzean izandako zalantzak baliatuz.

Azken hiru partidak galdu eta gero, Alavesek hiru puntuak behar zituen. Atletico Madrilek kolpea hartu du aste honetan, Txapeldunen Ligatik kanporatu izan ostean, eta hori baliatu nahi zuten arabarrek. Baina, aldi berean, Athleticek Almeriaren aurka berdindu ostean, Simeoneren taldeak abagunea baliatu nahi zuen laugarren postuan sendotzeko. Luis Garcia Plazak aulkian utzi du Omorodion, eta aurrean Kike Garciak jokatu du. Bi taldeak oldarkor zelairatu dira, eta etenak izan dira nagusi. Jokoak ez du segidarik izan, falta asko izan baitira. Pixkanaka, dena den, Atletico Madrilek hartu du jokoaren ekimena, eta bazirudien nagusitzen hasiko zela. Baina zer den futbola: Alavesek gola sartu du, 14. minutuan, Benavidesen bitartez. Bisitariek ez dute baloia ondo aldendu, eta bizi aritu da Alaveseko jokalaria: baloia hartu, eta, eskuinkada eder batekin, aurretik jarri du bere taldea, baloiari gurpil ederra emanez. Gol horrek min egin dio Atletico Madrili, eta, ia erreskadan, Giuliano Simeone gola sartzear egon da bere aitak zuzentzen duen taldeari.  

Luis Garcia plazak zuzentzen duen taldea ondo jarri da zelaian. Atletico Madrili utzi dio baloia zelai erdira bitarte, baina hor presio ona egin dio, eta, baloia berreskuratu duenean, ondo atera da erasora. Dena den, ez du aukera argirik sortu. Atletico Madril lehen zatiko azken ordu laurdenean esnatu da, eta hiru aukera argi izan ditu partida berdintzeko, Linok, De Paulek eta Gimnezek egindako jaurtiketekin. Gutxigatik ez dute asmatu. Minutu horietan, batez ere defentsan, sufritu egin dute arabarrek, eta hortzak ondo estutu behar izan dituzte, baina ondo eutsi diote. Lehen zatiko jokaldi eztabaidagarria luzapenean iritsi da. Erdiraketa bat buruz jo, eta baloiak eskuan jo du Azpilikueta. Gil Manzano epaileak Alavesen aldeko penaltia adierazi du hasieran, baina, VAR-ean begiratu ostean, ez adieraztea erabaki du.

Hasiera ona

Bigarren zatia bide beretik hasi da: Alaves grinatsu zelairatu da, 1-0en aldea handitzeko asmoz. Lehen hamar minutuetan bi abagune on izan ditu. Argiena Kike Garciak eduki du, 52. minutuan. Alaveseko aurrelariak ondo irabazi die bizkarra Atletico Madrileko bi atzelariei, eta haren eskuinkada gutxigatik joan da kanpora. Hortik saiatu da min egiten Alaves, bai Savic eta bai Gimenez zalantza askorekin aritu baitira neurketa osoan. Baina minutuak aurrera joan ahala, espero bezala, Simeoneren taldeak aurrerapausoa eman du, eta pixkanaka atzean sartu du Alaves.

Alavesek gero eta gutxiago izan du baloia, eta gero eta gehiago jokatu da haren zelaian. Hori ikusirik, arabarrak Atletico Madrilen jokoa oztopatzen saiatu dira, eta ahal zutenean erasora ateratzen. Garrantzitsuena, ondo jarrita zeudela zelaian. Riquelmek, Linok eta Correok izan dituzte abagune argienak Atletico Madrilen aldetik berdinketa egiteko. Baina Sivera agertu da. Azken minutuetan Alavesi sufritzea egokituko zitzaiola zirudienean, ordea, Luis Riojaren gola iritsi da. Carlos VIcentek buruz buruko jokaldi ona egin du, alboko marrara iritsi da, eta ondo erdiratu. Area ertzean zegoen Luis Rioja, eta gol ikusgarria sartu du, punpa lasterrez egindako erremate ikusgarri batekin. Partida erabakita zegoen, eta festa piztu da Alaveseko jokalarien eta zaleen artean. Izan ere, jokatzeko 18 puntu falta direla, jaitsiera postuak 10 puntura ditu jada Arabako taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.