Hedoi Etxarte

Utopia eta erradikalismoa

2024ko ekainaren 22a
05:00
Entzun

Gai batzuekin kateatua geratzen naizenean, sarritan, 2020. urtean irakurtzen ari nintzen liburuetara itzultzen naiz. Ez da beti gertatzen garai historikoa eta intimoa elkarrekin sinkronizatzea (2001, 2008 eta 2011 urte mitikoak izan dira esfera askotan —Irailak 11 New Yorken, krisi ekonomikoa, plazen mugimendua— baina ni ez ninduten hala ukitu).

Lerrook astero irakurtzen dituzten zale eta etsaiek gogoratuko dute 2020an pare bat zutabe eman nizkiola Judith N. Shklar-en After Utopia. The Decline of Political Faith 1975eko klasikoari. Gaur hitz hauek dakartzat, liburuaren azken ataletik, jakinik autore antikomunista bati buruz ari garela, nahiz eta, egungo kapitalismoaren sistema eragilean ari direnak zentroan jarrita (eta ezkerrean egiten den politika kontserbadorea konstatatuta), egile iraultzaile baten aurrean gauden:

«Erromantizismoak uko egiten dio mundu soziala sakon aztertzeari eta fatalismo kristauak historia garaikidea gehiegizko sinplifikazio batera makurtzen du laido sentimendua asetzeko. Baina urritasun hauek aipatzea ez da erantzuna. Are gehiago, irudi luke ez dagoela erantzun posiblerik. Optimismo arrazionalista, erantzun bat eman lezakeen bakarra, ez da oraindik loratu. Ilustrazioa ez zuten bere aurkariek hil; haren jarraitzaile naturalenak ere jabetu ziren haren oinarrizko kontzepzioak ez zirela egokiak sortu zen garairako. Halere, badira superbibentzia zantzuak. [...] Ilustrazioak ez du oinordekorik utzi baina, gainera, erradikalismoa oro har modaz kanpo geratu da. Erradikalismoa ez da indarkeria iraultzailean erortzeko aldez aurretiko jarrera izatea, da pentsatzea herriak bere burua kontrolatu eta hobetu dezakeela, kolektiboki, baita bere inguru soziala ere. Gutxieneko fede utopiko hori gabe, erradikalismo bakar batek ere ez du zentzurik. Ordea, gaur egun, 1789ko izpirituaren jarraitzaileei ere falta zaie fede hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.