Maider Galardi

Txalo erraza eta arrisku asko

2024ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun

Atzoko egunaren aitzakian kuadrillakoen lan baldintzen errepasoa egin nahi nuen: I-k tesia aurkeztu du eta ospatzeko elkartu gara Maiatzaren 1aren bezperan. «Orain zer?», dio haurdun egonda azken astera arte baja hartu ezin duenak, eta I-k erantzun 800 eurotan ordezkapenak egingo dituela. Beste I goiz joan da etxera, biharamuna jai izan arren jabeak denda irekitzea erabaki duelako. A berandu heldu da, bere erresidentziako kide bat gaixo delako eta ez dutelako ordezkorik jarri. Horri buruz idatzi nahi nuen, baina kristalezkoak garela eta ahulegiak garela leporatuko zigutelakoan erabaki dut ezetz.

Pedro Sanchezen maitasun deklarazioarekin jolastu nahi nuen eta adimen artifizialak egindako boleroa euskarara itzuli, baina pentsatu dut norbaitek esango duela emakume gazte honek politikaz ezer gutxi dakiela eta zer ari den zutabe bat horretan xahutzen. Gero hasi naiz sakoneko analisia idazten, baina gogoratu naiz Z-k kanpainan jaso dituen irain eta mehatxu misoginoez, nagia sartu zait eta ezabatu dut idatzitakoa.

Oroitu naiz aitonaren heriotza-urtemuga dela gaur, eta biharko egunez duela sei urte izan zela hileta, ETAk behin betiko desegitea iragarri zuen egunean. Konparazio friboloak egin nitzakeen. Pentsatu dut, ordea, gure belaunaldiari esaten zaigula ez dakigula «zer diren garai gogorrak» eta ez dugula «memoriarekiko errespeturik». Eta nire 14 urteko lehengusinak ez du jakingo zein memoriaz ari diren, aitonarenaz ala gatazkaz.

Esaten zaigu, finean, woke batzuk garela. Progre ezjakinak, jaiotzetik minduegiak. Nik ere ez nekien zer zen hitz hori duela gutxira arte. Heldu da, baina, Kaliforniatik guregana urte batzuen ostean, euskarazko itzulpenik gabe, baina euskaldunen ahotan. Sumatu dut Twitterren. Badakizue hitz hori beste batekin jarri zela modan? Incel. Eta horietatik asko ikusi dut nik ere azkenaldian sareetan eta euskaraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.