Ander Perez Argote

Nostalgiaz

2024ko ekainaren 21a
05:00
Entzun

Arazo bat dugu nostalgiarekin. Ez diozu zuk, Grafton Tannerri irakurri diozu, The Hours Have Lost Their Clock liburuan. Arazo bat dugu besterik gabe saihestu beharreko emoziotzat hartzen badugu, ukatzen ari garelako haren botere politikoa, eta, bereziki, batzuek hartaz egin dezaketen erabilera. Eta bestetik, beti iragana idealizatzera garamatzan joera erreakzionariotzat hartzen badugu, nekez ikusiko diogulako bertuterik. Eta izan, izan dezake, baldin eta aurrez ongi egindako praktikak babestera eramaten bagaitu. Nostalgiak lagundu gaitzakeelako adibidez, dio Tannerrek, «gure auzoak merkataritza zentro bihurtzeko multinazionalen saiakerei aurre egiten», baldin eta motorra iragan komunitario baten oroitzapena bada.

Jakina da ziurgabetasunez eta prekaritatez betetako mundu batek bizi gaituela, eta, horren aurrean, «baltsamo nostalgikoa» eskaintzen duela ultraeskuinak, iragan hobe baten ilusioa salduz. Baina ez zaio bakarrik faxismoari gertatzen. «Kontrola galtzen ari garela sentitzean jartzen gara nostalgiko», dio Tannerrek, nostalgiak «hankak lurrean mantentzen zizkiguten gauzak» gogorarazten dizkigulako. Horregatik da ohikoa aldaketa handien garaian, betikoa betiko moduz egiteari utzi, eta bide berriei ekiterakoan. Eta estrategia aldaketez dezente dakigu hemen.

Agian zuri ere pasako zitzaizun, azken hamarkadako aldaketa politiko sakonen aurrean, iraganeko kontu batzuen falta sumatzea. Baina kalkulua behar du nostalgiak, galdutakoa eta irabazitakoa parez parez jarri eta balantze ariketa bat egin. Eta zuk, aste honetakoa ikusita, torturatutako pertsonak nola aitortu dituzten, honaino iristeko egin behar izan duten bidea jakinda, eta zuk zeuk leihotik begira pasatako astelehen gauak gogoan, argi duzu: ez da nostalgiarako garaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.