Maider Galardi

Maria Pilar Mendiluze

2024ko irailaren 12a
05:00
Entzun

Astigarragan jaioa 1943an. Herrira jaitsitako baserriko alaba izan zen. Behin eta berriro esaten zuen ez zitzaiola baserria gustatzen, edo ez zitzaiola gustatzen, behintzat, baratzeko produktuekin hirira jaistea hango andre dotoreek letxuga nola gutxiesten zuten ikusteko. Maria Pilar Mendiluzeri, berez, abestea eta irakurtzea gustatzen zitzaion, baina garaiak ez zion lagundu. Lurdes Iriondok bai, harekin ibiltzen zen kontu kontari, antzerkietan parte hartzen eta olgetan nerabetan. Lasartera etorri zen 14 urterekin, eta kontatu nizuen behin nola laguntzen zion ahizpari fabrikako mahonezko trajeak josten. Ez zen oso festa zalea, baina aipatu izan zidan Lasarteko erromerietan «agarrau» dantzatu zitekeela. Zubietan ez. Apaiza oso kontserbadorea omen zelako. Nagusiago zela farmazia batean egin zuen lana bi urtez —pena zuen hirura ez iritsi izana, pentsio duinago bat jasotzeko zaharra zenean—. Jose Ramon Galardi ezagutu zuen ondoren, eta bost seme-alaba hezi. Baina beti erne eta esna, Ikastola eraikitzen lagundu zuen, eta emakumeen zentroko lehen taldekideetakoa ere izan zen. Besteak beste, alfabetatu gabeko hainbat emakumeri irakurtzen eta idazten erakusteko.

Hara paradoxa, euskaldun petoa izan, beste batzuk alfabetatu, eta bere lotsaizun handiena zen euskaraz ongi idazten ez jakitea. Hala esaten zidan Whatsappa instalatu zuenean: «Eztakit ondo ai otenaizen». Garai bertsuan hasi zen BerriaFM entzuten: «Kaixo Maider entzundet zure lana interesantea gastetxoak mugitzea ta adiñekoakin artu hemanak izatea ondo danentzako zorionak eta segi». Behin irakurri zidan zutabe batean irauli hitza, eta ez zuen ulertu: «Irauli guk baserrian egiten genuen. Lurra irauli». Orain lur horrek hartu du goxo bera.

Baina, amona, ez pentsa hau idazten ari naizenik eskela ez ordaintzeko. BERRIAlagun garenez, deskontua egin digute! Besterik gabe, testu bat eskaini nahi nizun, mundu guztiak jakiteko aurreko ostegunetik zutabe honek eta egunkari honek irakurle bat gutxiago duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.