Blanca Urgell

Larrosak batzen

2024ko maiatzaren 1a
05:00
Entzun

Sanprudentziotan etxean gelditzea gozatu handia da, iragarpenak huts egin eta ateri izanez gero. Busez Mendizorrotzeraino eta handik gora-gora, lasai, erromerian, «santuraino», gasteiztarrok diogunez. Armentiako ohiko erromeriaz gain, aurten bagenuen beste erakargarri bat: Gasteiz Antzokiaren aldeko informazio puntua.

San Prudentzio VII. mendean jaio omen zen Armentia herrian. Musulmanek azpian hartu ez zituzten eskualdeen (gaurko Araba, Bizkaia eta Deba arroa, esango nuke) apezpiku-egoitza izan zen VIII. mendetik, Calahorra Gartzia Naiarakoa nafar erregeak konkistatu (1045) eta urte gutxira hori egoitza berri izendatu arte.

Prudentzio Burgo de Osman hil zen ustekabean. Non ehortziko, han bertan ala apezpikua zen Tarazonan? Ibili ohi zuen mandoaren gainean jarri eta honek triki-traka Errioxako Laturce mendiraino eraman omen zuen, non lurperatu zuten. Bakerik ez, ordea: handik erlikiak banatuz joan ziren, batzuk hona eta besteak hara; azkenik baten bat Arabara heldu zen 1580an. Arabaren zaindari, 1643an izendatu zuten Batzar Nagusiek, Axularren liburua argitaratu zen urtexean. Erretretaren musika 1879tik ezaguna omen den arren, danborrada 1975ekoa da, eta garai berekoa erdarazko letra Venancio del Valek egina.

Eta euskarazkoa? Tuntunarekin turuten soinua… Ni honetara bakarrik heldu naiz: Olabide ikastolako eskolaurreko irakasle-taldeak burutu omen zuen Rosa ondarrutarrak izandako ideia. Berria aurten zabaldu du irrati batek, ikastolak Rosa horri egindako omenaldia dela-eta. 2024an bagaude ere, ez dago Rosa andereñoaren deiturarik irratsaioan. Ia honen ostean norbaitek larrosa hori batzen duen etorkizuneko euskaldunen gogoangarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.