Blanca Urgell

Hamaika molde

2024ko apirilaren 24a
05:00
Entzun

Astelehenean Materraren Dotrina Christiana (1617) aztertzen ari ginen, lapurtera klasikoaren estreinako liburua. Etxauz apezpikuari egin zion eskaintzan, gaixo antzean nenbilelako-edo, bereziki erreparatu nion nola eta zer moldez... galderari. Ttak.

Adorez hiztegiak modu (ez) esateko lau aukera ditu: era, gisa, molde eta manera. Har dezagun astearteko BERRIA, esate baterako. Azken biak ez dira inon ageri; aldiz, modu 28tan dago era guztietara: modu argiagoan, jotzeko modukoak, erakutsi duten moduan, modu askotara, zer moduz, beste modu batean, zurubi baten moduan, adibide moduan, haga modukoa... Era bakan eta ia fosildurik (era berean hiru aldiz, beste era batera eta era horretan bana, eta ohiko eran bat eta bakarra); gisa gordexeago du izen ondoan bezala ondo ikusia ez izateak (bazkide gisa, lagin gisa… guztira sei); mediatik gorako bi agerraldi ere baditu, artean ene saria irabazi duen Garbine Ubedaren «bihotz taupadatsu» baten gisan, non eta Itxaro Bordaren poesia liburuaz ari.

Gero esfortzu handirik gabe ediren dut «eta ez nuen abesten ez zelako hiltzeko era bat» Sefaris-enean, Maite de las Heras-en itzulpenean. Poesiatik kanpora non dagoke moldezko, non Miranderen haren ezpain moldegaitzak, non aldez edo moldez, non Kardaberatzen moldezia?

Modumolde baino jatorragoa ote? Zergatik? -u trixte horregatik? Gure molde ez dakit xuxen nondik datorren: esanahia gurea ote den nago, ordea. Sukaldaritzatik ezagunago den gaztelaniazkoa katalan zaharretik omen (valentzieraz bizirik: pa de motle, kasu), eta ezustean lat. modulus-tik dator, modu-ren txikigarritik.

Mundua ez da beti jai / inoiz tristea ere bai, / baina badira mila motibo (eta hamaika molde) / kantatzeko alai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.