Blanca Urgell

Hago isilik!

2024ko ekainaren 19a
05:00
Entzun

Ezustean ezagutu dut orkidearen isiltasuna Billy Collisenean. Ametsaren isiltasun mintzakorra Christina Rosettirenean. Negar-malkoz beterikoa Lord Byronenean.

Maurice Rollinatek zioen isiltasunak arrosadi guztiak baino, nahiago duela basoko edozein zoko. Leku bakartietan bizi den isiltasuna oparitu dit Poek. J. A. Irazustak herri-koxkor bat izan balitz bezalako isiltasunaren metafora.

Maisterrek isiltasuna eta inor gabe egotea maitatu beharra aholkatuko lidake. Frai Juan Zumarragakoak, berriz, oro isilik gordetzea. Ez agerriz, isilik baizik, bi hitzok aurkez aurke jarri dizkit Leizarragak. Norbaiten isilik egiten ditugunez mintzatu zait Axular, eta isilik ezkontzen zirenez Kardaberatz.

Atzo txio batek gomendatu zidan gehien beldurtzen nauenaz idaztea. Gehiegi hitz egiteaz ala isilik egoteaz? Zertaz idatziko?

Adibidez, nire lagun gehienak gaurko feminismoan elkarren kontra diharduten bi alderdi nagusietatik zeinen urrun dauden, eta nola urrunagotu diren gatazka hori sortu zenetik. Edo Gasteizen, esate baterako, gazteak euskaratik ihesi dabiltzala hizkuntza abertzaletasunarekin edota zigorrarekin gehiegi lotzeagatik. Edo zenbat lagun euskaldun izateko hainbat modu daudela. Edo zeinen zaila den gaurko edozein ezkerri bozka ematea begiak estali gabe. Edo bozkatzea eskuin muturrari aurka egitea ez diren arrazoiengatik. Edo independentistak ulertzen dituzula esatea, baina euren artean bizi diren (obrazko zein pentsamenduzko) hiltzaileak ez. Edo...

Kuma No Motorrek ederki erantzun dit: «Dena pikutara doala / Lehen hobeki zela / Ezin dela ezer erran / Hago isilik! / Denaz, dena dakiala / Denak pitoak direla / Hago isilik!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.