Blanca Urgell

Gutun kutuna

2024ko irailaren 11
05:00
Entzun

Hermann Berger (1926-2005) indologoa genuen, Indiako gaietan aditua, zehazki hizkuntzazkoetan. 1964tik, Mitxelenak Sobre el pasado de la lengua vasca (SPLV) kaleratu zuen urtetik, hain xuxen, Indologiako irakasle titularra izan zen Heidelbergeko Unibertsitateko Hego Asiako Institutuan.

Nazioartean halako sona bat kontu zehatz batek eman dio, bere liburua egun salgai ikusteak aditzera ematen duenez: buruxaskia landu izanak, alegia. Pakistan eta Kaxmir iparraldean mintzo den hizkuntza hori euskara bezain isolatua da eta, horregatik beste gabe, izan dira euskararekin ahaidetu nahi izan dutenak, betiko emaitza kaxkarrekin.

Mitxelenak SPLVn bi aldiz aipatzen du Berger. Aurrena, ahaidetasun horren aldekoa zelako; azkena, gutun eta kutun-en etimologia argitzeagatik.

Lehenengoagatik ez diogu Euskal Herriko Domina emango, baina bigarrenagatik agian bai. Izan ere, oraino ez da arabieratiko mailegu zuzen askorik proposatu, menturaz lan faltagatik: aitzitik, badirudi denak-edo lehenago erromantzeren batetik igaroak direla. Bi salbuespen: Mitxelenak proposatutako arra(a) ‘zehea’ eta Bergerrek berari ahoz adierazitakoa.

Gutun arabierazko kitāb ‘idazkia, agiria, liburua’ hitzaren kutub pluraletik hartua dateke, bada. Semantikak artean bere bidea egin du euskaran: idazten ditugun/genituen gutunak, batetik, kutunean sartu ohi diren/ziren idazkiak, bestetik, eta ‘bularrean eramaten den zorrotxoa, barnean gauza bedeinkaturen bat edo idatziren bat duena’ adieratik ‘guztiz maitea edo begikoa’ adierara (Euskaltzaindia) jauzi, azkenik.

Hotsen aldetik ere polita: -b bukaera ahoskaezina zenez, -n-z ordezkatu zuten ordukoek, gaztelaniaz alacrán arabierazko aqrab-etik hartu eta egin zen bezalaxe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.