Blanca Urgell

Ezpata eta luma

2024ko ekainaren 26a
05:00
Entzun

Ezagun da lehenagoko euskaldunek ezin zituztela pluma, libro eta abarrak beren horretan ahoskatu eta, horregatik, batzuetan bokala tartekatu (liburu), bestetan kontsonante bietako bat kimatu zutela (luma) latin-erromantzeetatiko maileguetan. Gaur denetara ohitu dira mingainak, baina hori berri-berria da: Axularrek latinez ikasiko zuen gratia ahoskatzen, baina euskaraz garazia zioen. Hortaz, milurteko batetik gora dugu luma noiz ikasi genuen erabakitzeko.

Edonola ere, hitz gutxik dute horrek bezain agerpen goiztiarrik, Ozaetako jaun gazteak oinakluma zituela baitio Arrasatekoerreketa baladak (XV. mn.), euskara arkaikoko metafora ederrenetako batean.

Leizarragak tintaz eta hegatsez eskribatzen zuen (1571); XVI-XVII. mendeko idazleek, ordea, bigarrenez mailegaturik eta pl ahoskagaitz hori idatziz behintzat gorderik, plumaz egiten zuten, Tartas zuberotarrak objektu horri ere luma esatea erabaki arte (gutxietsitako idazlea, inondik ere).

Esango nuke ezpatatik lumara errazago igaro direla gureak, izan Lope Gartzia Salazar, izan Ignazio Loiolakoa, izan Yoyes Gonzalez Katarain ahaztezina.

Bingen Zupiria EITBko zuzendaria zenean ezagutu nuen bertatik bertara, eta berarekin hiruzpalau aldiz hitz egin dut, azkenetan Kultura sailburua zelarik. Tratu oneko gizona, hemendik aurrera faltan izango ditut kontzertuak eta antzerkiak ikusi ondoko beraren txioak.

Nik ez dut ezpata eskuan ikusten. Ikasketez eta lanbidez kazetaria denez, Jaurlaritzako komunikazio arduraduna Ardanza lehendakariarekin, baliteke Barne Sailaren irudia hobetzeko ardura izatea. Horregatik balitz, Osakidetzan ere beharrezkoa litzateke, Alberto Martínez Ruiz Osasun sailburuak anestesiatuko ez bagintu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.