Goizalde Landabaso

Denbora

2024ko irailaren 3a
05:00
Entzun

Ez naiz Vesna Vulovic, baina udaberriaren lehenengo egunean Anarik Bilbon kontzertua eman behar zuenean, jausi eta eskumuturra apurtu nuen. Osatze bidean bizitza pasatu da. Hainbestetan desiratu eta, azkenik, Euskal Herrian aurora borealak agertu ziren paisaia arrosa ederrak utziz. Dagoeneko EAEko lehendakari berria daukagu. Espainiako presidenteak bost egun hartu zituen hausnartzeko; eta Frantziako presidenteak, berriz, (geroago) galduko zituen hauteskundeetarako deia egin zuen hausnartzeko bost egun hartu barik. Ogi barik geratu nintzen Ibaizabaleko ertz bietan milioi bat pertsona batu zenean kopa bati men egiteko. Neandertalekiko lilura piztu zitzaidan dokumental bat ikusten, eta egun horretan Noam Chomsky hil zela ailegatu zitzaidan. Alegia, ez zela hil Noam Chomsky. Heriotza, ordea, heldu zitzaien: Françoise Hardy, Alice Munro, Kike Diaz de Rada, Alain Delon, Donald Sutherland eta Anouk Aimee-ri. Eta Alice Munroren alabaren afera etorri zen: latza, gero.

Perretxiko kiloa 60 eurotan ikusi nuen, baina dagoeneko berdin dio, laster boletusak agertuko direlako. Aditz berriak ikasi ditut, tartean: sorgortuta. Patxi Ezkiagaren sexu abusuetan poesia gutxi dago, zegoen eta egongo da. Donibane Lohizuneko hotel batean akabatu zuten emakume bat. Itsasoko ura 23 gradutan; euri asko eta asko. Liburuak irakurtzeko plazera berreskuratu dut eta Xabier Olarrak bikainki euskaratutako Carol Yoyce Oates-en Bortxaketa gomendatu dut han eta hemen. Asiar listor eta ezparak, demasekoak. Esku ordenagailua apurtu zait; sekulako marea biziak gozatu ditut abuztuan. Eta, estropezuka bada ere, honaino iritsi naiz, irailera.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.