Iñigo Aranbarri.

Apokalipsia

2024ko irailaren 15a
05:00
Entzun

Ezer ez dabil garaiotan. Hala esan dit aseguruko perituak, jario baten kariaz gurera etorri eta etxe zaharretan halako franko ikusiko duela galdetu diodanean. Hutsa zaharretan soilik balitz, berrietan ere noiznahi direla arazoak. Material merkeak nagusitu omen dira eta, okerrago dena, taxurik gabe lan egiten duen jendez bete ei dira gremioak. Joan dela behargin finen sasoia. Ez da hor atertu solasa. Jakiak etengabe ari dira garestitzen. Bakanak dira ongi bazkaltzera sartu eta pozik irteteko moduko tokiak. Kafea ere, non ateratzen dizute ba bero gaur egun?

Hondamendia hemen da. Aski da edozein solasalditan katigatzea etsia sargoria bezalaxe itsasteko. Txinatarrek zanpatuko omen gaituzte hemendik laster. Ezin izango dugu lehiatu, akabo gure ongizatea. Kliman, berriz, urtean-urtean ari gara ikusten zer datorkigun, eguzkiak erretako begi-niniak eta itsasoan jitoan dabiltzan ontziak gure zapatak. Nazioartean, txikizioa nonahi, dagoeneko ezerekin beratzen ez diren bihotzak eta gerra nuklearraren beldurra atarian. Etxean ere ez gaude seguru, ordea. Albistegiak musulman eroz bete zaizkigu, laban eta zakil, inbasioa hemen da. Gu baino gehiago izango dira berandu baino lehen, gerra demografikoa ere galdua baitugu. Eta ez dago hondamenditik non gorde, ezta gure territorio libre bakarrean ere. Inon ezin nagusitu, erdararik gabe ezin ulertuzko hizkera, euskara badoa. Gure seme-alabak izango dira desagertzearen lekuko.

Leihotik behera jauzi egitekotan nagoela, deia aseguru-etxetik. Oraingoagatik barkatzen didatela, baina aldatzeko hoditeria eurekin segitzera, zeren asegururik gabe, ez dudala erraza izango munduan ibiltzea. Metafora lez ulertu diot.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.