maialen akizu 34 172x172

Zutik

2024ko irailaren 8a
05:00
Entzun

Lurrazalekoak gara, lurrapalekoak ere izan gaitezke orain. Liburutegiko apaletan historia-liburuak nola ipintzen dira albaka, tipulina, martorria… Estalpeko zutikako nekazaritzan. Eremu itxian kokatzen dituzte haziak, txukun-txukun, ez harago, ez honaxeago. Automatizatua da ureztatzea, argia, tenperatura, hezetasuna, CO2 kontzentrazioa. Uraren erabilera aurrezten da, ongarriena ere bai, ekoizpen egonkorragoak lortzen dira eta, halako zentroak hirietatik gertuago koka daitezkeenez, karbono aztarna murrizten da. Nik ez dut nekazaritza bertikal honen defentsarik egingo, kritikagarria da, eta beste ezeren soluzio bainoago, amonaren azken urteetako ezina arindu zezakeela pentsatu dut. Amonari baratzea gustatu, baina gerrietako min eta gorputz baldar, hori pena ezin jardutea. Zutikako baratzetxo bat etxeko eskailerapean balu, seguru nago goizero-goizero gortina hura irekiko lukeela esnatu bezain pronto. Etxeko konturen bat egin, eta berriz buelta; goiko tomateari hostoak zabaldu, perrexilari men egin, piperrari begiratu. Ardiak, umeak, etxe-aurrea zaintzen zituen modura, besaulkia hartu eta apalategi argiztatuaren aurrean imajinatu dut, ez harago, ez honaxeago. Baratzea zutik bazen, bera hain apalduta ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.