Maialen Akizu.

Lagunak bakarrik

2024ko uztailaren 3a
05:00
Entzun

Baditut euren bizitzaz oso gutxi dakidan lagunak. Apenas galdetu diedan ezer. Berez, euren bizitzako minutu oro jakitea gustatuko litzaidakeen; zertara jolasten ziren umetan, gustatzen al zitzaien galtzea, makilekin zomorroak tentatzea, eusten ote zioten zaurien zarakarra kentzeko tentazioari, sentitzen ote zuten beldurrik, galdu ote duten hori ere. Baina ez diet halakorik sekula galdetzen. Galdetzen diet nola pasatu zuten larunbata, zer moduz dagoen operatu berri duten aita hori, joatekoak al diren Iruñera sanferminetan, ederra litzatekeela Iruñera sanferminetan elkarrekin joatea. Esaten da lagunek, benetako lagunek, gutaz guk geuk baino gehiago dakitela, baina ez dakit hala den. Benetako deitzen zaien gauzak, normalean, ez dira existitzen. Nire lagun gertukoenek ez dakite zein usain zuen gure amonaren sukaldeak; dakitena da, nik baino lehenago eta hobeto, zer gertatuko zaidan igerilekura joatean.

Atzo kuadrillako bazkaria genuen eta Iratiri galdetu genion ea zer moduz zebilen L.rekin; aurrekoan ere batera joan zirela etxera, denboratxoa zebiltzala horrela, eta kontatzeko, kontatzeko. Iratik esan zigun, besterik gabe, «lagunak bakarrik zirela»; lagunak bakarrik izatea gutxi balitz bezala.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.