Maialen Akizu.

Kolapsoa

2024ko uztailaren 5a
05:00
Entzun

Herenegun arratsaldean ni ere N-1 errepidean nintzen enborrak zeramatzan kamioi batek karga galdu zuenean. Irunerako noranzkoan istripua baino lehenago ibili nintzen, ohiko eran; Alegiako kurbetan kontu, Irura parean aisa, eta Andoaingo radarrean balazta. Eguna argi, lainorik ez, zeruak Andoni EgaƱak aipatutako abuzturdin kolorea. Bueltarako autoan sartu nintzenean irratiak eman zuen istripuaren berri: Andoain parean, zauriturik ez, trafikoa mantso, eta zazpi kilometroko auto ilarak. Kontrako noranzkoan abiatu nintzen ni. Karga erori zitzaion kamioia gurutzatu nuen, enbor, ertzain eta abarrak, eta gurutzatu nuen Renault urdin batean hasperenka zihoan ile-zuria, garbitu berri zegoela zirudien Audi gris bat, bi haur atzean zituen auto luzanga. Haurrekin halako egoera batean egotea ez dela xamurra izango pentsatu nuen, eta zer ataskoan ordu luzez gelditzea tokatzen bazaio zaintza behar handiak dituen bati, itxaron ezin duen norbaiti, zauritu bati, erditzear denari, klaustrofobia duenari, eskizofrenikoari. Lagun talde bat furgoneta batean kantuan ere gurutzatu nuen, auto hibrido bateko alkandoraduna, eta elkarri musuka ari zen bikotea. Errepidea bizitzaren metafora posible bat da eta kolapsoak denok berdintzen gaitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.