Maialen Akizu.

Etxepean

2024ko ekainaren 25a
05:00
Entzun

Eguneko lehen kafea zerbitzatzean ohikoa ez den murmurio bat sumatu dut leihoaren beste aldean. Pertsiana erdizka zabaldu dut, soa libre eta gorputza gotortua izateko, eta etxepeko okindegian bikote bat ikusi dut. Parez pare daude eta elkarren artean, gutxienez, bada metro bateko tartea. Bat ari da hizketan, eta besteari kosta egiten zaio begirada zuzen mantentzen. Ni baino gazteagoak dira, ez ditut ezagutzen, baina ezaguna egin zait eszena. Leihoaren alde honetatik beste ezeri bainoago begiratu nahi diot gertatzen ari denari, baina inor begira izatea ez dela gustagarri, inor begira ez dugula sinesten dela batzuetan, eta niri begira ere ariko zela norbait pentsatuta, ordenagailu aurrean eseri naiz. Interneteko leihoak irekita ditut; nik, ordea, sukaldekoa nahi. Neure burua engainatu dut komunera joan behar nuela esanez, eta berriz zabaldu dut behatxuloa. Hortxe jarraitzen dute. Begirada mantentzea kostatzen zaionak txaketa janzterakoan pauso bat eman du aurrera, eta lanerako pausajez doan andrea agurtu du leporik okertu gabe. Korrika egitetik datorrenak erritmoa mantsotu du bikotea gurutzatzerakoan. Eurek parez pare jarraitzen dute, ez kafe, ez hotz, ez ordu, gaua goizeraino ekarri eta berarekin zer egin ez dakitela, gustura.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.