Maialen Akizu.

Eskumuturra

2024ko ekainaren 19a
05:00
Entzun

Garrantzirik gabeko operazioa omen zen, hala esan zion medikuak, eta konprenitu zuen ez zela hilko. Eskuineko eskumuturra mindu egiten zitzaion, nekatu eta txingurritu, eta operatzeak emaitza onak zituen oro har. Sinplea zen kontua: nerbio ertaina eta hatzen tendoiak tunel karpiano izeneko hodi batetik igarotzen dira. Tunela estua da, eta edozein puztuk nerbioa konprimatu eta mina eragin dezake. Tunelaren goiko ehuna ebaki, azala ireki, eta nerbio eta tendoientzako lekua egitean zetzan operazioa. 

Buruaz baietz egin zuen. Gutxi egindako arrautza zabaltzeko behar den tentuarekin irudikatu zuen zirujaua: halakoetan labanarekin ebaki perfektua egin behar da, sardexkarekin ireki behar da zuringoa, eta behin hori eginda, nahi duzuna egin dezakezu gorringo likidotuarekin. 

Eskumuturrari erreparatu zion, eta hortxe, zainen atzealdean, konkor bat sentitu, bero-bero, bizi-bizi, eta konturatu, txingurritua ez zela moko baten kilima baino. Operazioarena pentsatuko zuela esan zion medikuari, garrantzirik ez bazuen nahiago zuela lasai hartu. Etxera bidean, ahosabaia gur-gur, barrua txio-txio, dendara sartu zen oloa eta artoa erostera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.