andoni egana

Zaharregia?

2024ko uztailaren 5a
05:00
Entzun

Ordutegi jakin bat eskatzen ez duten lanetarako gauzalea nintzen oso. Iluntzean argitzen nintzen, eta orduan ekiten nion lanari. Gerora, ez dakit noiz eta nola, erabat aldatu nuen joera. Gaur egun, ordutegi jakin bat eskatzen ez duten lanetarako goiza dut maite. Argitzearekin argitzen naiz. Adin kontua izan daiteke...

Ameriketako Estatu Batuen presidentetzarako kanpainan Joe Biden hautagaiak eman du zeresanik. Presidentetzari eutsi nahian Donald Trumpekin egindako debateetan kamuts azaldu da oso. Argudiaketan doi-doi, hizkeran totel, esaldiak baldar amaituz... —«Gure aitonak anakolutoak egiten ditu» oso izenburu iradokitzailea iruditzen zait ipuin baterako—. Garai bateko sua, ilinti. Bere aldekoak ere tokia beste norbaiti utzi beharko liokeela esaten hasi dira. Aurkariek, berriz, iseka egiten diote, zaharregia dela eta txotxatzen hasia dagoela. Bere ingurukoak jabetu dira Bidenen hutsuneez eta ekitaldiak goizeko hamarretatik arratsaldeko laurak bitartean jartzen saiatu dira. Eta horixe da irtenbiderik traketsena nire moduko goiz-goiz edo gau-gau zaleentzat.

Zaharregia da Biden? Ez dakit. Datu bat, soila, balorazio erantsirik gabea: Francisco Franco diktadorea 82 urterekin hil zen azaroaren 20 batez. Azaroaren 20an beteko ditu Bidenek 82.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.