andoni egana

Saltzen, saltzen...

2024ko maiatzaren 1a
05:00
Entzun

Elizan entzuten zen «ni ez naiz nor zure etxean sartzeko…» hura ez zuten nonbait guztiz barneratu. Amorrarazi egiten nau etxeko telefonoa hartu, eta telefonia konpainiaren bat edo aseguru-etxeren bat edo dena delakoa dela deika ari dena frogatzeak. Zer daki hark zu lan-dei garrantzitsu baten zain zauden, albisteak espero dituzun erietxetik ala zuretzat atseden ordu diren berak eten dituen horiek? Ez daki eta ez zatzaizkio axola. Saldu egin nahi du. Irabazi, lehenez gainera. Euskaraz erantzuten badiozu, askotan eskegiko du hizketan hasi aurretik. Eta pelma da. Gaur, bihar, etzi… deituko dizu gupidarik gabe.

Kaleko saltzailea ez da inoren etxean sartzen. Kafetegi bateko terrazan zaudela hurbilduko zaizu. Eta ez da pelma izaten. Bigarren ezezkoarekin etsi egingo du. Euskaraz erantzuten badiozu, euskaraz egingo dizu dakientxoa. Eta, halere, atzo berripaper honetan Boubacar Diouf senegaldarrak zioenez, gero eta bortitzago jazartzen diete askotariko poliziek. Joandaneko bederatzi urteetan ez bezala, azken boladan zakurrekin etortzen omen zaizkie.

Zakurrak, inora bidaltzekotan, baimenik gabe etxeetan sartzen diren konpainia handi horien zentralitetara bidali behar lituzkete. Eta han, nagusia estutu hormaren kontra…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.