andoni egana

Pottokoa

2024ko ekainaren 21a
05:00
Entzun

Futbola gustuko dut baina ez naiz Eurokopa, Amerika Kopa, Munduko Kopa... eta horrelakoen zalea. Ez naiz fio jokalarien oporraldian jokatzen den zerbaitez. Frantziako Tourra azaro-abenduan egitearen parekoa iruditzen zait. Urtean zehar fin jokatu duenak ezin du punttu-punttuan egon opor garaian...

Halere, begi-zeharka baino ez bada ere, begiratzen diot gertatzen ari denari. Eta orain arte, Kilian Mbaperen adierazpen politikoez gain —bejondeiola ausardiarengatik!—, Martin Adam jokalari hungariarrarekin gertatu denak harritu nau. Lehen partidako kondar-minutuetan agertu zen zelaian Martin. Eta sare sozialak memez bete ziren. Handia eta betea delako, ez delako egungo jokalarien gorpuzkerakoa, hainbat txiste eta iseka jasan ditu. Bere burua zuritzera irten behar izan du: «Horrelakoa naiz ni. Sasoi onean nago, baina gorpuzkera hau dut. Genetikoa da. Ume-umetatik naiz horrelakoa. Tira... orduan txikiago nintzen, hori bai».

Azken zertzelada horretan umore gehiago dago memegile memeloen ateraldi ustez pindartsuetan baino. Gainera, hauek nekez jakingo dute Ferenc Puskas ere hungariarra zela. Eta Real Madril mesfidati agertu zela duela hirurogei urte hura fitxatzerakoan, pottoko hutsa zelako. Gerora, historiako golegile handienetakoa bihurtu zen...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.