andoni egana

Hilerrian

2024ko irailaren 11
05:00
Entzun

Lagunartean gaia atera zen batean, umore beltzarentzat garai onak zirela hauek bota zuen batek. Sentiberatasun handieneko hildakoa ere ez dela inoiz kexatuko txiste edo ateraldi mingarri batengatik. Erne ibiltzeko erantzun zion beste batek, hildakoek ere badituztela senide eta lagunak, eta litekeena dela, etorkizunean, Zurekin bat izeneko elkarteren bat sortzea, hildakoentzat bakea eta atsedena aldarrikatuko dituena.

Umore iturri ederra iruditu izan zait beti hilarrietako esaldiena. Norenean zer jarriko nukeen askotan aritu izan naiz pentsatzen. Laburra behar du. Adierazkorra. Irribarre bat ostuko duena, ahal bada...

Hilerriak ez dira, ordea, umore iturri soil. Ezagutza iturri ere izan daitezke. Atzo, egunkari honen azken orrian, Enekoitz Telleria Sarriegik Marta Extramiana idazleari egindako elkarrizketa ageri zen. Gasteizko Santa Isabel hilerriko bisita gidatuen arduraduna da Marta. Bere azalpenak irakurri nituen, eta zinez diot, nekroturismoak irabazi duela beste zale bat. Harri soilei so baino gehiago gozatuko nuke hilarriei begira. Eta ikasi ere bai, pauso askorik egin gabe ibilaldi luzeak egin baitaitezke hilerri batean. Jakintza pilatu handia dago han metro karratu gutxian. Badago zer kontatu ugari. Gainera, Sorioneku-ren kasuan bezala, argiak bestelako xarma bat du lurpetik datorrenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.