martxelo otamendi

Le Pen saihestu nahiz

2024ko ekainaren 12a
05:00
Entzun

Ondo arakatu beharko lirateke hemerotekak jakiteko azken hamarkadotan egon ote den horrenbeste ondorio sortu duen Europako hauteskunderik. Frantziako lehendakari Emmanuel Macronek Asanblea desegin du, Espainiako Gobernuko lehendakariordeetako batek —Yolanda Diaz Sumarrekoak— utzi egin du alderdian zeukan goi kargua, Belgikako lehen ministroak kargua utzi du... eta hurrengo hilabeteetan etorriko direnak.

Asko insistitzen digute esanez Europako hauteskundeak autonomoak direla, berezkoak, beren kode propioak dauzkatela, eta estatu barruko lehiek ez dituztela baldintzatzen. Inoiz hala izan bada, ez du ematen azkenaldian horrela denik. Gero eta herrialde gehiagotan hartzen baitute bertako hauteskundeen jitea. Hauteskunderik gabeko tarte batean egokitzen badira, tokiko gobernua abiatu zenetik haren jarduna aztertzeko asmoarekin irakurtzen dira emaitzak; eta hauteskunde nagusiak hurre badaude, aurretiazkoen balioa hartzen dute.

Euskal Herria Baik ez zuen parte hartu igandeko hauteskundeetan; ez zuen zerrendarik aurkeztu, eta ez zuen koaliziorik osatu antzeko kezkak dauzkaten alderdiekin. Baina Ipar Euskal Herriko abertzaleek ez daukate asmorik geldirik geratzeko ekainean eta uztailean egingo diren hauteskunde legegileetan, eta argi utzi dute Le Penen Batasun Nazionalari aurre egingo dion ezkerreko fronte zabalean parte hartzeko asmoa.

Arretaz segitu beharko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.