EHUko Zuzenbide irakaslea

Urtebete oroimenik gabe

2024ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun

Antonio Scurati idazlea RAI Italiako telebista kate publikoan zentsuratua izan da. Izan ere, Italia faxismotik askatu zen urteurrenean galdera bat luzatzen saiatu zen herrialdeko lehen ministroari: zer dela-eta ez duen faxismoaren aurkako indarrek egindako ekarpena eta sakrifizioa aipatzen. Galdera sinplea, eta erantzuna sinpleagoa: gaia eta eztabaida ez da interesatzen; beraz, ezabatua. Garai moderno hauen erakusgarria. Telesailetan —inor gutxik ulertuta— Bella ciao abestia bozgorailuetatik etengabe ari dela, gure jendartean proposamen kosmetikoek zuzenduko dutenik ez dago. «Elurretan etzan nahiko nuke!».

Gurean, frankismoa eta bere ondorio guztiak, trantsiziotik ainguratuta geratu zirenak, kritikoki sikiera aztertzeko gai ez direnak, haren aurkako euskal borroka antifaxista guztia lokazten saiatu dira, nahiz eta inondik eusterik ez dagoen planteamenduari. Zalantzarik ez dezala eduki irakurleak, denborak bere lekuan jarriko du bakoitza. Horrez gain, batzuek aldarrikatzen dute biktima batzuk ez direla existitzen, hain justu, interesatzen ez zaizkien biktimak. «Zerura begira etzan!».

Izan ere, badakite historia irabazleak kontatu behar duela eta horretan ezin dela inongo akatsik egin, ezta zentimetro batekoa ere. Horregatik, biktima batzuk ukatzen dituzten horiek ez dira sexurik gabeko zeruko aingeruak, alderantziz, diruari jarraituz erraza da nondik hauspotutako indarrak diren jakitea. «Izotzezko aztarnak!».

Eskema horrekin, jabetu beharko genuke, gure inguruan, gure memoria ezabatzen saiatu direneko urteurrena dela. Urte bete pasatu da, hainbat udalek Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean zituzten memoria-webguneak presio mediatiko eta politikoaren eraginez itxi zituztenetik, eta itxita jarraitzen dute. «Gure mapa zein zen ikusteko esperoan!».

Ematen duenez, batzuen ustez, biktima batzuek soilik merezi dute memoria; besteek giza eskubideen urraketak jasan bazituzten, haien errua da, gaiztoak zirelako eta asmo txarrak zituztelako edo inguruan zebiltzalako. Izan ere, justua da, eta Estatuak beharrezkoa egin behar du —diktadura edo demokrazia izan— batzuei hankak geratzeko. «Izoztu daitezen».

Ez da arazo estetiko bat, sentsibilitate gai bat; hori balitz, erraza litzateke irtenbidea. Ez da nahikoa kontestua azaltzea. Tesia argia da: giza eskubide urraketak batzuek bakarrik jasan dituzte, frankismoan gertatuak barne. Eta iritsi dira defendatzera horiek soilik merezi dutela zerrendatuak izatea. «Utzitako siluetan!».

Ikusi dadila soilik ikusi beharrekoa, eta plaza publikoan soilik egon daitezela biktima batzuk. Ahaztu ditzagun proposamen integratzaileak, Eusko Legebiltzarraren proposamena adibidez: «Motibazio politikoko indarkeria testuinguruan giza eskubideen urraketak eta beste sufrimendu bidegabe batzuk jasan zituzten» biktima guztiak aitortzeko mekanismoak sortu behar direla zioena. «Inoiz izan ginen gizaki arrotzei galderak egiteko!».

Ez dute lekurik udaletatik bultzatutako bizikidetza mahaiek edota biktima guztiak inolako bazterketarik gabe identifikatzeko lanek. Beraz, ez dute lekurik Mikel Zabalzak, Esteban Muruetagoienak edota Kriminologiaren Euskal Institutuak dokumentatutako milaka torturatuek. Horientzat, erreparaziorik ez, eta justiziarik ere ez, are gutxiago, ezta egiarik ere; soilik, «isiltasun txuria!».

Guztien egia jasotzeko, alderdikeria alde batera utzita, ezinbestekoak dira udaletako oroimen lanak eta txostenak, herritarren aniztasunetik osatuta, kontakizun integratzaile baten bermeak direlako. Bizikidetzan aurrerapausoak ematea beharrezkoa dela antzeman da azken hauteskundeetan ere, jarrera tinkoagoak eskatu dira; horretarako pauso bat eman dezagun biktima guztien egia jasotzeko, modu egokian azaltzeko eta denontzat justizia aldarrikatzeko. «Gure zaurien koordenadak azalera daitezen!».

Horregatik, oroimena itzalita urtebete daramagun honetan, zentzua eta arrazoia gailentzeko esperantza ez dugu galtzen. Ez baitago beste biderik: giza eskubideen urraketa guztiak izan behar ditugu kontuan, bakar bat bera ere ahazten badugu guztiok atzean geratuko baikara. «Bihurtu dadila kristalezko gure oroimena!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.